Gontzal Mendibil
Abeslaria

Merezi ote bakarrik egoteak?

Jose Luis Abalosen afera dakarkizuet platerera, egoera politikotik at, gizatiar egoera eta psikosoziala ere tartean dagoelarik. Zeinek duen pisu gehiago interpretazioen araberakoa delakoan nago.

«Bakarrik nago inoren sostengurik gabe» dio berak, eta «norbere alderdian» eta oposizioan ere gaitzetsia sentituz, baina bere burua erruduntzat hartzen ez duenez, ez du bere alderdiak eskatu diona egin; politika solas-lekutan eta tertuliakideetan, ardura politikoa duela aurpegiratzen diote, eta honetan datza eztabaida: norbanakoaren erantzukizunean edota alderdiarekikoan.

Iritziak iritzi, erantzukizun pertsonala edota giza erantzukizuna, ardura politikoen gainetik jartzen dut, zeren, halako gertaeretan, buruz-buruko portaera etikoa sartzen baita. Koherentzia pertsonalaz eta koheretzia politikoaz ari gara. Eta konbikzioak nahasten direnez, galderak barra-barra datozkigu eta zalantzak argitu beharreko bidean jartzen gara. Akusazio pertsonala datorkionean, norbere erabakiaren aurrean, alderdiarena jarri behar ote du ba? eta hau guzti hau, bere esanetan, errugabe sentitzen dela badio.

Zezenari adarretatik hartu eta erronka bere gain hartzen du, alderdikide gehienen kontra bada ere. Abalosek, bere irizpide propioak hartu eta diputatu akta utzi gabe, bakarrean jarraitzea erabaki du, agian geroan ere bakarrik jarraitzeko, baina hori geroak esango du. Isiltzea eta besteen eskuetan eta iritzietan jartzea, amore ematea delakoan eta politikoki hilobiratu nahi dutelakoan dago. Haren buruan sartzea ez da erreza baina bertan, azterketa sakona egiteko besteko kontakizuna dugulakoa nago.

Agian, Kafkaren metamorfosiaren nobelaren antzekoaren aurrean gaude, non norberarenganako edo taldearenganako ekarpena baloratu behar ote den. Abalosen kasua, Kafkarena bezalaxe, oraingoz, grabetzat hartzen diren ondorioak izango dituen gizakiaren konfrontazioaren alegorian sartu daiteke. Errugabetasuna frogatu beharko du eta Kafkaren nobelaren antzera, honen portaera, bere alderdi sozialistari ulergaitza egiten zaiona eta karramarroa legez baztertua utzi izango dutena.

Guztiak, bai «bereak» zein aurkariak, diren hori, beren alderdiei die zor eta ez du inoren gupidarik jasoko, beraz, nolanahi ere, erruduntzat hartuko dute. Egoerak estutasuna eta pasa beharreko zama dakarkie eta jakina, gatazka sortzen du. «Bereak» aldi batez eta gauzak argitu arte, dagoen lekutik urruntzea nahiago dute, eta aurkariak, gupida gabe korpus sozialistei erasotzeko eta sokatik tiratzeko, beraien taldean izan duten jazoera larriak ahaztuz, arrazoia ezin hobea aurkitu izan dute: «Bestearen begian edozein haga ikusi eta norberenean ezikusiarena eginez».

Eta gertaera politikoen miseria eta kaskarkeriaren aurrean eta egiaztatzen duten modu zikinen eta maltzurren aurrean, aurpegia emateak ondratzen du. Beraz, Abalosek eskarmentua du eta badaki non dagoen, jakitun da zalantzan jarriko dutela bai batzuek eta besteek. Arrisku guztien aurrean bakarrik dago. Pitxar handi baten jarriko duten karramarroaren antzera dugu, eta behin baino gehiagotan bere buruari galdetu beharko dio: «Merezi ote bakarrik egoteak, geroan ere bakarrik egoteko? Baina jakin badaki alderdiaren gerizpean edota besteen arrastrean baino, bakarrean errezago aireratu eta liberatuko dela.

Karramarroak, pitxar sakonetik ateratzeko, bakarrean badago, aukera gehiago du. Hala ere, koldarkeriagatik batez ere, besteen onespena aditzera ematea, gehienek egiten duten apostua da, eta halako erronkak bere aldekoen eta aurkarien kontra jarriz, norbere gain hartzeak, nire onespena eta begiramena dute, zeren, Abalosek argi dio errugabea dela. Denborak eta justiziaren erabakiak esango du gaur eskatzen duen ohorea egia den eta ontzat hartua izango den. Nobel saria jaso zuen Jazinto Benabentek bere "Intereses creados" liburuan, zera dio: «Akats batengatik batzuk minduta ateratzen dira, baina besteek bizitza galtzen dute».

Gardentasuna exijitzen da eta Abalosek erasoari aurre egiten dio. Badira bere errugabetasuna agertarazteko eta akusazioengatik babesteko bozgorailua dutenak, baina zenbat ote dira aukerarik ez dutenak?

Erabakia zaila eta nekeza hartu du, bakarrekikoa eta inoren babesik gabekoa. Oraingoz ez dauka berarengan gaineko akusaziorik. Bere ondoan eta agindupean hartu izan dituen eta guztion argitan dagoen gizakien jokabide gogaikarria du. Lagunarte eskasak aukeratzeak eta beraiengan fidatzeak ez dio leporatzen erruduna izatea, baina politikoki giro itogarria bizi beharko du, eta Kafkaren prozesuan bezalaxe, berak jakin gabeko delitua bada, justiziak erabaki beharko du afera honen jatorria eta izaera.

Search