Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Mendekotasunaren kostua

Bertako gizarte, politika eta ekonomiaren ezaugarrietatik eratortzen diren gaitasunak erakusteko marko subiranoa bagenu, nago erreferentziak eta ardatzak aldatuko genituela, hegoaldera baino iparraldera norabidetuz

Sarri ezarri ohi da identitate zeinua edo kausalitate mekanikoa subiranotasunaren eta ongizatearen artean, independentzia eta gizarte justuagoaren artean. Pedagogikoak ez diren fede hautuetatik ihes egin nahi bada, ekuazioan hirugarren elementu bat txertatzea komeni da. Erabaki ahalmen edo eskuduntza gehiago izatean, zerk ziurtatzen du gizarte eredu aurrerakoiagoa eraikiko dela eta ez, adibidez, eredu neoliberalagoa? Erantzunean datza hirugarren elementua. Galdera hori zientzia sozialen eskutik erantzun daiteke norabide aurrerakoia bultzatuko lituzketen faktoreak antzemanez. Enpirikoagoa da, bestalde, gaurko mendekotasun harremanak aztertu eta gure gizartearen ezaugarriekin kontrastatzea.

Krisi ekonomiko honek aukera paregabea eskaintzen digu Estatu espainolaren parte izatearen eragina aztertzeko. Mendekotasunaren kostua, ariketa honetan. Egin dezagun, bada, azken urteotan Estatuaren erabakien balantze azkarra. Lau esparrutara mugatuko gara: lan-merkatua, ongizate estatua, finantza sistema, eta zergak eta aurrekontu politika.

Baga: Lan merkatua arautzeko eskuduntzarik ez dute euskal lurraldeek. Espainiako Parlamentuak onarturiko azken bi erreformek, 2010 eta 2012koak, kaleratzea erraztu eta merkatu, soldatak jaitsi, negoziazio kolektiboa zentralizatu eta enpresarien aldeari ahalmen handiago ematea zuten helburu. Eragina bi eremutan pairatzen ari gara: negoziazio kolektiboan eta soldatetan.

Lan-hitzarmen mota nagusia probintziako sektoriala izan da. Hemengoetan lan baldintza hobeak lortzen dira Estatu mailako hitzarmenetan baino. Lan erreformak hitzarmenen luzapen automatikoa mugatu duenez, enpresariek nahikoa dute probintziako negoziaketari muzin egin eta Estatuko mailakoa automatikoki indarrean ezarriko den arte itxarotearekin. Krisi aurretik soldatapeko ia guztiek hitzarmen baten babesa zuten. Gaur, ordea, ez. Duela bi urte Nafarroa Garaian 58.455 langile hitzarmen babesik gabe zeuden. EAEn aurten 110.000 langilek ez dute babesik. Deboraren poderioz negoziatzen ez bada estatu hitzarmena ezarriko zaie, soldata eta lan baldintzak okerragoekin.

Paraleloan, estatu hitzarmen berri ugaritan, azpiko mailan hitzarmenak negoziatzea debekatu dute. Erreformak ahalbidetzen du eta Estatu mailako sindikatu eta patronalak baliatzen dute. Negoziaketa kolektiboaren zentralizazioak bi efektu ditu: euskal sindikalgintza jokoz kanpo uztea, eta, hemengo indar korrelazioaren eragin ezagatik, lan baldintzak larriki okertzea. Sektore berdineko Estatu eta probintzia hitzarmenetako soldatak alderatzea besterik ez dago. Bitartean Estatu mailako hitzarmenak ugaritzen ari dira. Hego Euskal Herrian 2012an 240.969 soldatapeko zeuden estatu hitzarmenen itzalean. Iaz 298.521.

Soldatetan antzematen da eragina, batez ere apalenetan. Krisi garaian adostutako soldata igoerek behera egin dute. Estatu hitzarmenetan are txikiagoak dira. Langile kopuru berdina goitik eta behetik uzten duen soldatak, medianak alegia, %8,65 egin du behera Nafarroa Garaian eta, %3,62 EAEn. Soldatapekoen %10 pobreenak 2011n 8.951 euro azpitik irabazten zuen Nafarroan. Bi urte beranduago 8.115 eurotik behera, %9,34 gutxiago. Emakumeen artean, %18,15 gutxiago.

Biga: Babes sozialeko kapitulu nagusiak (pentsioak, langabezi prestazioak, lanerako ezintasunaren babesa…) Estatuko erakundeek arautzen dituzte. Gastu publiko osoaren ia %40 suposatzen dute. Estatuko erakundeek krisiaren garaian babes soziala murriztu egin dute hainbat arlotan 2011ko eta 2013ko erreformen bitartez. Pentsioei dagokienez, erretreta 67ko adinera atzeratzen ari da, pentsioa kalkulatzeko kotizazioen epea 15 urtetik 25era luzatzen, eta pentsio osoa lortu ahal izateko kotizatu beharreko epea 35 urtetik 37ra. Aldaketon eta beste batzuen ondorioz, datozen urteetan pentsioak %35 murriztuko direla uste du Ignacio Zubiri katedradunak.

Langabezi babesari dagokionez, 2013ko erreformaren ondorioz, seigarren hilabetetik aurrera eskuratu beharreko ehunekoa 60tik 50era igaro da. Langabezia prestazioa eta subsidioa jasotzeko baldintzak gogortu egin dira. 2012-2015 bitartean 632 milioi eurotan murriztu da babes hori. Azken datuen arabera 110.706 langabetuk ez du inolako langabezi laguntzarik jasotzen, guztien % 60.
Higa: Banku sistemaren berregituraketak gure eremuan aldaketa sakonak ekarri ditu. Nabarmenenak Nafarroako Kutxaren desagerpena eta Kutxabank-en kudeaketa 45 pertsonen esku pribatizatu izana. Estatu mailako berregituraketarako 53.553 milioi euro publiko erabili dira. Euskal banku sistemarekin erlazionaturiko operazio bakarra, Banca Civica-ren saneamendua izan zen. 977 milioi erabili ziren, baina ez CANen erruz. Honek ez zuen behar. Halere, CaixaBank-ek erosi zuenean 977 milioiak berreskuratu ziren. Dirutzaren zati handiena, aitzitik, ez da berreskuratuko. Esku pribatuetan geratu da. Azken kalkuluen arabera 49.876 milioitan haziko da zor publikoa. Amortizazio eta interesen % 7,84 Nafar Ekarpenaren eta Kupoaren bitartez ordaintzea egokituko zaigu, 3.910 milioi gutxienez alegia. Kalteak baino sortu ez dizkigun berregituraketa horri esker herritar bakoitzak 1.382 euro ordaindu beharko ditu, umeek barne.

Laga: Zergen arloan, arautze ahalmena zuzenetan soilik dugu, errenta, elkarte eta ondare zergetan nagusiki. Hala ere, mugatua. Sarrera publiko guztien ia herena suposatzen dute. Diru gehien biltzen duen zergan, BEZ alegia, Madrileko Erakundeek erabakitzen dute, norabide erregresiboan: BEZaren tipoak 18tik 21era eta 8tik 10era igoz.

Gastuaren aldetik, gure erakundeen autonomia mugatzen dituzten legeak ezarri dituzte: Aurrekontu Egonkortasunaren Legea kasu. Hego Euskal Herriko finantza publikoak dezente orekatuagoak daude Estatukoak baino. Udaletxeetako zorra Estatuko baxuenetakoa da. Autonomia Erkidegoen zorrari erreparatuta, EAErena barne produktu gordinaren % 15,6 da eta Nafarroako Foru Erkidegoarena % 20,5; Estatuko batez bestekoa % 24,9 denean. Euskal zor publiko osoaren pisua kalkulatuko bagenu, baita Nafar Ekarpenaren eta Kupoaren metodologiaren arabera legokigukeen Estatuko zorraren zatia gure gain hartuta ere, barne produktu gordinaren % 65,61 litzateke. Estatuarena % 101 da. Nahiz finantza egoera hobea izan eta zorpetzeko tartea izan, Administrazio Zentralak erakunde publiko guztien gastu politikak tutorizatu eta estutu ditu. Modu horretan, politika antiziklikoetarako tartea txikitu, soldata publikoak apaldu, murrizketak eta pribatizazioa eragin edo justifikatu, eta enplegu publikoa deuseztatu ditu. Bestalde, krisiaren zehar Estatuko Administrazio Zentralaren zorrak sortzen dituen interesak bikoiztu egin dira. Aurten 33.555 milioi euro. Horietarik % 7,84 guri ordaintzea dagokigu, hots, 2.631 milioi aurten, 930 euro buruko. Estatu Zentralaren zorra handitzen eta Estatuko aurrekontuetan interesak pisua hartzen doazen heinean (ikusi bezala neurri handi batean guri mesede egin ez diguten gastu eta inbertsioen ondorio dena), urtero Administrazio Zentralari gehiago ordaindu beharko diogu. Akaso Hitzarmenaren eta Kontzertuaren sistema bera ere arriskuan jarriz.

Puntu honetara iritsita, galdera honakoa da: eskuduntzak eta ahalmena izanez gero, euskal erakundeetan neurriok erabakiko genituzkeen? Batzuk agian, baina gehienak ez dut uste. Arrazoiak badaude pentsatzeko bestelakoak izango zirela hemengo politikak. Banku sistema saneatuagoa izan dugu. Finantza publiko orekatuagoak. Ehun produktibo industrialagoa. Berrikuntzan eta balio erantsi altuan lehiatzera bultzatzen duten kultura industriala eta negoziaketa kolektibo sendoa ditugu. Kultura eta baloreen sistemak ezarri dituen erreferentziazko estandarrak aurrerakoiagoak dira. Indar korrelazio politiko, sindikal eta sozialak ere aurrerakoiagoak dira. Horra bi ebidentzia: hemengo hitzarmenetan jasotzen diren soldata eta lan baldintzak hobeak eta pobreziaren aurkako babes sistema. Bertako gizarte, politika eta ekonomiaren ezaugarrietatik eratortzen diren gaitasunak erakusteko marko subiranoa bagenu, nago erreferentziak eta ardatzak aldatuko genituela, hegoaldera baino iparraldera norabidetuz.

Search