Isidro Esnaola
GAUR8

Munduko Ekonomia Foroari kontrapuntua

Munduko Ekonomia Foroa bildu ohi da Suitzako Davos hirian urtarrileko data hauen inguruan. Aurtengo bilkurak momentuz ez du berri esanguratsurik eskaini, hainbat gonbidaturen curriculumeko gorabeherak aparte. Komunikabideek foroan nagusi den giro ona nabarmendu dute, bertan «baikortasuna arnasten» dela ere idatzi dute. Giroaz aparte, antza, ez dute aipatzeko moduko beste elementurik aurkitu.

Neurri batean logikoa da horrela izatea. Izan ere, eliteak biltzen direnean, garrantzitsuena ez da kanporatzen dena, barruan adosten dena baizik. Davoseko nazioarteko bilera ospatzen ari zela aprobetxatuz, Oxfam International nazioarteko konfederazioak txosten bat egin du publiko. Txostenaren titulua esanguratsua da oso: “Eliteentzako gobernatzea. Demokraziaren bahitzea eta berdintasun ekonomiko eza”. Txostena laburra bada ere, edukia oso interesgarria eta sakona da. Funtsean, adibide ezberdinak aztertuz, hainbat ondorio oso garrantzitsu ateratzen ditu txostenak. Batetik, aberastasuna gero eta elite txikiago baten kontzentratzen ari dela dio. Metaketa horren ondorioz, tentsio sozialak areagotzen ari direla eta sistema ekonomikoen bideragarritasuna kolokan jartzen ari dela ondorioztatzen du Oxfamek. Ondorioa guztiz logikoa da: herritarrek gero eta bizi baldintza zailagoak baldin badituzte, beraien lanaren fruituak gero eta urriagoak izango dira, eta, hori, noski, bizitzaren alor guztietan nabarituko da (garapen ekonomikoan, bizitza sozialean, hezkuntzan...).

Bilakaera horren oinarrian Oxfamek prozesu politikoen bidegabeko jabetzea kokatzen du, hau da, elite ekonomikoek euren aldeko legeak onar ditzaten botere publikoengan eragiten duten presioa. Adibide moduan finantzen erregulazioaren malgutzea, zerga sistemek duten ekitate eza, zergak saihesteko bideen zabalpena, austeritate politikak eta abar aipatzen ditu Oxfamek. Ez da oso urruti joan behar fenomeno hori ikusteko. Bizi dugun ingurune europar honetan, egunero ikusten ari gara arau guztiak nola moldatzen ari diren, Konstituzioetatik hasi eta azken legeetaraino. Aldaketa horiek inolako eztabaida publikorik gabe eta aitorrezinak diren helburuak lortzeko ematen ari dira, hala nola, nazioarteko hartzekodunak babesteko, banketxeak salbatzeko, zerbitzu publikoak pribatizatzeko... Zentzu horretan, guztiz egokia da nire ustez Oxfamek hori guztia deskribatzeko erabiltzen duen terminoa: “prozesu politikoen bidegabeko jabetzea”. Eta Davosen ospatzen ari den Munduko Ekonomia Foroa horretarako erabiliko dute elite ekonomikoek. Izan ere, itxurak itxura, fokuak aldentzen direnean, datorren urterako politikoen agendak finkatuko dituzte eliteek Davosen.

Puntu honetan, Nobel saria Amartya Sen ekonomialariari eman ziotela gogoratu behar dugu, hain zuzen ere, demokraziaren eta ongizatearen artean zegoen lotura erakusteagatik. Elite ekonomikoen presiopean demokrazia husten doan neurrian, herritarren ongizatea bera ere pitzatzen doa. Beraz, Oxfamek plazaratu duen hausnarketak gaurkotasun osoa du. Gainera, prozesu horiek uneotan bertan mundu osoan zehar ematen ari direla dio txostenak; estatuak handiak izan, txikiak izan, aberatsak izan, berdin-berdin da, guztietan ematen ari baita bilakaera berdintsua.

Gure inguru hurbila, noski, ez da salbuespena. Bertako elite ekonomikoa bere indar guztia mobilizatzen ari da zerga politikan eta lan harremanetan ahalik eta testuinguru malguena izateko. Fiskalitatearen alorrean, adibidez, arazoa harmonizazioaren inguruan kokatzen saiatzen ari da, baina, benetan garrantzitsua dena, zerga sistemak ekitatea bermatzen duen ala ez da. Hau da, iturri ezberdinetako irabaziek zergak berdin ordaintzen dituzten ala ez, ordainketa progresiboa den ala ez; hots, gehien duenak ekarpen handiagoa egiten duen ala ez. Horiek dira zerga sistema baten gako nagusiak, ez aldameneko zerga sistemekin alderatuta ezberdintasun gehiago edo gutxiago dituen. Hori bai, eztabaida edozein delarik ere, elite ekonomikoei ez zaie eztabaidatzea gustatzen, askoz erosoago sentitzen dira agintzen.

Search