Josu Iraeta
Idazlea

Nire herria aske izango da

Ez dago zalantzarik, Estatutua nola edo ala mantentzeko arrazoi nagusia, hau: Estatutua + EAJ + X = Ajuria Enea

Badakit, askorentzat amets txar bat bezala bizi dutela, oraindik urruti ez ditugun garaiak, eta zerbait berriaren zain daudela ere badakit. Parentesi batean barne gaudela, alegia.

Parentesi bat nioen, eta ezin hobeto irudikatu gaurko egoera. Handik eta hemendik isilarazi eta ezkutatu nahi izan diren arazo nagusi  gehienak, zutik eta bizirik, aurrez aurre ditugunean.

Inork ezin du esan azken hamarkada luze hauek, alferrik galdu ditugunik, –ez baita egia–  baina  lehen genituen arazo berberak ditugula bai. Beraz, harrokeria gutxi.

Ez dago zalantzarik, frankismoaren aurreko eta ondoko arazo biziena,  nazionalitateak eta  Autonomiaren arteko harreman zail bezain korapilatsua genuela  eta dugula.  Autonomia aipatzen danean Estatutuak jartzen ditugu mahai gainean, eta honekin,  bere baliagarritasuna. Hor gakoa.

Naiz orain arte espainiar gobernu guztiak frogatu, ez dutela Estatutua “betetzeko” asmorik, norbaitzuk ez dute olakorik entzun nahi, Estatutua da aurrera egiteko  beraien tresna bakarra. Hori bai,  jakinik Madriletik ekartzen duten guztia, zerbait garrantzizkoaren  truk ekartzen dutela. Gero agertuko dut zergatik.

Beste askorentzat  –ni tarte–   Euskal Herriaren askatasunaren ibilbide luzearen urrats bat besterik ez da, –betea ala ez– Autonomi Estatutua.  Euskal Herriaren jatorrizko eskubidea ez baita inoiz,  Madriletik eta  borondatez emango diguten zerbaitekin agortuko. Gure eskubideak, sabel emankorragoa behar du.

Lan asko dago aurretik, batez ere, ikusiz zer eta zergatik gertatzen ari den, gertatzen ari dena. Eta lan horretan  ez du batere laguntzen, bai historia , soziologia edo kultura arloan,  Herri desintegratu baten antza handia izateak. Eta ez administrazio mailan soilik.

Dena dela, desintegrazio honen gainetik, integrazio borondate bat dagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, baita nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria dalako. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da, “oraindik” geure historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Hor lan polita, oraindik inork zuzen eta zintzo eskua sartu ez diona.

Gaur egun, espainiarrak bide “bakarra” bultzatzen dutela frogatuz, PSOE, eta bere ingurukoek eskaintzen  duten integrazioa ezinezkoa da, ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe. Bestela ez da integrazioa, kolonizazioa baizik. Gainera, integrazioa espainiarra bultzatzen  dute, eta oker ez banago, hauteskundeen  emaitzak diotenez, euskaldun gehienek ez daude ados, beste zerbait nahi dute.

Beraz, mezulariak ezagutzen ditugu, mezua ere bai.  Elkarbizitza  da aldarrikatzen den helburu ukaezina, bale, ados. Baita erabakitzeko ahalmena, ados ere, bale, baina zer erabakitzeko, espainiar “nazionalistak” nahi dutena, hala abertzale euskaldunak nahi duguna? Espainiarrak izatea derrigortuz, inposatuz? Hori da elkarbizitza?

Egia da orain arte emandako urratsak emaitzak eman dituztela, baina onartu beharra dago, -egia baita- garai batean uste genuen baina latzagoa izaten ari zaigula, Estatutua,  Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesuan, autonomia, independentziaren antidoto gisa erabili duela botere menperatzaileak. Aurreko tresna guztiak porrot eginda gero, noski.

Bide beretik dator gaur PSOE -Moncloan sartzen lagundu eta gero-  bultzatu nahi  “omen” duen federalismoa. Beharbada onerako izan daiteke, baina baita beste urrats bat, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino, tranpa hilkorra suerta  daitekeena, herri honetako askatasun aukerari begira.

Ez dago zalantzarik, denok nahi omen dugun egitasmo hori, -nire ustez behintzat- konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu,  “nekez inork” ekarriko du normalizazioa eta bakea, herri honetara. Eta beldur naiz politiko euskaldun batzuk bide horretatik doazela.

Bostgarren paragrafoan emandako hitza betez: Ez dago zalantzarik, Estatutua nola edo ala mantentzeko arrazoi nagusia, hau: Estatutua + EAJ + X = Ajuria Enea.

Ekuazio honek,  Ajuria Enean sartzeko, ukaezinezko bermea erakutsi du urteetan zehar, baina bide honek beste zerbait ere erakutsi digu;  Euskal Herria aske, independentea eraikitzeko  bidean, tarteko urratsa baino , oztopo nagusia bilakatzen dala.

Hasieran aipatzen nituen  hamarkadak irakasten dute, dagoeneko ekiteko unea iritsi dala, benetako aktoreak eszenara igotzeko sasoia dala. Trantsizio parentesi atarian  gaudela eta errealitate batetik beste batera igarotzeko, aldaketa kualitatiboak eman behar ditugula, euskal errepublikaren bidean.

Ezin diegu hutsik egin horrenbeste urtez “trantsizioan”, parentesi ikaragarri luze batean, aurrera begira etorkizunean sinetsi dutenei. Nik dakitenez, prest daude betidanik.

Beraz, gure herria prest dago bere eskubideak gauzatzeko. Bere buruaren jabe izan nahi du, eta inoren eskusartzerik gabe erabaki. Libreki adierazitako erabaki demokratiko  hori, errespetatzea nahi du gure herriak.

Ez dakit ikusiko ote dudan, baina nire herria aske izango da.

Search