Ramon Sola
GAUR8

Nafarroan, bihotza bero eta burua hotz

Alea jacta est. Nafarroan, Barcinatoak berea egin omen du, legealdi honetan behintzat. Kostata, baina azkenean hauteskunde bidean gaudela ematen du. Honaino dakiguna. Hortik aurrera, ehunka zalantza.

Epe oso motzera, edalontzia gainezka egitera eraman duen azken tantaren ingurukoak (bere akusazioen froga erabatekorik ba al du Idoia Nieves Ogasun buru ohiak? Dakien guztia aurreratu du ala gehiago gorde du? Noraino heldu da Yolanda Barcinaren esku-sartzea?). Epe motzera, zentsura mozioa (Nor buru? Zein epe, konpromiso eta bermerekin? Zer eraikitzeko?). Eta epe ertainera, hauteskundeak (Nortzuk hautagai? Zer asmatuko ote du oraindik UPNk? Noraino elkarren arteko lehian oposizioko indarrak eta noraino geroko akordio baterako hurbiltzen?). Argitzeko milaka kontu, erabaki piloa hartzeko, oso denbora gutxian.

Nondik hasi? Iragan hurbiletik egin dezagun. Legealdian gauza asko gertatu baitira, gehiegi, perspektiba hartzea zailtzen dutenak. Hiru urte baino ez dira pasatu, baina ikaragarri kargatuak. 2011ko hastapenean, Barcina indartsu zetorren, UPNko botere osoa hartuta eta hauteskundeak erraz irabaztera ohituta. PSN gainbeheran, baina koalizio gobernua osatu eta estatusaren zutabeak sendotzeko prest. Abertzaleak, alde batetik zatituta eta bestetik oraindik lur mugikorraren gainean (Aiete Francoren jauregia baino ez zen oraindik, borroka armatua etena baina ez amaitua...)

Gehiago. Nafarroako Kutxa Banca Civican sartua zen, ustez negozioa zabaltzen, Washingtonen erdian bulegoa inauguratu berri zuelarik (noren eta Iñaki Urdangarin eta Cristina Borboikoaren eskutik!). Dieta erraldoien albisterik ez zen. Jakin, Barcinak presidente kargua hartu aurretik aste batzuez ikasgelatik pasatu gabe Unibertsitateko sosak kobratuko zituela ere ez genekien.

Orduantxe zabaldu zen Urantziako zirkuitua eta orduntxe altxatzen ari ziren Navarra Arena (hilabete horietan jokatu zuen Itxakok Europako Txapeldunen Ligako finala, Nafarroako agintariak palkoan harro zirela). Osasunak berak ekonomikoki klub osasuntsua ematen zuen. Nafarroako Ogasuna hain egoera onean egonda, Abiadura Handiko Trena bere kontura gelditzen zela agindua zion Miguel Sanzek Jose Blanco ministroari. Orain txerrijana emateko baino ez duen Osasunbidea eredu omen zen. Langabezia tasak kontrolatuta oraindik, krisialdia Espainiako kontua bailitzan. Oinarrizko soldatak, txikiak izanagatik ere, bermatuta. Eta abar luzea.

Hiru urte baino ez, gezurra dirudien arren. Nafarroaren oparotasuna mitoa besterik ez zela ageri da bat-batean, gaztelua zalaparta handiz erori da. Eta sistemaren defendatzaile sutsuenak ziruditenek hustu dizkiote zutabeak, lotsagaberia osoz, denon begien aurrean.

111.474 boz pilatu zituen UPNk, eta bere aldamenean 23.551 PPk, 2011n. Abertzaleek –NaBaik eta Bilduk–, inoizko emaitzarik onena, baina hala ere bien artean 92.743 boz, UPNk baino dezente gutxiago. I-Eko 18.457 horiek batuz gero, orduan bai, parean. Definitu gabeko lurraldean, basamortuan esan liteke, PSNren 51.238 boto-emaileak. Hau da abiapuntua. Objektiboak izanda, legealdiko bilakaera ikusita, errazagoa dirudi UPNk boto-emaileak galtzea besteek beren kopurua igotzea baino. Ez da hainbat abertzale zintzorengan nabari den euforiarako unea, egoki jokatu eta asmatzekoa baizik. Errealitate hori bere gordintasun osoz erakustea da aldaketarako biderik seguruena, konbentzimenduz baina lasaitasunez. Eskuinaren esparruan bada hauteskunde hauek 36ko gerrarekin parekatzen dituenik eta errekete izateko bere burua eskaintzen duenik, kontuz. Etorkizuneko ongizatea da koska, ez aurreko batailak.

Search