Palestinarekin elkartasunean, oraingo honetan EH Bilduri ez
Gogoeta hau norbanako gisa sinatzen dugunok ibilbide luzea dugu borroka internazionalistan, izan ere, geureak bezala, munduko beste herriek pairatzen duten zanpaketa egoerak eta burutzen dituzten askapen borrokek mugitu izan gaituzte beti haien errealitateak ezagutzera eta ezagutaraztera.
Halaxe, beste herrien borrokekiko elkartasun horrek bultzatuta, iritsi ginen Palestinako borrokarekin hunkitzera eta konprometitzera, gure eskarmentuaren arabera, Palestinakoa baita historian izan den kolonizazio eta garbiketa etniko prozesu desorekatu eta basatienetakoa. Palestinarako brigadak antolatu ditugu, eta hango eragile politiko eta sozialekiko hartu-eman sareak irun ditugu azken hamarkadaotan. Ibilbide horrekiko koherentziaz, duela hamarkada bat Nazioarteko BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) Kanpainiari atxikitu gintzaizkion, Euskal Herriko beste zenbait pertsona eta kolektiborekin batera. Mugimendu hori Palestinako gizarte zibileko 200 erakunde inguruk jarri zuten abian 2005ean, garai batean Hego Afrikan arrakasta handiz gertatu zen bezala, nazioarteko elkartasun mugimenduaren indarrak mugimendu eraginkor, zilegi eta baketsu baten inguruan metatzeko.
Urtetako ibilbide horretan nazioarteko mugimendu horrekin Euskal Herrian bat egiten dugunok Ezker Abertzalea izan dugu ezinbesteko bidaide. Egungo EH Bildu koalizioa osatzen duten eragile ezberdinek berebiziko kezka agertu izan dute historikoki beste herrietako askapen prozesuekin, eta baita Palestinako borrokarekin ere. BDZ mugimenduak Euskal Herrian eman zituen lehenengo urratsetan ere elkarlanean ibili ziren EH-Palestina Sarea osatzen zuten eragileekin, eta boikot aldarriaren ahotsa erakundeetara iristea ahalbidetu zuten.
Azken urteotan, baina, bilakaera nabarmena somatu dugu Palestinarekiko elkartasun aferan EH Bildu darabilen estrategian. Aldarrien xedea aldatu egin da. BDZ mugimenduaren giza eskubideekiko begirunezko oinarrizko eskaeretatik (okupazioaren amaiera, harresia birrintzea, errefuxiatuen itzulera eta Israelgo palestinarren eskubide berdintasuna), Europako erakundeek hitzartutako konponbidera pasatu dira, Estatu palestinarraren aldarrira, gaur egun Palestinako eragile politiko guztiek (baita PANk berak ere) agortutzat ematen duten irtenbidera. Bestetik, BDZ deialdian ordezkatuta dauden ezkerreko erreferente politiko herrikoetatik, PANean kontraparte instituzionalak bilatzera pasatu dira, Palestinarekiko kanpo harremanetarako.
Norabide aldaketa horren atzean Israelgo interesen aldeko eragileen presioa dagoen uste osoa daukagu, eta eragile horiek izen eta abizen propioa daukatela: Jon Inarritu. EH Bilduren kongresurako hautagaia Galeuscat-Israel manifestuko sinatzaileetako lehena da. Pilar Raholak eta bestelako politikari sionista ezagunek bultzatutako presio taldeak Galizan, Euskal Herrian eta Katalunian Israelgo interesak defendatzeko lobby lana egiteko xedea du. EH Bilduk, horren guztiaren jakitun, eta BDZ kanpainaren eskaerari ez entzunarena eginez, berriz ere sartu du bere zerrendetan politikari israelzalea. Ez dugu zalantzan jartzen hautagaiaren gaitasun politiko eta profesionala, ezta beste afera batzuetan izan dezakeen jarrera politikoa ere, baina Palestinarekiko elkartasunari dagokionez, uste osoa dugu talka zuzena egiten duela BDZ kanpainaren bitartez Palestinako gizarteak planteatzen dituen giza eskubideen aldeko aldarriekin. Gauzak horrela, eta Palestinako bidezko borrokarekin bat egitera eraman gintuzten elkartasun sentimendu internazionalistekin koherentziaz noizbait EH Bilduren hautagaitzan izan genezakeen konfidantza erretiratu beharrean gaude. Halaber, dei egiten diegu herri honetako internazionalistei, nork bere erabakia har dezala, baina egitekotan, jakinaren gainean eta zintzotasunez egin dezala.
* Koldo Sagasti, Patricia Lezama, Ane Labiano, Mikel Mariño, Pedro Marques, Maite Santamaria, Fernando Sancho, M. Jesus Berriozabalgoitia, Anis Hawari, Mar Gijón, Carmen Martí, Julen Arregi, Sergio Garcia, Mertxe Gomez.