Joseba Alvarez
Ezker abertzaleko kidea

Osasun txartela?

Guztion artean interes kolektiboaren mesedetan eskubide indibidualak murriztea erabakitzen badugu, eta askotan eta mila gaitan egiten dugu, derrigorrezkoa inposizioa al da?

Eskubide pertsonalak oinarritzat dituen demokrazia liberalean ezin omen zaio covid-19aren aurkako txertoa jendarte osoari inposatu. Baina gero eta garbiago ikusten ari gara, zeharkako bideetatik bada ere, kontrako bidea egiten ari direla munduko bazter guztietan, zeinahi delarik gobernantza eredua. Izan ere, osasun txartelik gabe bizitzea gero eta zailagoa bihurtzen ari dira, jende asko haserretuz.

Dagoeneko zenbait estaturen muga gurutzatzeko beharrezkoa bihurtu da osasun txartela. Garraio publiko edo pribatua hartzeko ere ezinbestekoa da beste leku batzuetan. Gehienetan, kultur edo kirol ekitaldi nagusietan sartzeko zeresanik ez, beharrezkoa da. Eta, nahikoa ez balitz, gero eta ofizio edo lanbide gehiagotan lan egiteko txertatua izatea alboraezina bihurtzen ari dira. Eta horrela noraino joango gara? Osasun txartelik gabe bizitzea debekatzeraino?

Agian, arazoa ez datza nagusiki txertoaren derrigortasunean, baizik eta derrigortasun hori bermatzeko bideratu den inposizioan. Izan ere, nortzuek, non, nola eta zertarako hartu dute gero legebiltzarrek onetsi duten osasun txartela sortzeko eta derrigorrezko bihurtzeko erabakia? Zer helbururekin egin dute?

Osasun txartela derrigorrezko bihurtzea ez da izan guztion artean buruturiko eztabaida sozial zabalaren emaitza, industria farmazeutikoak negozioa egiten jarraitzeko inposaturiko neurri berria baizik, bide batez, segurtasun indarrei jendartearen kontrola ziurtatzeko beste bitarteko bikain bat eskainiz. Ez ahantzi osasun txartelaz eta beronen erabileraz ari garela eta ez txertoaz.

Guztion artean interes kolektiboaren mesedetan eskubide indibidualak murriztea erabakitzen badugu, eta askotan eta mila gaitan egiten dugu, derrigorrezkoa inposizioa al da? Osasun txartela inposizioa bada, derrigorrezkotasuna kontsentsu sozialetik at, agintean dagoen minoria batek bere interesen defentsan hartu duelako da.

Hau da, osasun txartelaren sorrera eta erabilera denon artean adostu eta kontrolatzeko bidea onartu izan bagenu, ezinbestekotasuna ez zen inposizio bihurtuko. Inposizioa horrelako prozesu sozial bermatzailerik gabe agintari eta enpresari gutxi batzuek botere eta negozio gosea bermatzeko beraiek kontrolatuko duten sistema, osasun txartela, guztioi derrigortzea da.

Beraien mezua argia da: eskubide guztien jabe izan nahi baduzu, osasun txartela behar duzu. Ez da mehatxua, benetako inposizio politikoa da. Nahikoa ez balitz bezala, beraiek sortutako osasun txartela erabiltzearen aurka dagoena, txertatzen ez dena bezalaxe, insolidario bihurtuko dute, berekoi, atzerakoi, sozialki eta politikoki arriskugarri...

Gauzak jartzen ari diren moduan jarrita, etorkizunean osasun txartela ukatzen duenari errepresio bortitza eta bazterketa soziala bideratuko diote. Herritar onak ala txarrak izango gara osasun txartelaren arabera... Eta guztiok epaile bihurtu nahi gaituzte. Osasun txartelarekin, osasun apartheida da martxan jarri nahi dutena. Gazteekin egiten ari direna ikustea besterik ez dago.

Eta «lehen munduan» bideratu nahi duten osasun txartelaren politika inposatzaile hori nola bideratuko dute «hirugarren eta laugarren munduan»? Arazoa planetarioa baita. Han milioika herritar txertatzeko prest dago, baino txertorik ez dute. Hemen osasun txartela inposatu nahi duten horiexek dira han milioika lagun miseriara, prekaritatera eta pobreziara kondenatu dituztenak. Haientzat ez lanik, ez etxerik, ez ur garbirik, ez osasun baldintzarik, ez zerbitzurik, ez hezkuntzarik, ez oxigenorik, ez xiringarik, ez txertorik, ez ezer... baina etorkizunean osasun txartela bai. Eskubideak berriz ere klase kontua bihurtu dituzte.

Eta bitartean, agintariak eta osasun enpresak negozio borobilerako bidea indartzen ari dira. Frantziar telebistak esan duenez, Pfizerrek 30.000 milioi dolar irabazi omen ditu... Nahikoa ez, eta dagoeneko ez omen da aski bi aldiz txertatua izatea... Urtea amaitu aurretik hirugarren aldiz txertatu beharko dugu geure burua, beraiek hala agintzen dutelako. Hiru txertoak jarri beharko ote ditugu osasun txartela eskuratzeko?

Ustezko osasun txartelik ez duen herritarra, automatikoki susmagarria bihurtuko da sistemarentzat eta segurtasun indarrentzat, eta ez arrazoi sanitarioengatik. Teknologia berriek erabiltzen dituzten algoritmoek laster batean kate berean lotuko gaituzte makina ekonomikoaren interesen aurrean amore emateko prest ez gauden herritarrak, baita osasun txartelik ez dugulako ere.

Eta gauzak okertzen badira, kontrol soziala areagotuz, konfinamendua, etxeratze agindua ala protesta sozialerako bideak zapuztuko dizkigute osasun segurtasunaren izenean. Eta nor izango da horrelako mehatxu bati aurre egingo diona? Neurria hartzen ez badiogu, ustezko osasun txartela etorkizun osoa baldintzatuko digun tresna bihurtuko dute.

Ni inposizioaren aurkakoa baina derrigortasunaren aldekoa naiz. Horregatik, txertaketaren aldekoa naiz, txertatuta nago eta osasun txartelaren aldekoa naiz, baina erabilpen eta kontrol komunitario egokia egiteko eta inolaz ere ez egin nahi duten sistema horretarako. Hori horrela, txertatu nahi ez dutenak edo osasun txartela erabili nahi ez dutenak babestuko ditut.

Nire ustez, txertoen patente pribatuak liberalizatzea eta herritarrak hartzen diren erabaki nagusietan kontsulta bidez partaide bihurtzen hastea inposiziotik derrigortasunera pasatzeko zubian lehen urratsa ematea litzateke.

Search