Markel Olano Arrese
Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia

Pentsamendua herriaren zerbitzura

Filosofia ikasketak Zorroagan hasi nituenean deserosotasuna izan zen nire sentipen nagusia. Ez nuen lortu ikasle talde egonkor batekin harremana sendotzea eta hainbat irakaslerekin ere konektatzea zaila egin zitzaidan. Argi dago 80ko hamarkadako giro politiko nahasiak ez zuela horretan lagundu (EGIko militantea nintzen…). Hor ezagutu nuen Joxe. Hasieratik iruditu zitzaidan pertsona apala eta goxoa; aldi berean, filosofia alemaniarrean sakontzeko zuen joerak nire mugez jabetzen ikasten lagundu zidan (ikasgelan Kant-en Judizioaren Kritika irakurtzerakoan, adibidez).

Joxe gerra osteko belaunaldiaren bururik argiena izan zen. 36ko gudak era basatian eten zuen gerra aurreko loraldiak dogmatismo integrista gainditzeko abian ipini zuen modernizazioa. Belaunaldi hori errautsetatik burua altxatzen hasi zenean segituan etorri zitzaion belaunaldi berria, modernizazio prozesua marko ideologiko guztiz desberdin baten bidez burutzen. Eliza katolikoaren dogmatismotik ihesi, belaunaldi gazteak dogmatismo marxista besarkatu zuen kasu askotan. Ez ordea Azurmendik. Joxek bere obra osoan zehar egin dio aurre dogmatismoari, eta honek gaurkotasun handia eskaintzen dio bere pentsamenduari.

Azurmendiren obraren beste ezaugarri funtsezkoa euskal nazioari buruzko hausnarketa dugu. Hau ere gaurkotasun handikoa. Munduan euskaldunok izan behar dugun toki propioa era nekaezinean sendotzen saiatzen da Joxe. Frankismoak gure herri izaera suntsitzeko ahalegin sistematikoa egin zuenean errazagoa zen seguruenez lan hori. Mundu globalizatuan kultura hegemonikoek gure herriaren disoluzio isilari ekiten diotenean ez hainbeste. Nolanahi ere, kultura hegemoniko horien tresna besterik ez den pentsamendu ‘kosmopolitari’ Joxek egiten dion eraispena inoiz baino beharrezkoagoa dugu.

Gure herriaren biziraupena bermatzeko oinarrizko lezioak eskaintzen dizkigu Joxek. Euskal tradizio politikoek berez dituzten joera zentrifugoei aurre egiteko oinarri komuna ezartzen du. Herria, hizkuntza, justizia, askatasuna.

Search