Olentzero, errege «majoak» eta abar datozen honetan
Kulturak zein tradizio edo ohiturek gure jendartean pisu asko badute ere, zer esanik opor hauetan, ospatzen dugunarekin ez ote garen beste leku batera begiratzen ari galdetzen diot nire buruari.
Hilabete batzuk daramazkit kontu berberarekin bueltaka. Ez dakit zer gertatzen den baina iruditzen zait gero eta anitzagoa dela gure jendartea, ezta? Eskoletan behintzat ikusten denagatik, diot. Gaur, lanetik etxera itzultzen nintzelarik nire solidario-nostalgiko-epiko-etiko neura agertu da eta entzun behar izan dut. Ilusioz bizi omen gara.
Egia esan azken garaian neguko oporrek berriz ere sorrarazi didate ilusio apur bat, azkar desegiten zaidana, hori bai. Izan ere, kulturak zein tradizio edo ohiturek gure jendartean pisu asko badute ere, zer esanik opor hauetan, ospatzen dugunarekin ez ote garen beste leku batera begiratzen ari galdetzen diot nire buruari. Hortxe hiru adibide:
Lehenengoa: gaur, arrunta ez den baina gero eta arruntagoa den txano horietako batekin joan naiz eskolara. Madrildarrek janzten duten horietakoa, «Espainia sakon» horretako herri txiki batekoa, frantsesek eramaten duten horietakoa edo irlandarrek eramaten duten horietakoa, irakasleen arabera. Olentzerorena, ikasleen esanetan. Arreta deitu dit.
Bigarrena: ikastetxean hizkuntzaren erabileraren inguruko azterketa egiten ari garen honetan, gure familien %70 inguruk arabiera, portugesa edo urdua hitz egiten dutela etxean ondorioztatu dugu, lehen hizkuntza gisa. Aldiz, %3 inguru da euskara ama hizkuntza duten ikasleak eta %15 inguru gaztelania ama hizkuntza dutenak. Eta honek ere arreta deitu dit, noski.
Hirugarrena: Olentzero eta Errege «majoei» opariak eskatzeko gutunak banatzen nituen bitartean eta haien aurpegiak ikusten nituelarik pentsatu egin dut ea benetan gure ikasleek hori ze demontre zen jakingo zuten. Eta, aldi berean pentsatu dut, behintzat idazketa lantzeko ariketa bat izan zitekeela.
Eta solidario-nostalgiko-epiko-etiko jarri naizen honetan, hausnarketarako tartea izan dudanez, nire buruari galdetu diot ea ez ote garen ohitura eta tradizioekin konfunditzen ari; ez ote garen fokoa beste puntu batetan jartzen ari eta ez ote garen benetan ilusioa sortzen digun horretatik gutxi batzuk bizitzen ari.
Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotzen diren pertsonen herena baino gehiago kanpo jatorriko familien seme-alabak dira, Eustat-en arabera. Akaso, bizi garen mikro-burbuilaren barnean orain arteko tradizioek garrantzia izango dute baina, iruditzen zait, burbuila osorako baliagarriak ez direla edo, bederen, ongi azaldu eta konpartitu behar direla. Agian, biharko jendartea osatuko duten horienganako ohituren birmoldaketan pentsatzen hasi beharko gara. Olentzero eta errege «majoak» datozen honetan, agian.