Igor Estarellas Lacasa
Gurutzetako Ospitaleko langilea

Osakidetzaren etxean zotza nagusi

Pasa den egunean berri zahar bat topatu nuen non Eusko Jaurlaritzak lanaren eta familiaren kontziliazioa bultzatzen duten enpresak sarituko dituela iragartzen zuen.

Antza denez, Familien Laguntza Plana 2011-2015 txostenaren arabera, enpresa pribatuei abantaila fiskalak eskainiz eta zergak malgutuz, kontziliazio hori sustatuko zuten. Eta berehala burura zetorkidan «Etxean pertza zuloekin eta auzoan eltze konpontzen?», zelako kontraesana (hipokrisia ez esatearren)!

Nik ondotxo ezagutzen dut Osakidetza, ziur aski Jaurlaritzako beste administrazioetan gauza bera gertatzen da, baina nire esparrua denez, Osakidetzan gertatzen dena salatu nahi dut. Osakidetzak gizartearen osasuna dauka ardura, eta gizartea esaten dudanean bere langileak eta baita bere langileak ez diren pertsonak ere aipatzen ditut. Baina Osakidetzari langileen osasuna berdin zaio, ez omen dira herritarrak, langile horiek zerbitzuaren menpe bizi dira; langileek ulertu behar dute badagoela haiek baino garrantzitsuagoa den zerbait, hau da Jaurlaritzak osasungintzan ematen duen arreta fantastikoa.

Izan ere, Osakidetzak ez ditu, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Euskal Autonomia Erkidegoan 2005ean eta espainiako Estatuan 2007an onartu ziren legeak bete behar, Osakidetza legearen gainetik dago eta ez du inporta. Osakidetzak ez ditu kontziliaziorako neurriak ezarri behar eta antza ere ez du sustatu egin behar. Horrek, emakumeon dizikriminazioa dakar, emakumeongan erortzen delako sistemak produzitzeko behar dituen zaintza lanak.

Osakidetzak lan eta familia bateragarritasunerako eskubidea urratzen digula salatzen dut, Osakidetzak langile estatutariooi gure 3 urte baino gutxiagoko seme alabak zaintzeko eszedentzia zatitzeko aukera ez baitugu ematen, eta bereziki emakumeoi (eszedentziak eskatzen dituen pertsonen %90aren inguru emakumeak baitira). Ez dugu ahaztu ere egin behar, familiarekiko zaintzei lotutako lan zamei buruzko banaketa oraindik pendiente daukagun erronka dela, gizartearentzat eta batez ere Eusko Jaurlaritzarentzat.

Gure esparruan ere zaintza da gure helburu nagusia eta hori da begiratu behar dugun gauza bakarra. Diotenez, ez dago mediku eta erizain nahikorik oporrak edo dena delakoa gertatzen denean eta zerbitzua bermatu behar dugunez, ezin dira langileen eskubideak errespetatu, arrazoi goren bat dagoelako. Eta aldi berean, Osakidetzatik erizain laguntzaileak osasun zentroetatik desagerrarazten dituzte; erizaina bere lana betetzeko gai baita eta momentu libreren batean erizainaren lana bete baitezake. Beraz, ez daukagu erizain nahikorik baina behar ditugun erizainak baino gehiago erabiltzen ditugu.

Osakidetzan oporrak, lizentziak, baimenak, eszedentziak eta jardunaldi murriztuak ez daude bermatuta. Eta egoera honi aurrera egiteko bakarrik bi irtenbide daude, eskubiderik gabeko langileak garela onartzea edo eskubide falta salatzea eta borrokatzea uko egiten diren eskubideak lor ditzagun.

Oso tristea da baina bizi dugun errealitatea hauxe da, guk zerbait eskatzen dugunean, badaukagu epe bat eskatzeko, baina Osakidetzak ez dauka adeitasun-erantzuna emateko eperik eta askotan lau hilabete pasata esaten digute ez digutela ematen. Eta hori baino lehen, ez dago azalpen txiki bat edo zuribide bat. Beraz, egon gaitezke urduri emaitzaren zain, igual bidaia bat erosita edo aspaldi ikusi gabeko pertsona maitearekin egoteko irrikan eta azken momentura arte ezinbizirik ibiliko garelakoan. Gero eta gehiago tripako minak eta insomnioa agertzen dira, berriz, gizarte arazoa dela pentsatzen dugu, baina ez da gaurko garaia oso arina dela baizik eta gure buruzagiak toxikoak direla.

Search