Martxel Toledo Garmendia
Esait-eko kide ohia

Munduko futbol txapelketa. Hausnarketarako tartea

Aipaturiko selekzioak zergatik ez ziren gurean maitatuak lehen, eta orain, aldiz, hala izateko bidean daude? Erantzuna izan liteke, ba seguruenik, besteak beste, euskal herritarren artean euskal selekzioaren aldeko kontzientzia kolektiboa pixkanaka galtzen ari delako.

Esan gabe doa. Ez naiz analista, ezta kazetaria ere. Are gutxiago, politologoa edo egunero hedabideetan denetaz hitz egiteko ausardia duten «tertuliano» edo kolumnista aditu horietakoa, kirolzale xumea baizik. Baina uste dut merezi duela lerro batzuetan bada plazaratzea, Errusian jokatzen ari den munduko futbol kopa honek, besteak beste, gure artean horretarako ere balio beharko lukeelako. Eta garaian gaude.

Pasa den 14an hasi zen eta datorren hilaren 15ean bukatuko den honetan 32 naziok hartuko dute parte eta, irakurri dudanaren arabera, hamabi mila milioi euroko aurrekontua du eta munduan egun bizi garen gizartearen %62ak ikusi eta jarraituko omen dugu. Horrek esan nahi du txapelketak irauten duen bitartean, gizartean gerta daitezkeen tragedia edo ezbehar guztien gainetik, hilabete osoan mundu mailan futbol kopak lehen notizia izaten jarraituko duela eta orduak eta orduak emango ditugula irrati eta telebistari arreta jarrita lehiaketan gertatzen denari begira. Alegia, gure neuronak horretan baino ez direla egongo.

Gurera etorriz, antzeko zerbait gertatuko da, edo hobeto esanda, gertatzen ari da, dagoeneko horren ondorioak bistakoak baitira. Ikusi baino ez euskal hedabideek, kolore eta pentsamendu ezberdinekoek, lehiaketa honi egunero eskaintzen dioten jarraipena eta ematen dioten tratamendua nolakoa den, izugarria eta guztiz berezia. Galdera hau litzateke: zer dago ba lehiaketa horren atzean gordeta gurean egunero hainbesteko arreta sortzeko? Zergatik ote hainbat interes, euskal herritar gisa jokoan ezer ez dugunean? Eta erantzuna oso sinplea da: batzuentzat uste dugun baino dezente gehiago dagoelako jokoan, hedabide gehienak eta indartsuenak, interes ekonomikoekin batera, interes politikoek bultzatuta ere aritzen direlako. Eta jakina, horretarako mundialak eskaintzen duen aukera ezin hobea da, erakusgai duten produktua (futbola) gehienontzat erakargarria izanik, horren kontsumismoa ziurtatuta dutelako, besteak beste, gurean ere, Espainia eta Frantziako selekzioen jarraitzaile ugari daudelako. Eta tamalez, goraka doa.

Horregatik edo, ez da harritzekoa gure neuronak ere nahasita izatea eta inongo kontraesanik gabe, aipatu selekzioak orain arte gorrotatuak izan direnak orain geureak balira bezala ikustea eta onartzea. Egun hauetan, %85a abertzalea den herrian nire begiak ikusitakoa baino ez da. Orduan beste galdera da, zergatik hain epe motzean gertatu da gurean aldaketa hori? Alegia, zergatik aipatu selekzioak lehen ez ziren gurean maitatuak eta orain bidean daude? Erantzuna izan liteke, ba seguruenik, besteak beste, euskal herritarren artean euskal selekzioaren aldeko kontzientzia kolektiboa pixkanaka galtzen doalako. Eta zergatik gertatzen da hori? Alegia, zergatik gertatzen da hutsune hori? Bakoitzak atera ditzala bere konklusioak.

Euskal herritarren gehiengo handi batek, nazio bat garen heinean, euskal selekzioak ofiziala izan behar duela aldarrikatzen du. Hori da behintzat nire inguruan sumatzen dudana. Baina ez gara jabetzen horrelakoak gertatu bitartean, nazio gisa ditugun eskubideak ez direla errespetatzen; besteak beste, behin eta berriz euskal selekzioaren ofizialtasuna ukatzen digutelako. Ondorioz, egunerokoan, Espainia eta Frantziaren menpe jarraitzen dugu; alegia, aipatu Gobernuek nazio gisa hutsaren hurrengoa izango bagina bezala tratatzen gaituztelako. Eta hori penagarria izateaz gain, kezkagarria ere bada, zeren kontraesanaren noria horretan erortzeko arriskua ere badago. Zeren oraindik gutako askok, lotsagatik-edo, aipatu selekzioen partiduak ikusteko aitzakia gisa futbola gustuko dugula esan arren, zaletu bihurtzeko arriskua ere egon badago. Ikusi baino ez gure karriketan eta herrietan, txapelketa garaian, batik bat gazte mailan, zenbat kamiseta ikusten diren. Eta hori sentipen horren seinale baino ez da.

Oraingoan munduko futbol kopa urrun, Errusian, jokatzen bada ere, laster etxean beste bat izango dugu, 2020an Bilbon Eurokopa (Europako futbol kopa) jokatuko baita. Ondorioz, logikoa den bezala, selekzio horien jarraitzaile bihurtzeko arriskua nabarmen haziko da. Eta zer esanik ez, egungo baldintzetan, selekziorik gabe eta itxaropenik gabe.

Beraz, gurean sortuko den egoera korapilatsu honen aurrean zerbait egin beharko litzateke. Zentzu horretan, gaurko honek espero dut gutxienez gure artean barne hausnarketarako balio izatea.

Search