Mikel Arginarena Otamendi
Irakaskuntzako langile ohia

Orain artekoa ez da aski

Gaurko gizartean Lehen Hezkuntza garrantzitsua da, baina erronka handienak gero datoz; pentsamendua lantzen jarraitzen da

Joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera euskaldunok luzaroan gordetako amorrua auzolan bihurtu genuen hezkuntza sistema euskaldun bat eraikitzeko. Gure urrezko aroa izan zen, desadostasun askoren gainetik, ezina zirudiena aurrera ateratzeko. Atzera begiratu eta non egon zen arrakastaren giltza? Barrenean premia hori sentitzen genuela eta egin zitekeela erabaki zela. Zenbat aldiz pentsatu genuen: gure aitona-amonei lehenago, gure aita-amei gero eta orain guri mespretxuz eta indarrez kendu zigutena berreskuratu eta hemendik aurrera gure haurrek euskaran murgilduta bizitzeko aukera baldin badute, duintasun handiagoz biziko dira.

Halere, ametsak ez dira nahi genuen neurrian gauzatu. Ibilbide horretan zerbaitek huts egin du. Eta ez da batzuk berez baikorrak eta besteak pesimistak garela. Datuak hor daude. Azken belaunaldietan agerian geratzen ari da euskaldunon artean elebidunak asko direla, sekula baino gehiago, baina euskaraz murgilduta bizitzeko aukerarik gabe jarraitzen dugula, erbestean.

Eta, zoritxarrez, gure arduradun politikoak ez dira nonbait horretaz jabetu. Eta euskaldunoi «segi holaxe aurrera» animoak emateko asmoz okerreko arrazoiak eman dizkigute sarri. Izan ere, zenbaki on horietan euskararen ezagutza adierazten duten datuak eman dizkigute eta hizkuntza baten osasun adierazleak beste batzuk dira: euskararen erabilera. Oso akats larria gure arduradun politikoena.

Zurrunbilo hau guztia sentitu nuen nire barnean, joan den urtarrilaren 3ko GARAn egindako elkarrizketa batean Paulo Iztuetak zioena irakurrita. Orduan ohartu nintzen gure ibilbidean egindako akatsa non zegoen, non euskararen gabeziak, zergatik halako ahuleria, azken hirurogei urteotan horrenbeste milaka elebidun sortu arren. Uste genuen haurrek txikitan kantu eta kanta erraz ikasten zuten euskara erabiliz gizartea euskaldun bilakatuko zela bere kabuz.

Eta ez, ez da horrela suertatu. Haur horiei bizitzan aurrera zihoazen neurrian ez diegu elikadura egoki eta nahikoa eman. Gaurko gizartean Lehen Hezkuntza garrantzitsua da, baina erronka handienak gero datoz; pentsamendua lantzen jarraitzen da. Joan ziren lehengo lanbide zaharrak.

«Kultur produkzioa neurri handi batean pentsamendua lantzera emana dago. Hor garrantzitsua da zer produkzio kultural bideratu den eta zer ez, zeri eman zaion garrantzia, kulturgintza horretan fikzioari eta ez-fikzioari eskaintzen zaiona. Euskal Herrian, zoritxarrez, fikzioari garrantzi handiagoa ematen zaio», dio elkarrizketan Iztuetak.
Eta fikziozkoan sartzen du gure kultur produkzioaren parterik handiena: «bere ekarpena testu ez-unibertsitarioetan eta haur eta gazteentzako sailetan metatzen baita. Hor nabari da nola pentsamendu akademikoaren ahulezia dagoen euskara bezalako hizkuntza minorizatuetan».

Jakina, ez dator fikzio sailean egiten den kultur produkzioa salatzera; adierazi nahi dena, ongi ulertu badiot, beste hau da: harro ematen ditugu gure kultur produkzioaren datuak, baina ez-fikziozkoa, zeinean datozen pentsamendua, testu zailagoak, ekonomia, historia eta abar, oso antzu daukagu: «Pentsamendua elikatu egiten da, eskolatu, eta herri batzuk aurreratuago daude beste batzuk baino». Eta hori egiteko orduan «emigratu» egin behar izaten dugu.

Bai, eta Pentsamendua garatu behar den garaian euskaldunok eremu arrotzetan bazkatu behar izaten dugu, «herri emigratu bat izan gara intelektualki», Iztuetak dioen bezala.
Nondik datorkigu «emigratu behar hori?». Argi azpimarratzen du «nola estatu baten babesa duten hizkuntzek zaintzen duten ekoizpen zientifiko-akademikoaren esparru zabala osatzen duen ez-fikzioaren saila».

Euskal Herrian gaur atzematen dugun kultur ekosistema egoki baten faltak historia luzea du. Hemengo eliteak «Salamancan, Valladoliden edo Zaragozan» eskolatuak dira eta ez dute euskal pentsamendurik garatu. Hemen bakarrik izan dugu «Deustu eta Nafarroako Unibertsitatea». Eta joan-etorri horietan euskal Pentsamendu baten ordez beste Pentsamendu bat garatu duen herria bilakatu gara.

Gaur egun hor dugu EHU. Alde handiarekin gehiago dira han ikasten dutenak Deustun edo Nafarroako Unibertsitatean baino. «Halere, eragin handiago dute gizarte mailan, sare zabal horretan, zeinetan dauden enpresak, azpitik eragiten duten horiek. Hor zabaltzen da elitismoa», diosku Iztuetak. Eta elite horiek egituratzen dute gizartea.

Euskaldunoi kultur ekosistema egoki bat falta zaigula esanez hasi ditugu lerrook. Eta aipatutako elkarrizketa horretan horren arrazoi batzuk eman dizkigu Paulo Iztuetak. Ez du bazterrean uzten beste puntu oso larri bat: «Lanbide Hezkuntzako ikasle gehienek gaztelaniaz burutzen dituztela beren ikasketa urteak, %18 baino ez baita D ereduan eskolatzen». Gure eredu ekonomikoan pisu handia duen eremua.

Baina, gehiago luzatu gabe, uste dut GARAko elkarrizketa horretan jaulkitzen dituen datuak eta hausnarketak oso serioski hartzekoak direla dagokionaren aldetik. Hori ezin da egin ikastolak eraikitzen jardun zuen jendearekin. Haiek lan handia eta ezinbestekoa egin zuten. Beste honek, aitzitik, bitarteko oso ezberdinak behar ditu eta gure arduradun politikoek dute hor zer esana. Ulertzekoa da euskaldunok lortu dugunaz harro egotea, baina lortzeko daukaguna ahanztea barkaezina izango litzateke.

Search