Maite Ubiria

Muturreko ideologien gorakadaren aurrean, Euskal Herria xutik

Iragan abenduaren 6an eskualdeko hauteskundeen lehen itzulia iragan zen Estatu frantsesean. Ubiriak Fronte Nazionalak lortutako emaitzak aztertu ditu. Hain zuzen ere, alderdi politikoak hamahiru eskualdeetatik seitan garaile agertu da. Kortsikako emaitzen inguruan hausnartu du ere. Bere iritziz, hiri elkargo bakarraren alde lan egiten duten eragileek interes handiz begiratuko diote bigarren itzuliko emaitzei. "Mapa politiko tradizionala aldatzeko formulak eta aukera berriak marraztu dituztelako irlako abertzaleek".

Frantziako hauteskunde mapa urdin argiaz tindatu da. Marine Le Pen buru duen alderdia Eskualdeko Hauteskundeen lehen itzuliaren garaile argia izan da. Alderdi tradizionalek pairatu duten ageriko porrotaren zatirik handiena, berriz, Nicolas Sarkozyren neurrira sorturako Les Republicains markak hartu du.

Heldu den igandean jokatuko den behin betiko itzuliak barne ezinegon sakonaren adierazle den paisaia hori mozorrotzeko balio dezake, zerrenden erretiratzeak eta fusioak tarteko. Horri esker litekeena da Fronte Nazionalak eskualde gobernuetatik kanpo gelditzea, edo bakan batzuk baizik ez eskuratzea.

Hala ere, kasurik hobenean, lasaitzea hartzeko tarte gutxi. Alde batetik, emaitza bata edo bestea izan dagoeneko FN garaile atera delako. Frontea ez badago agintean, bere ordez eskualde horiek kudeatuko dituzten alderdiek neurri handi batean muturreko proposamenak aplikatzeko joera areagotuko dutelako, galdutako boto-emaileak berreskuratzeko esperantzaz; eta bestetik, Fronte Nazionalaren aurkako gurutzadak alderdi horren alde egin duten herritarren hautua etorkizunera begira egonkortzeaz gain bere ideien hazkundea ahalbidetu dituzten arazo guztiak konpondu gabe geldituko direlako.

Fronte Nazionalak aspalditik ekin zion bere muga naturalak zartatzeari. Frantziako Hegoalde ekialde eta Ipar eskualdeetatik harago bere boto eremuaren zabalkunde prozesua ez da igandean geldituko. Azken urteotan gizarte sektore ezberdinei zuzendutako eskaintza garatu du Fronte Nazionalak. Laborariak, enpresari txikiak, pentsiodunak, langile txiroak, frantses petoak izan edo islamofobiaren eskutik bigarren bazterketa prozesua pairatzeko beldur diren etorkinen seme-alabak izan... Dirudienez Fronteak gaitz guztientzako edabe erakargarria bezain pozoitsua asmatu du.

Bozka-ereduaren arabera gora-behera handiak ezagutu ditu alderdiak. Kontrakoa iruditu arren, abenduaren 6an jokatu zen Eskualdeko Hauteskundeen lehen itzulian FNk ez zuen bere egunik onena izan. Hala ere, kontua ez da 4,5 milioiko langa famatu hori aiseki edo justu gainditzea. arnas-luzeko proiektua kudeatzen ari da eta Marine Le Pen. Inoiz zahar eta nostalgikoen alderdia izan bazen Fronte Nazional proiektua berrasmatzeko bidean da frantses eskuin muturreko dama.

Kanpainan ez ezik, bestelakoan ere zoko batean zegoen alderdia erdigunera ekartzeko lanean ari da Marine Le Pen, Europako beste hainbat herritan ematen ari den eskuin muturreko ideien susperraldiarekin bat egin nahian. Hungarian, Polonian, Austrian.. eta baita Britainia Handian ere ematen ari den eskuin muturreko ideologien berpizte elektoral eta politikoarekin bat egin nahi du Fronte Nazionalak.

Horretarako eskuin muturreko alderdia izatetik muturreko eskuinaren marka modernoa izatera igaro behar du FNk. Hori baita geroaren gakoa. Haizea alde dauka zeharkaldi estrategiko hori burutzeko.

Antza denez, krisi sozio-ekonomikoak eta geopolitikaren gora-beherek gizartearen baitan eta alderdi askorengan eragin zorabio sentsazioak ez dio aparteko kalterik egin, hain zuzen ere, bere norabidea zein den argi duelako. Motzera bere ideiak hegemonikoak bilakatzea du helburu Fronte Nazionalak, behin hori lortuta aginte kuota eskuratzea denbora kontua baizik ez dela sinesmen osoa duelako.

Enpleguen etengabeko galera eta oro har gizarte sistemaren prekarizazioa, identitatea betikotzeko ereduaren krisia eta erreferente kolektibo berriak sortzeko zailtasunak,  bizi-ereduen aldaketa bortitza, kultura aniztasunaren kudeaketa gatazkatsua... Finean globalizazioarekin loturiko erronkak zein mundializazioari leporaturiko gaitzak biak ala biak bere proiektua zabaltzeko maisuki erabili ditu Fronteak.

Bikotasun arrakastatsu horren baitan, beraien burua ezkertiartzat jotzen dutenek hain gustuko duten multinazionalen aurkako diskurtsoa sartzen da Frontearen menuan. Baita haien burua eskuindartzat jotzen dutenek aberastasunak ez ezik eskubideak ere klasearen arabera banatzeko asmoak ere.  Atzerritik etorritako herritar txiroei ateak ixteko edo eskubideak ukatzeko proposamenak, finean, jatorri sozialaren arabera gizartea sailkatzeko asmo orokor baten isla baitira.

Horien eta beste amarruen bidez -alderdi tradizionalak eta elite ekonomikoen arteko aliantza lotsagarria FNri egin dion mesedea ahantzi gabe-  Marine Le Penek jakin izan du bere diskurtsoari gero eta kutsu sozialagoa ematen. Bruselak (frantses memoria kolektiboan: Alemania) agindu doikuntza politikaren aurrean, burujabetzaren diskurtsoa bere egin du. Austeritateak  sortu duen amildegi sozialari erantzuteko proposamen zehatzik ez badu ere, frantses alderdi guztiek praktikatzen duten jakobinismoa muturreraino eramateak emaitzak ematen dizkio, berriro ere, FNri.

Dagoeneko Europako hainbat gobernuen partaide den muturreko eskuin modernoaren klubean sartzea xede izanik,  FNko zuzendaritza berriak ez du aparteko arazorik izan iraganeko kateak apurtzeko ere, esaterako, Jean-Marie Le Pen ahobero hori alboratuz!

Bretainia, Kortsika, Euskal Herria... haien etorkizunaren jabe izan nahi duten herriak izan dira, ñabarduraz-ñabardura, uholde urdin argiari nolabaiteko harresia ezarri dioten bakarrak.

Bereziki pozgarria jo daiteke lurralde egitura berria eskuratu duen Kortsikan hauteskunde hauek utzitako emaitza. Bestalde, abertzale moderatuek eta independentistek lehen itzuliaren ostean eratutako aliantzak bide berriak zabaldu ditzake aitzina begira.

Euskal Herrian heldu den udaberrian elkargo bakarraren sorrera bermatzeko lanean diharduten eragileek interes handiz begiratuko diote, seguruenik, Kortsikari. Besteak beste mapa politiko tradizionala aldatzeko formulak eta aukera berriak marraztu dituztelako irlako abertzaleek.

Kortsikan, Bretainian, Euskal Herrian... burujabetzaren aldeko eskaintza politikoak balore berria hartu dezake hauteskunde hauen ondotik.

Euskal Herriaren aitortzaren alde jarduten duten eragileek badute zeregina eta ardura berezia Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi eremu instituzional bakar batean jasota,  ondoko hilabetetan sortuko den eszenatoki berri horretan. Bestalde, ezkerreko abertzaleek egiten duten eskaintzak balore bikoitza hartu dezakeelako, hain zuzen ere, hauteskunde hauek azaleratu dituzten hainbat arazori bestelako erantzunak emateko orduan.

Burujabetza eta eraldaketa soziala ardatz hartuta, euskal herritarren eskutik bestelako etorkizuna eraikitzeko proposamenak balio handia hartu dezake, besteak beste, baita gure herrian ere hazkunde kezkagarria jaso duen Fronte Nazionalak defendatzen duen proiektuari muga jartzeko. Eta, oro har, euskal ezkertiarrok eta independentistok, historian zehar egin dugun bezala, gaur egun garatzen ari den ideologia totalitarioen gorakadaren aurrean Euskal Herria askatasun eta eskubideen eremu gisara, lurralde aske bezala, irudikatzen dugula munduaren aurrean agerian uzteko.

Search