Gotzone Rekondo eta Nekane Garmendia
Eusko Ekintzako kideak

Nafar 'Gusanera'

Ez gara Miamira joan beharrik 'Gusanera' zer den jakiteko. Nafarroan gure 'gusanera' propioa dugu :UPN eta PSOEren laguntza estimagarria. Espainiak jarraitzen du bere betiko jarrera eta funtzionamenduarekin: berak erabakiko du Nafarroan zer egin eta ordainean agintea eta botere kotak emanen dizkio UPNri; genuena : 'la gusanera navarra'.

Nafarroak erdibitua jarraitzen du. Oraindik orain bi bando izan badaude: nazionalak eta errepublikarrak; frankistak (edo neofrankistak) eta antifaxistak; kapitalistak eta antikapitalistak; unionistak eta independentistak; burgesia eta langileria... klase borroka da, finean, honen guztien oinarria.

Nafarroako parlamentuan joan den astean egin zen zentsura mozioan, inork espero zuen PSN UPNren kontra jartzea? Martxoan Rubalcaba gurera etorri zen, Nafarroako bide-orriarekin prestatua: PSNk ez du UPNren kontra deus eginen.

Oraingo honetan, alta, zaila dute postura hori defendatzea; are gehiago, abstentziora jota, koldarkeria bertzerik ez dute erakusten, eta baita borondate falta, orokorrean PSOEk trantsizioko 'merkealdietatik' honat izan duen jarrera da. Eta hemendik edan du PSNko buruak: Jimenezek igeri egiten duenean arropa gorde nahi du eta biak aldi berean ezin direla egin jakin beharko luke dagoeneko: ezin baita erran Nafarroaren herriaren alde ari zarela eta, aldi berean, aldaketaren giltza zure eskuetan dagoenean, uko egitea aukera horri, kieto gelditzea..une hauetan! Zer erantzukizun mota da hori?

Argi dagoena da, Nafarroako agintarien historia 36ko altxamenduan hasi zela. Orduz geroztik eskuindarrek gobernatu dute Nafarroan, eta horrela doakigu!

PSNren jarrera urte hauetan zehar, UPNren politika berrestea eta laguntzea izan da; elkarlanean aritu dira orain arte. Botere kotak edukitzeagatik, gorteko bufoiaren papera antzeztu du PSNk eta gustu handiz, gainera.

Horrelako jarrerarekin berresten dute betiko argudioa: Nafarroa, Estatu gakoa zen eta jarraitzen du izaten. Horregatik Madrilek erabakitzen du hemengo dinamika politikoak, horregatik dituzte frankismoko oinordekoak gobernatzen, horregatik PSOE-PSNk, bertze behin ere, saldu du Nafarroa.

Aldebikotasuna eta alternantzia agintean, Espainair sasi-trantsizioren alabak dira. Yankilandiatik esportatutako ideia neoliberala. Botere-kontrolatzaile tresna itzela asmatu zuten kapitalistek: PP ez badago boterean, PSOE egonen da. Orijinaltasuna ez denez eskuindarren fuertea, Nafarroara esportatu zuten ere: UPN / PSN alternatu izan dira boterean; nahiz eta UPN izan, urteetan gehiena egon dena boterean. Trantsizioa deitutako iruzurra garai horietan hasi zen usteltzen PSOE, eta hementxe jarraitzen du ustelkeriaren degenerazioan.

Ezin da bertze modu batez erran. Arduragabekeriaz jokatu du PSNk, Nafar jendartearen ongi izatearen lehentasuna eta premiak ahantziak dituzte aspaldi; ez dute herria errespetatzen ustelak eta lapurrak gobernuan mantenduz. Zeren beraien esku bazegoen Barcina kargutik kentzea eta ez badute egin, Barcinak eta bere ekipoak hemendik aintzinera egindakoaz, beraiena ere izango da erantzukizuna.

Izan ere, nola uler daiteke PSNren postura? Ez dira anbiziodunak, nonbait. Ez dute uste hauteskundeak izanda irabaziko zutenik? edo UPNren 'sorgin-ehiza' jarraituta, baskoi basatiak gobernura ez iristeko helburua dute, biek ala biek?

Normal jendartea politikan eta politikoengan ez sinistea! Hau al da politika justu eta gardena egitea ? Hau da herriaren zerbitzura egotea? Parlamentuko zentsura mozioan, PSNk erran dezake Nafarroaren onuraren aldeko bozka izan zela bere abstentzioa? eta nola argudiatu 'perogrullada' hori? kopeta behar da eta koldarra behar da izan egiteko egin zutena. Zentzugabekeriaren zentzugabekeria: PSNrentzat UPN agintean mantentzea, Nafarroaren alde egitea baita.

Trantsizioan hasitako alderdi unionisten alternantziarekin bukatu behar dugu, Nafarroari hondamendia, ukazioa, errepresioa, esklabutza... bertzerik ez baitio eskaintzen. Bi alderdien arteko Nafarroako paktua itxita dago: Nafarroa ezin da izan “egiazko” ezkertiarren eta abertzaleen eskuetan erori: horixe da hauen helburu bakarra. Beldur dira ezkerreko gobernua izanda bertzelako Nafarroa agertuko eta berpiztuko ote den: Nafarroa euskalduna, feminista, asanblearioa, intsumisoa, ezkertiarra, ekologikoa, sozialista, independentista... Hauxe da gure ustez, Nafarroaren etorkizuna. Baina horretarako lehenik eta behin indarrak batzen segitu behar dugu, aldaketa soziala eta ekonomikoa nahi duen pertsona guztiek eta mugimendu sozialek, sindikalek, kulturalek... parte hartuz, elkarrekin borrokatuz, konfrontazioa areagotuz: herritar batasuna sortuz Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Boterea poliki-poliki herriari itzuliz, hots, erabakitzeko eskubidea, behingotik, praktikara eramanez; herriaren ahotsa baita gure geroa, dudarik gabe.

Kiratsa dario 'gusanera'ri eta dagoeneko ustelkeria ezin da aguantatu. Goazen kalera bada, mobiliza gaitezen bertzelako herria sortu arte. 

Search