Memoria selektiboak
«Kontakizunek ez dute iraganarekin zerikusirik, orainarekin baizik, eta, bereziki, egiteke dagoenarekin». Horixe izan zitekeen idatzi honen, artikulu honen izenburua, baina idatzi dudana, zalantzaz zalantza, garaile irten zait nire duda-muda saioan. Hipokresiak badu zerikusirik: lastotxoa hurkoaren begitan, nirea garden. Bi begirada. Hipokresiak eta zinismoaz josiaz. Bi betaurreko ezberdinak, kontrajarriak. Jarrera bera: tranpa.
Lerro hauen bidez zinismo eta hipokresia hauek salatu nahiko nituzke, batzuena eta besteena. Memoria historikoak jokoan. Guztiz beharrezkoa iruditzen zait Frankismoaren memoria historikoa, bere errepresio hiltzaile politiko gupidagabe eta bortitzaren memoria eta, baita ere, izandako ETAren memoria historikoa, bere jarduera odoltsu, sektario eta terrorista begi bistan jartzea. Frankismoa begitan eta ETA begitan. Batzuen eta besteena begitan. Bi jarraitzaile multzoen eta moten begietan.
Frankismoari dagokionez, deigarria egiten zait «alzheimer selektiboa», bai, frankismoari buruzko «amnesia kolektiboa» defendatzen duten baina «ETAren mamua» elikatzen duten horietakoa nahiz eta erakunde terrorista zorionez aspaldi desegin dela jakin, baina oraintxe bertan bizirik balitz bezala argudiatu mezu guztiak. Franko hil zen, desagertu, ETA ez bizirik dirau. Zinismoa. Lastotxoa hurkoaren begitan, ez norberean. Alde batetik, askok, errebantxista ez den Giza Eskubideetan oinarritutako memoria historikoa defendatzen dugun bitartean, Frankismoak zer esan nahi izan zuena eta biktimak duintzen dituen ikuspegi demokratikoan eta bizikidetzan azaltzen duen asmoz, Frankismoari buruzko Memoria Historikoaren aurkakoek diote diktadura militarraren 40 urteak eta haien errepresio basatia gogoratzea zauri zaharrak irekitzea dela. Eta horrela ez dute zalantzarik, halaxe diote: «gerra-zibilismoa» dela diktaduraren sinboloak mantentzearen kritikak edo frankistek eraildako ehunka pertsonaren gorpuzkiak errepide askotako bide bazterretatik ateratzen saiatzea. Franco hila da. Aspaldi hil zen. Zertarako gogoratu. Frankismoaren memoriari ez, amnesia, baina aldi berea desagertutako ETA erabili, inola ardurarik gabe. Amnesia selektiboa. Aurrera begiratu behar. Ez atzera. Atzekoa atzean. Biharko eguna jokoan. Zinismoa. Bestearena bai, nirea ez.
Eta beste aldetik, beste batzuek profil ideologiko oso desberdina eta kontrakoa dutenek, beste ideologi eta politikoki muturrekoak hain zuzen beraz, ETA aldaretan izan eta beharrezkoa izan zela aldarrikatzen zutenek «alzheimer selektibo» antzekoa erabiltzen dute. Iragana, atzean geratzen da, aurrera begiratu behar, ez atzera, gertatutakoak ez du erremediorik. Zilbor este odoltsua moztu ezinik dabiltzanek. Eta honoko hauek, Frankismoari buruzko memoria historikoaren berrikuspena defendatzen dute, belaunaldi gazteek ahaztu ez dezaten eta beren biktimek errekonozimendu duina izan dezaten. Frankismoa ez dezaten ahaztu baina ETAren historia odoltsuari buruzko orrialdea pasa dezaten. Liburuaren orri hori pasa dezaten orria irakurri gabe, ezkutuan beraz. Pasa eta ahaztu dezaten ETA tamalgarria eta borroka armatuaren eta sufrimendu hura.
Baina diot, memoria(K) berreskuratzeak ez duela errebantxismoa esan nahi, Giza Eskubideetan oinarritutako bizikidetzarako memoria finkatzea baizik. Ez ditzagun ahaztu Frankismoaren garaiak, ezta ETArenak. Biak, zorionez, desagertuak izanik ez ditzagun ahaztu eta ez zinikoki erabili. Ez gaitezen hipokresia tamalgarrian erori. Franko hil zen, ez bere memoria. ETA desagertu zen, ez bere memoria. Biak desagertu dira, ez beraien memoria. Tranparik ez. Amnesiarik ez. Bat erabili eta bestea ez, bestea bai eta nirea ez historiari tranpa egitea da. Pentsatzen dut nire ondorengoak, nire lau bilobek, hurrengo belaunaldiek eskubide osoa dutela memoria inork ez diezaien era tranpatian ezkutatu. Kuraia. Izan ere, Memoriarik gabe ez dago sendabiderik. Gaizki egindakoak onartzeak gizakiago egiten gaitu, ez ahulago, indartsuagoak baizik. Horixe da nire ustea.