Joseba Alvarez
35/02eko auziperatua

Obedientzia beltza, desobedientzia laranja

Tortura, tortura eta tortura… Torturaren testigantza lazgarriak izan dira euskal gazteriaren aurkako epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean iraun duen bitartean entzun duguna. Poltsa, ariketa nekagarri amai ezinak, kolpeak, mehatxuak, eraso psikologikoak eta sexualak, lotarako aukerarik ez, atsedenik ez, testuak buruz ikasi eta errepikatu behar, bakardadea… Eta, nahikoa ez balitz, torturapean lorturiko testigantzatan oinarriturik, eta Istanbuleko Torturaren aurkako Protokoloa baztertuz, beste zazpi gazte euskaldun espetxera.

Eta euskal jendarteak, Euskal Herriko gehiengo politikoak, sindikalak eta baita mugimendu sozial anitzak ere, ondo daki euskal gazteak ez direla gezurretan ibili Madrilen. Euskal Herrian denok dakigu gazte hauek ez dutela politikaz kanpoko deliturik egin eta guztiok dakigu torturatu egin dituztela inkulpazioak edota autoinkulpazioak eskuratzeko. Horregatik guztiarengatik, Euskal jendarteak ez du horrelako epaiketa politikorik sekulan onartuko.

Eta, hala ere, PNVek Madrilekiko duen jokabide obedientea noraino eramateko prest dagoen azaldu du Gasteizko Herri Harresiaren aurrean izaniko jokabideak. Herritarren jokabide desobediente ez-biolento koloretsuari, Ertzaintzaren «Beltzek» obedientzia modurik biolento eta itsuena gogoz erabiliz erantzun diote. Eta PNVk txalotu, babestu egin ditu, Euskal Herriaren gehiengoak pentsatzen duenari bizkar emanez.

Berriro ere, Madrilekiko PNVren jokabide sumisoa eta obedientea, politikoki onartezina izan da eta Ertzaintzaren «beltzena», berriro ere euskal jendarteak inoiz ahaztuko ez duen horietarikoa. Jasotako argazkiak eta grabazioak, beraien eguneroko mamu eta ispilu bilakatuko dira, eta denborarekin beraien herrietan ere klandestinoak bihurtu beharko dute.

Orain, obedienteek «desobedientzia» delitua eta «agintarien aurkako atentatua» egotziko diete kolpatuak izan diren herritarrei eta zigortuko dituzte. Baina alfer alferrik dabiltza. Gatazka politikoaren aurrean Madrilek azaltzen duen jarrera itxiak eta PNVren jarrera obedienteak, Euskal Herrian gero eta desobediente gehiago sortzen ditu, legearen eta justiziaren artean, gero eta gehiago baikara justiziaren alde egiten dugunok. Gero eta gehiago gara independentziaren aldeko prozesua ezinbestean desobedientziaren bidetik garatuko dela pentsatzen dugunok.

Elkartasunetik, konpromisora pasatzen hasi ginen. Orain konpromisotik desobedientziara pasatzen hasi gara. Eta desobedientziarekin, herri erresistentzia eta konfrontazio mota ezberdinak indartuko dira. Bide honek askatasunera eramango gaitu. Zutitzen ari gara. Ikasten ari gara, eta irabaztera goaz.

Zorionak Gasteizko manifestazioan, Aske Gunean eta, bereziki, Herri Harresian parte hartu zenuten herritar guztioi. Oinaze, beldur eta kolpe guztien gainetik erakutsi zenuten duintasunak eta indarrak, han egoteko aukerarik izan ez genuenoi aurrera egiteko grina piztu zigulako. Ez da alferrikakoa izan. Borrokatzea ez da inoiz alferrikakoa izaten.

Search