Cecilio Rodrigo

«Morlans» liburu handia eta txikia

Xabier Mediguren Elizegik idatzi du. Ez dakit zelan idatzi duen. Nobelagile gisa? Kazetari gisa? Historialari gisa? Elkar argitaletxean plazaratu digu. 

Kontu jakina da Historia garaileek idazten dutela. Garaituek bakarrik irakur dezakete bestek idatzirikoa; ez, baina, irrakurraldian malko isil ugari isuri barik. 

Jakina denez, garaileentzat dira ohorea, kantua, dantza, ospakizuna eta ereinotzezko koroak. Garaituentzat afasia eta amnesia. 

Xabierrek gogora ekartzen digu Erromako Inperioan egiten zutena. «Damnatio memoriae» izeneko atalean, 88. orrialdean, honakoa: 

«Damnatio memoriae» deitzen da latinez, «Oroimenaren kondena» hitzez hitz, eta erromatarren garaiko zigor bat bat adierazten du. Senatuak norbait Erromaren etsaitzat joz gero, haren oroimen oro ezabatzen zen: irudiak, izkribuak, aipuak... Hura izan zenik ere gogoraraz zezakeen guztia, mundo honetan jaio ez balitz, guk edaten dugun iturrietan edan ez balu, gure kaleetan ibili ez balitz bezala». 

Zeinek idazten eta kontatzen du/digu orain Historia? Historialariek? Kazetariek? Nobelagileek? 

Zeinek argitaratzen, zeinek plazaratzen, zeinek kontatzen du gaur gure Historia? 

Noren eskuetan daude argitaletxeak? Egunkariak? Aldizkariak? Irratiak? Telebista kateak, noren eskuetan pulpitoak? 

Noren eskuetan daude gaur egun eskoletan eta unibertsitateetan irakurri beharreko testu liburuen argitaletxeak? 

«Damnatio memoriae» lege zahar hura, Erromako Inperioan zerabilten hura bera orain ere, gurean ere isilpean indarrean al dago? 

Liburuaren aurkezpena hilak 28an arratsaldeko 6.30etan izango da, Bira tabernan, eta, jarraian, 7.00etan eztabaida: «Posible ote da memoria historiko partekatu bat?» gaia jarrita. 

Zer esan nahi du partekatu aditzak? ¿Qué es compartir? ¿Penak, pozak eta iritziak jakinaraztea? Besteen iritziak, zurearen kontrakoak izanik ere, onartzea? Iritziak banatu al daitezke denon artean otarreko sagarrak lau lagunen artean erdibanatu daitezkeen moduan? Zer esan nahi du «partekatu aditzak? Ibon Sarasolaren “Hauta-lanerako euskal hiztegia”-n aurkitu dugu esaldi hau: «Atsekabea handi bada’re, hon’taz ez dago dudarik: jasaten errazagoa dela partekatua delarik».

Beharbada, eta hitz bakoitzaren esanahi desberdinak zehazte aldera, Erdi Aroan egiten zen bezala, «disputatio termini» delako saio bat egin beharko genuke ezertan hasi aurretik. 

Bada bestelako biderik. Persia zaharrean egiten zena: gai baten inguruko ezdabaida, lehenik eta behin ardo tantarik edan gabe egiten zuten eta jarraian, berriro ere, baina alaiki mozkorturik. Bi saiotan ezdabaidatutakoan ondorioztatzen baldin bazen erabaki bera, aurrera eramaten zen bi saiotan harturiko erabakia. Ez bazen akordiorik lortzen berriz ere hasten ziren bi saioak, lehen esan bezala, lehena, ardo tantarik edan barik eta bigarrena, alaiki horditurik. 

Zenbaitetan zenbaitentzat zaila omen zen akordioa lortzea, zaila suertatzen zitzaielako zenbaitzuri akorduan edukitzea lehen erabakitakoa. Zitekeena da prozedura horren ondorioz luzatu egiten zitzaizkiela egin beharreko lanak. «In vino veritas» esamoldea ohitura hartatik ote datorren ez dakit! Bira tabernan zelan egingo dugun ere ez dakit.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Search