Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea

Nazio Garapena 2015

Herri egin eta herri moduan geroratzen lagun diezaguketen jarrerak eta prozesuak ikusteko aukera eman digu 2015. urteak. Luzaro geldirik egondako, edo oso makal garatutako prozesua (dei diezaiogun «nazio garapena», besterik ezean) bizkortzen ikusteko parada izan dugula esan dezakegu.

Ipar Euskal Herria egitura instituzional (eta funtzional) bakar batean biltzeko aukeraren inguruan eragile sozioekonomikoak eta instituzionalak posizio organikoak hartzen hasi izana da, beharbada, urteko gertaera. Behingoagatik aitortza instituzionalik ez duen euskal geografiako eremu honek arkitektura instituzional bateratzailea izango du, bai tokiko politikak gauzatzeko, bai gainerako euskal lurraldeekin harremanak formalizatzeko.

Halaber, Hego Euskal Herrian, udaberriko hauteskundeen ondoren, eta Nafarroa Garaiko aldaketen eraginez batik bat, euskal lurraldeen arteko lankidetzaren bidea jorratzeko adierazpen instituzionalak ezagutu ditugu. Euskal esparru funtzionala trinkotzeko pauso formalak eman aurreko egoera eraikitzen ikusi dugu. Esaterako, azaroaren 23an Ayerdi eta Tapia sailburuek Hego Euskal Herriko enpresen arteko lankidetza sustatzeko beharra adierazi eta lankidetzarako konpromisoa hartu zuten. Egun berean Hegoaldeko pentsionisten mugimenduak Hego Euskal Herri osorako 1.080 euroko gutxieneko pentsio baten aldarria ekimen legegile bidez bi legebiltzarretara eramateko kanpaina hasi zuen. Ukaezina da bi urrats horiek, adierazpen mailan gauzatu arren, beren garabidean eragin egituratzailea izan dezaketela.

2015ean emandako urratsen emaitzak ikusteko badaude ere (ikusteko zer ekarriko duten), askotariko adierazpidea duen nazio xedeko dinamika biziago ikusteko aukera izan dugula esan dezakegu.
 
Adierazpenen alorrean, esaterako, aipagarriak dira lankidetza hitzarmenen alde tokian tokiko instituzioen aldetik egindako adierazpenak, bai eta euskal hiriburuetako lau alkateek elkarrekin topo egiteko izan duten jarrera ere (hiriburuetako ospakizunetan, Aralarren elkartzea laurak euskararen egunarekin…). «Euskal» subjektu baten inguruan bizikidetza eremu komun bat irudikatu duten adierazpenak gero eta argiago agertzen hasi zaizkigu diskurtsoetan (esaterako Baiona-Donostia euskal euro-hiriaren eremuan lankidetza indartzearen alde…).

Baina adierazpenak ez ohi dira aski izaten asimilazio prozesuetan, eragin handiagoa dute portaerek. 2015ari dagokionez aipatzekoak hainbat, besteak beste: lan praktikaldia hegoaldean egiteko Xiberoa herri elkargoak Oarsoaldea agentziarekin hasi duen bidea; Errigorak Erriberako produktuak sustatuz euskalgintzarekiko elkartasuna bultzatzeko egindako kanpainak; UEUk lurralde guztietako euskal ikertzaileak, naturzaleak eta informatikariak nazio mailako jardunaldi korporatiboetan biltzeko antolatutako foroak; Donostiako Udalak 2016 egitasmoaren inguruan gainerako euskal lurraldeetara hedatzeko emandako urratsak; Lomce legearen aurka eta hezkuntza lege propio baten alde Hegoalde osoan gorpuzten joan den mugimendua; euskal laborarien produktuak merkaturatzeko sortzen ari diren kontsumo kooperatibak. Alternatiben Herrixka deitu den proiektuak ere balio izan du trantsizio energetiko eta produktiboaren euskal paradigmaz gogoeta egiten hasteko. Okela sormen tailerrak euskal sortzaileak saretzeko sortutako mapak edo Batura, ekonomia sozial eraldatzailearen mapak ere herri xedea duen bide bat adierazten dute. Halaber, EITB taldeak euskal geografia aintzat hartzen duen aktualitatea azaleratzeko joera argia hartu du.
 
Arestian aipatutako portaerak garrantzitsuak izan arren, prozesu eratzaileak, herri gisa funtzionatzen edo zatiketa administratiboak gainditzen lagun diezagukeen arkitektura da bereziki interesatzen zaiguna. Alor honetan bidean jarritakoak azpimarratuko nituzke, besteak beste, Ipar Euskal Herria instituzio bakar baten inguruan biltzeko abiatu den dekantazio prozesu formala eragile sozial eta instituzionalen artean, Nafarroa Garaia eta EAE Akitaniarekin batera euro-eskualde berean bilduko dituen protokoloa abiatzea, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Foru Gobernuaren arteko hitzarmena enpresen arteko lankidetza sustatzeko eta maila berean hego-ipar enpresak saretzen dituen Bihartean egitasmoaren garapena. Maila apalagoan eskualde mugakideetan garraio, osasun, turismo edo lan merkatu mailako hitzarmen formalak sinatu izana azpimarratu behar da. Udalbiltzaren Kohesio Fondoak ere Pirinioetako problematika agerian jarri du, euskal geografiari ezartzen zaizkion desorekez sentsibilitatea sendotu nahian.

Arkitektura sozioekonomikoari dagokionez ere kontuan hartzekoa da Euskal Herriko labela sortu izana Euskal Herri osoko ekoizle ekologikoen elkartearen bultzadaz. Prozesu eratzaileen artean aipatzekoa da, halaber, .eus domeinua hedatzen hasi izana izen bereko fundazioaren eragiletzarekin edo Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren geroaz gogoeta egiteko abian jarri duen prozesua ere. Nafarroa Garaian Euskalerria Irratiak behingoagatik lizentzia lortzearekin batera NTB11 telebista emititzen hasteak, euskal hedabideen sarea osatzeko bidean urrats aipagarriak izan dira.

Herri xedea duten ekimen sozialak ugari diren bezala horrek ez gaitu itsutu behar. Urte honek ere agerian utzi du egiturako prozesu garrantzitsuenen aurrean ez dugula erantzun adosturik aurkitu, ezta nazio mailako gogoeta eremurik osatu ere.
 
Langabeziak behera egin arren, herritar asko prekarietatean oinarritutako lan merkatu batean biziko dela ziurtatzeko urtea izan da. Gure ekonomia gaitasun handikoa izan arren, ez gara gai izan lan baldintzen eremuan, euskal kasuari dagokion oinarri bat adosteko, ezta aukera horri buruz hitz egiteko ere. Bide beretik, babes sozialeko euskal sistema baten gaineko gogoeta eta adostasuna lortzeko prozesuak itxaroten jarraitu du, nahiz eta pobrezia zein gabezia egoerak gero eta jende multzo handiagoei eragin, eta Europan azkarren zahartuko den herria izan.

Halaber, ekonomia produktiboaren arloan, industriaren aro berriari begira aurreikuspenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan badugu ere (industria 4.0, manufaktura aurreratua…), eta euskal enpresek nazioarteko merkatuetan hedatzeko ahalegin handiak egin, ehun industrialak ahultzen jarraitu du. Eta falta zaigu, falta zaigunez, hurrengo aroari egokituko zaion euskal eredu produktibo zein energetikoa zehazteko eztabaida eta adostasun prozesu bat. Ikerketa eta Garapenari bideratzen zaizkion baliabideek ere atzera egin dute kanpotik ezarritako aurrekontu mugen eraginez, horrek dakarren atzerapenarekin garai berrietara ekonomia eta gizartea egokitzearen aldetik.

Nazioarteko merkataritzan (TTIP) edo klima eta energia kontsumoaren inguruko nazioarteko hitzarmen garrantzitsuak (COP21) adostu diren urtean, Euskal Herrian nola jokatu adostu gabe amaituko dugu urtea, bai maila instituzionalean zein sozialean.

Egindakoa ez da gutxi, asko dugu egiteko, ordea, gure herria XXI. mendeko herrien dinamika parametroetara ekartzeko. Naziogintzako arkitektura gabeziak dakarren galgaz jabetzea garrantzitsua da. Arkitektura sozial, instituzional edo juridikoa falta dugu. Gogoetak ez dira komunean jarriko harremanetarako espazio nazional komunik gabe, nazio xedeko egitasmoak ez dira gorpuztuko aurrera egiteko inguru egokia aurkitzen ez badute. Gaur-gaurkoz euskal espazio formala eraikitzea falta zaigu. Orain posible ez dena bihar izan dadin, urrats egituratzaileak bata bestearen segidan ematen jarraitu behar da, presarik gabe, baina oinarriak jarriaz. Euskal Herria da bidea.

Search