Mikel Zubimendi
GAUR8

Nostalgia ezin da bitan banatu

Batzuetan, Euskal Herrian baino Txinan gaudela dirudi. Benetan. Arrazionalismo mendebaldarrak, dialektikaren tesia eta antitesiaren arteko borrokak sortzen duen sintesiaren haritik, bi errealitate bakar bilakatzen direla esaten duen bezala, txinatarrek bat bitan banatzen dela diote.

Egia ala gezurra, baietza ala ezetza modu absolutuan baino ez direla existitzen, denboraren joan-etorrian aldakorrak direla eta bi asimetria horiek bilduta ere azkenean bietariko bat beti dela irabazle. Euskal Herrian artistak gara bat bitan banatzen. Eskarmentuz ikasia dugu banatuta ezina eta batuta etekina dugula. Baina, beste hark esango lukeen modura, banaketa on bat baino gauza euskaldunagorik, eszisio iraunkorra baino produktu labeldunagorik ez dago.

Txinatarrek, adibidez, ez dute mendebaldean bezala ipar-hegoa, sortaldea-sartaldea esaten. Alderantziz beti. Behin izan nuen lagun txinatar bati ikuspegi horren inguruan galdetzeko aukera. Eta ondo gogoan dut txinatarren eta euskaldunen pentsatzeko era ezberdinak azaltzeko bota zidan etsenplua. «Zuretzat, aurrean zein dago, etorkizuna ala iragana?». Eta nire naturalean, nik aurrera begiratzean etorkizuna ikusten, irudikatzen nuela erantzun nion. Txinan, aldiz, iragana aurrean dago eta etorkizuna atzean. Aldaketa politiko bat egiteko, erabakiak hartzeko, etorkizunera abiatzeko, beti-beti begiratu behar zaiolako iraganari.

Txinan gaudela dirudi, bai. Denbora berri bat ireki dela euskal politikan, baina iragan mendeko 80ko hamarkadan kateatua omen dago. Eta ez da, inola ere, 80ko hamarkada ustez loriatsu haren nostalgia. Ez. Nostalgiari, abantailarik izatekotan, bakarra ikusten diot: garagardoak merkeagoak zirela. Gainontzean, nostalgia ez da bizitasunaren lagungarria, ez da batere gomendagarria.

Asko hitz egin da PNVk denbora berria Ardanzaren gobernuen ereduaren errepikapen batera mugatu nahi duela. ETAren jardun armatuaren akaberarekin, aukera guztiak, leiho oro zabalduko zirela, baina PNVren ildoak Ajuria Eneko Paktuaren eta PSEren lankidetza lehenesten dituela. Aurrekontuak ziurtatu eta instituzioak egonkortzeko PSErekin akordioa; estatus berria unionismoaren eskutik; Bake Plana ezker abertzalearen kontrako gerrarako bitarteko; eta Ertzaintzaren organigrama berria zigorgabetasunaren gainean eraiki, 80ko hamarkadan eta ondoren nabarmendu diren sokako ertzainburu amorratuenekin. Esan liteke, txinatarrek bezala, aurrera begirakoak iraganaren errepikapena dakarrela altzoan, denbora berria zahar usaineko nostalgia narratsena dela.

Azterketa zintzotasun intelektual batetik eginda, 80ko hamarkadako eskema eta tik ezberdinetatik libre ez dago inor. Ezta, bereziki, ezker abertzalea ere. Urte askotako lanak eta borrokak, bere eza, ezin eta errakuntzekin, nortasun bat egin duelako, di-da batean ezin dena ezabatu, inertzia eta erresistentzia ezberdinez josia dena.

Eta hala ere, entzuten da entzuten denez 80ko hamarkadan segitzen dugun matraka. Mentalitateak ez direla aldatu eta kontu, «kaka», berdinei bueltak eta bueltak ematen segitzen duela euskal politikak.

Ez da erraza mentalitatea aldatzea, sarri, anbarrean harrapatutako intsektu prehistorikoen antza duelako. Gure buruen funtzionamendua milaka urtetan ez da ia aldatu eta pertsonaren bizitzaren zikloan ez da askorik aldatuko. Mentalitate aldaketa horrek, halaber, beharrezkoak diren maila askotako kontraesanak sortzen ditu: pentsatzeko moldea eta gure buruaz pentsatzen duguna aldatzea eskatzen du, gure demontreei begietara begiratzea, orain arte egindako gauza asko egiteari uztea eta gainera, zailtasuna biderkatuz, hori guztia orain arteko jende berdinak egitea.

80ko hamarkadako mamuez eta mentalitateez libratzeko ez dago errezeta borobilik. Ezta behar ere. Konformatzen naiz burua zergatik dugun borobila beti presente eta ondo gogoan izango bagenu: autoak eta autobusak zirkulazio errotondetan bezala, gure buru borobilean ideiak, eskemak eta pentsamenduak zirkulatu eta norabidez aldatu ahal izateko. Eta azken aldiotan bezala, beti kontu berdinarekin bueltaka eta bueltaka ari garela itolarria sentitzean, argi-keinukariei eman ahal izatearekin, bide eta ideia berriak hartu eta suelto eta libre abiatzeko.

Mentalitateen iraultzarako, hortaz, kultura politiko eta lagunarte berri baten ardatz, uste dut abiapuntu balekoa dela gure buruen borobiltasunaz jabetzea eta hori aprobetxatzen jakitea. Eskatzea libre, ez da asko eskatzea.

Search