Rober Cano

Murrizketak pandemia garaian

Helburua ahalik eta jende gutxien kutsatzea izan beharko litzateke, ahalik eta jende gutxien larri gaixotzea eta ahalik eta jende gutxien hiltzea izan beharko litzateke. Eta ahulenak babestu, denon artean. Gaur egun familia askotan hainbestek jasaten duten sufrimendua etetea. Hori izan behar da benetako helburua.

Pandemiak gizartean orokorrean noraeza sortu du. Baita Euskal Herriko ezkertiarren artean ere. Konfinamendu garaian argi ulertu zen birusaren transmisioa eten egin behar zela, denon osasuna jokoan zegoela, ekonomia ondorioz ere bai eta elkartasun sare asko sortu ziren gizarteko sektore ahulenak babesteko eta laguntzeko. Bide onetik gindoazen. Baina egoera luzatzen zen heinean nekea sortu eta gizarteko sektore gehienetan hedatu zen.

Gerora, abots ezberdinak altxatzen hasi ziren, hainbatetan euren burua ezkertiartzat hartzen dutenen abotsak. Gutako bakoitzaren eskubide asko murriztuta ikusten hasi ginen. Administrazioek egoera hau osasunarekin zerikusirik ez duten helburuak lortzeko baliatzen dutela entzuten hasi ginen, konspirazioen teoriak ere garatzen joan ziren. Asko gizarteari ezarritako murrizketen aurka oldartzen hasi ziren.

Alternatibak mahai gainean ipintzearen beharra nabarmena zen. Eta testuinguru horretan eskuindarraren diskurtso eta jokabidetik gertu ibili dira hainbat ezkertiar. Argi dago administrazioei baliabide, informazio eta gardentasun handiagoa eskatu behar zaiela, baina ezin dugu iparra galdu. Osasuna guztion eskubidea da, ezin dugu gutako bakoitzaren askatasun osoa defendatu hori lortzeko beste batzuen osasuna eta bizitza arriskuan jartzen bada, ahulen daudenenak hain zuzen. Elkartasuna ezinbestekoa da, eta azkenaldian faltan egon da. Administrazioek hartzen dituzten erabakietatik haratago, gutako bakoitzari dagokigu ere gure egunerokotasunean ezkerreko ikuspuntu batetik jokamoldeak moldatzea. Oso inportantea da «egin ahal dena» eta «egin behar dena» ezberdintzea, askotan ez baitatoz bat. Egunerokoan egin ahal diren gauza asko agian ez genituzke egin beharko, guztion mesederako.

Argi dago ezin dela gertatzen denaren ardura guztia herritarren gainean ipini ere. Administrazioak itzelezko ardura ere badauka eta faltan bota dira hainbat neurri: osasungintza berrindartzen, garraioan, irakaskuntzan, lan esparruan... Baina kontran ere, ezin dugu erantzukizun guztia administrazioen gainean ipini. Bien arteko orekan dago arrakasta, ikusi besterik ez dago munduan zein herrialdek lortu duten birusa kontrolpean mantentzea eta nola sistema sozialistan oinarritutako estatuetan ere estatuaren partetik behar besteko bitarteko ipintzeaz gain herritarren artean ere murrizketa zorrotzak ezarri diren. Eta ezin da ukatu herritarren artean murrizketak egon ezean birusa ezin izango dela kontrolatu. Beste gai bat da zer nolako murrizketak diseinatu, baina ezinezkoa da pandemia egoera batean zenbait eskubide murriztuta ez egotea. Horretarako estatu propioa edukitzea nahitaezkoa dela ere argi dago, guk geuk gure beharrak kudeatzeko (inbertsioak zein murrizketak).

Inbertsioak aipatzen direnan, Osasungintza erdigunean kokatzen da, hori baita arrazoi moduan erabiltzen dena murrizketak ezartzeko orduan. Hutsune handiak dauzkagu, bi motatakoak: giza baliabideak eta ekonomikoak, neurri batean elkar lotuta daude. Bigarrenari dagokionez, argi dago konponbidea zein den, dirua mahai gainean ipintzea (nondik atera diru hori beste gai sakon bat da). Baina lehenengoari dagokionez (giza baliabideak) konponbidea ez da hain erreza, gaur egun osasun langileen (erizain zein medikuen) behar handia dagoelako. Ez dauzkagu behar ditugun beste, eta horrek bapatekotasunetik epe erdi luzerako plangintza eskatzen du: unibertsitateetatik hasi (erizain zein medikuak formatzeko plazak gehituz) eta osasun sistemetaraino (osasu langile horiei baldintza duinak eskeiniz beste leku batzuetara lan bila joan ez daitezen, gure osasun sistemak indartzeko).

Eta hemen dago gakoa: askok bere diskurtsoa osasun sistemaren gabezi horietan oinarritzen dute, gabezi horiek egon ezean bizimodua normaltasunez aurrera eraman ahal izango genukeelakoan, eta herritarrei ezarritako murrizketak egin behar diren baina egiten ez diren inbertsioen ondorioak direla. Eta hori neurri batean horrela izanda ere, kontuan eduki behar da elkarbizitza ezinezkoa dela birus berri honekin, normaltasuna ere inkonpatiblea dela. Esan bezala, munduan baditugu hainbat herrialde normaltasunez bizi direnak birusa menderatzea lortu dutelako, baina ez bakarrik inbertsioari esker, baita murrizketa zorrotzak ezarri zituztelako ere. Eta hemen murrizketen beharraren defentsa beste batzuen eskuetan utzi da.

Demagun ZIUetan 4.000 ohe eskuragarri daudela eta ospitalizazio unitateetan 200.000 ohe (zenbakiak nahita gehiegiz puztuta, adibide moduan). Zenbaki horiekin agian, osasun bitarteko nahikorik egongo balira (ez da, noski, daukagun egoera), kalean bizimodu normala egin ahalko litzateke, osasun sistemak gaixotzen den pertsonen kopurua kudeatzeko gai izango litzateke, baina... hori onargarria litzateke? Onargarria litzateke hainbeste jende (gehienak gizarteko ahulenak... baina ez denak!) sakrifikatzea bizimodu «normal» baten mesedetan? Ba ezkerreko ikuspuntu batetik ezetz uste dut. Helburua ahalik eta jende gutxien kutsatzea izan beharko litzateke, ahalik eta jende gutxien larri gaixotzea eta ahalik eta jende gutxien hiltzea izan beharko litzateke. Eta ahulenak babestu, denon artean. Gaur egun familia askotan hainbestek jasaten duten sufrimendua etetea. Hori izan behar da benetako helburua, eta hori lortzeko argi dago denok eman behar dugula zerbait. Inbertsio hutsekin ez dugu lortuko, nahiz eta oso lagungarriak (eta beharrezkoak murrizketen ondorioak leuntzeko) izan dudarik gabe. Helburu hori ez dugu lortuko «bizimodu berri normal» batekin ere, birusa gure artean dagoen bitartean. Eta txerto eraginkorra helduko zaigun arte birusa hemen edukiko dugu.

Norberak bere zilborrari begiratzekotan, besteekiko begirunea, elkartasuna, ardura eta erantzukizuna izan beharko genituzke ardatz. Zoritxarrez, gizartearen desideologizazioarekin bat balore hauek ere gainbeheran doazela ematen du.

Search