Ander Pascual Ariz, Oihana Goiogana Bengoetxea, Juan Pedro Urabayen Mihura eta Rosa Guzman Iriarte
ELA-Irakaskuntza

PAIren ikerketa: «Dispairatea»

Apirilaren 26an Parlamentuan Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariaren agerraldia izan zen. Bertan, txosten bat aurkeztu zuen eta parlamentari batek (Gobernuari sostengua ematen dion gehiengokoa) hala definitu zuen: «Landua eta zehatza».

Benetan? Zehatza? Landua? Ikus dezagun. Lehenik, iritzi-txostena dela esan beharra dago, Ingelesez Ikasteko Programaren (PAI) ebaluazio  akademikoa baino lehen argitaratu dena. Hau da, iritzi ikerketa egin da programaren helburuak lortzen diren ala ez ziurtatu gabe. Baliteke horrela izatea helburuak ez direlako definituak izan; ikuskariek berek eztabaida taldean aipatzen dute: «Inork ez daki zer eskatu behar den Lehen Hezkuntzako 6. mailan, ezta zein konpetentzia linguistiko ere».

Azter dezagun ikerketaren lagina. Martxoan, Adipna-ko zuzendari buruek, 40 zentro ordezkatzen omen dituztenek, beren bazkideei PAIren ebaluazioari boikot egitera deitu zieten, baina berdin du, hor ditugu 40 horiek eta beste 66 zuzendari (itunpekokoak barne, hauek patronalaren ordezkariak izan daitezke, ez klaustro ez hezkuntza komunitateko partaide). Beraz, 106 pertsona hauei galdetegia pasatu zaie eta bi eztabaida taldetan parte hartzera gonbidatu. Beraz, 106 pertsonak osatutako unibertsotik denek parte hartu dute eta pertsonaren batek gainera bi aldiz (galdetegia eta eztabaida taldea).

Horien parte hartzea gutxi balitz, Hezkuntza Departamentuak zuzendari hauei eskatu die  PAI programan dauden 35 irakasle aukeratzeko eta pertsona horiekin lau eztabaida talde egin dira. Non dago lagin aleatorio eta anonimoa? Mendoza kontseilariak azaldu beharko du zergatik galdetu zaien 35 irakasle horiei bakarrik. Txostenak berak dio 566 irakasle direla PAI programan klasea ematen dutenak (1.200 gehiago gaztelaniaz eta euskaraz). Irakasle guztiei galdetzeko baliabideak izanda (zuzenean eta anonimoki), ontzat hartzen da zuzendariek aukeratutako irakasleen %2a. Horregatik ELAk kontsulta hau irakasleria osoari zabaltzeko exijituko dio kontseilariari.

Gauzak horrela, nahiz eta ikerketa hau baliagarria, zehatza eta adierazgarria ez izan, parte hartzaile guztiak bat datoz hurrengo gabezia nabarmenak azaltzean:

Zentro bakoitzak bere baliabide eta irizpideekin garatu du programa, Departamentuaren inolako ildorik jaso gabe. Ingelesez emateko aukeratutako ikasgaiak zentroetan dauden irakasleen araberakoak dira. Orokorrean astean hamaika ordu ematen dira ingelesez eta ikasleek 6. mailara iristean A2 konpetentzia lortzen omen dute (elebidunak izatetik oso urrun). Leku batzuetan ikasgai tronkalak ematen dira; beste batzuetan zailtasun mailaren arabera zatitzen da ikasgaia (oinarrizko edukiak gaztelaniaz edo euskaraz, eta gero ingelesez landu); ikasgaiak urtetik urtera aldatzen dira; arazoak dituzten umeak oinarrizko edukietan bakarrik ebaluatzen dira (gaztelaniaz). Zentroen %60etan ez dago proiektu linguistikorik.

Gurasoen iritzia irakasleena baino baikorragoa da. Kontraesan itzela. Irakasleek umeen benetako eduki-maila zuzenean ikusten dute, eta gurasoei oraindik ez zaie denboran zehar egindako ebaluazio akademiko eta kontrastatua erakutsi.

Eta larriena, gure seme-alabak esperimentu-animaliak balira bezala erabiltzen ari dira. PAI programa esperimentala zela esan zuten, baina ez zen ez esperimentu ez kontrol talderik izan. Ez da bidezko ebaluaziorik egin, ez hasieran, ez bitartean eta ez gerora.

Alabaina, ez da trabarik egon Gimeno (PSN) edo Catalan (UPN) bezalako elebakar amorratuentzat PAI programa arrakastatsua dela esateko. Duela gutxi PAIren aurka azaltzen zirenak ere, orain ingelesaren kolonialismo linguistikoaren sareetan erori dira. Ezin ulertu bestela hauek esatea PAIk ezberdintasun soziala murrizten duela. Txostenean bertan esaten da PAIk murgiltze programa hau barneratzen ez duten ikasleen kontzentrazioa areagotzen duela, «ghettizazio» arriskuarekin zenbait zentrotan.

Hezkuntza Departamentuak Ingelesez Ikasteko Programarekin esperimentatzen jarraituko du. Aurrera. «P'alanteison». Gutxienez astakeria honen aurka ELAk jarritako salaketaren epaiketa erabakitzen den arte.

Search