Iñigo Jaca Arrizabalaga
Medikua

Osasungintza eta Euskara

Osasun arloa euskalduntzeko prozesuan ezin zaio erru guztia administrazioari egotzi, zeren euskaldunon utzikeria ere hor baitago. Herriak ez du erreklamatzen eta ez du euskalduntze prozesua bultzatzen.

Lagun batek idatzi zidan esanez Osakidetzak mediku bati gaixoen historian euskaraz erregistroa egiteko, erabiltzaileari baimena eta sinadura jasotzeko eskatzen ziola. Eta nire irudipena da, alde batetik Osakidetzak baduela Europako arauak betetzeko beharra, eta bestetik, euskaldunek Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (10/1982) ematen duen eskubide subjektiboa erreklama dezaketela.

Niri ez zait asko axola Osakidetzak erabiltzaileei baimena eta sinadura eskatzen dien ala ez. Gure herria gure hizkuntzarekiko konpromisorik gabeko jendearena iruditzen zait dela, eta hau garbi ikusten da Elebiden, 2014an, Osakidetzako euskararen erabilerari buruz, 20 kexa bakarrik jaso omen direlako. Ateratzen dudan ondorioa? Gure herriko jendeak ez du, behar duen kemena, gure hizkuntza bizitzaren arlo guztietan mantentzeko.

Euskal Herria jende asimilatuz edo kolonizatuz betea dagoela garbi dago.
Adibidez D eredura joaten diren ikasleek, eskolatik kanpora ateratzen direnean, kasu askotan ez dute euskara erabiltzen eta medikuen aurrean daudenean ere ez. “Nahiago dut 100.000 pertsona izatea, beren eskubidea betearazten dutenak, euskararekiko konpromisodunak, 400.000 pertsona ahul izatea baino” zioen lagunak.

Jende kontzienteen eta asimilatuen artean muga bat jartzen ez badugu, gure hizkuntza desagertu egingo da edo ghetto batean jarraituko du. Eta muga hori lortzen da bakoitzaren konpromisoarekin, osasunaren arloan mediku euskalduna eskatuz, eta behar bada, baimena eta sinadura emanez, historia klinikoa euskaraz izan dezan. Administrazioak erru handia du, baina erabiltzaileek ere egundokoa, osasunaren arloan beren hizkuntzaren erabilera defendatzen ez dutelako. Nori berea da zuzenbidea.

Search