Gorka Elejabarrieta
GAUR8

«One step forward, two steps back»

Duela zenbait egun Istanbulen egon naiz, Taksim plazaren erdi-erdian, noiz eta plaza poliziaz eta militarrez aske eta mota guztietako pertsonez okupatuta zegoenean. Aukera izan dut Taksim plaza okupatu zuten edo okupazio eta protestara geroago gehitu ziren hainbat pertsonarekin hitz egiteko.

Erdogan plaza bortxaz uztea agindu baino zenbait egun lehenago. Zaila egiten zait han ikusi, entzun eta sentitu dudana paper gainean azaltzea. Aniztasuna, borrokarako grina, Erdoganen politikarekiko ezadostasun nabarmena eta antolaketarako kapazitate handia. Taksim plaza eta Gezi parkea sinbolo bilakatu dira eta egun horietan izandako hartu-emanek fruitua emango dute, dudarik ez daukat.

Egun bereziak izan dira oso. Ni Euskal Herriko konponbide prozesuaren inguruan hitz egitera gonbidatua nengoen, Irlanda, Hegoafrika eta tamil herriko ordezkariekin batera. Lau prozesu ezberdinok aztertu ditugu eta Kurdistanen garatzen ari den prozesuarekiko berdintasun eta ezberdintasunez mintzatu gara.

Gatazka guztiak dira ezberdinak, konponbide prozesu oro da ezberdina, baina argi dago berdintasun asko suertatzen direla horrelakoak mahai baten gainean batera jartzerakoan. Asko dago ikasteko beste batzuen esperientzietatik.

Irlanda, Hegoafrika eta Kurdistanen inguruan dezente idazten da gure herrian, ez horrenbeste tamilen inguruan. Irlanda eta Hegoafrika konponbide prozesuen adibide onak diren bezala, tamilen kasuan guztiz kontrakoa gertatzen da. Porrotaren adierazle argienetarikoa dugu. Ez dezagun ahaztu duela ez asko arte, tamil tigreena zela militarki mundu mailan zegoen gerrilla indartsuena. Sri Lankako armada eta tamilen gerrilla urte mordoa ibili ziren borrokan, eta bazirudien ez zegoela modurik batak bestea indarraren bidez menderatzeko. Egoera horrek bake elkarrizketak eta gatazka politikoki konpontzeko saiakerak ekarri zituen. Eta aitortu beharra dago han ibilitakoen arabera akordioa lortzetik oso gertu ibili zirela bi aldeek. Errealitatea baina, fikzioa bera baino dezente gordinagoa izaten da, baita kasu honetan ere, eta, hala, akordioa eta konponbidea lortzetik alde baten desagerpen fisikora pasa ginen oso hilabete gutxiko epean. Bai, desagerpen fisikoa, Sri Lankak sarraski izugarria burutu baitzuen eta milaka eta milaka Tamil hil, tartean tigreen militante gehienak. Sri Lankak garaipen militarra lortu zuen. Sri Lanka irabazle eta tamilak galtzaile. Egia da gatazka ez dela desagertu, bere horretan jarraitzen duela, baina argi dago egungo agertokia Sri Lankaren interesen aldekoa dela guztiz. Tamilek bere burua berriz ere antolatzeko, indarra izateko eta bere proiektu politikoa lortzeko aukerak izateko urte asko pasa beharko dira, belaunaldiak esango nuke nik.

Baina auskalo, Taksim plazan mundu guztiak errepikatu dit esaldi borobil bat: «Inork ez zuen espero, ezta bere ametsik gozoenetan ere, horrelako protesta jendetsu bat sortuko zenik». Parkearen deuseztatzea gelditzen saiatu zirenak ez ziren milara iristen, eta, konturatu gabe, milioira iritsi ziren. Tamilen, Irlandako, Hegoafrikako edota Taksim plazako esperientziek irakaspen potoloak dauzkate gure herriarentzat ere. Esan eta entzun dugunaren kontra, galtzerik badago. Konponbidea ez da iristen akordio bat lortzeagatik, ez eta martxan jartzeagatik ere; horrelako prozesuak amaigabeak dira, baina bidean egoera eta helburuak lor daitezke. Konponbide eta aldaketa prozesuak ez doaz aurrera marra zuzen bat bezala. Munduko diseinurik logikoena eta justuena egin dezakezu gatazka bat konpontzeko, baina logika eta errealitatea ez datoz bat. Prozesuak dinamikoak eta aldakorrak dira. Irlandarrek modu oso grafikoan laburbildu zuten prozesuen izaera hori: «One step forward, two steps back». Hau da: «Pausu bat aurrera, bi pausu atzera». Eta fisikaren logika aplikatuz aurrera baino atzeraka goazela aitortu beharko genukeen arren, errealitateak erakusten du horrela helmugara iristerik badagoela. Are gehiago, ez dagoela iristeko beste modu edo biderik frogatzen du.

Search