«Pezon City»
Facebook sare sozialak, pornografikoa zela esanez, Femen taldearen profila itxi zuen. Barregarria litzateke Femenekoen erreakzioagatik izan ez balitz
Haur mokoak ginenean, anaia eta biok, hondartzara joan eta bikiniko goialdea jartzen ez zuten emakume gutxi horietako bat ikusten genuenean (70eko hamarkadaren amaieraz eta 80koaren hasieraz ari natzaizue, beraz, atera kontuak) “Pezon City” bat ikusi genuela esaten genuen. Zergatik? Ideiarik ez. Ziurrenik, geure garun bigunean, telebistako bakeroen pelikulak eta geure sexu heziketa eta desioak natural-natural nahasten genituelako.
Udan, gurasoek jatetxean lan egiten zutenez, neska gazteren batek zaintzen gintuen. Urtero zaintzaile berri batekin maitemintzea ohitura bihurtu zen. Mariangeles izan zen horietako bat. Villabonakoa. Eta uda hartako lehenengo hondartza egunean Mariangeles “en tetas” jartzen zen horietakoa zela deskubritu genuen. Oraindik bizi-bizi oroitzen dut ingurukoek “gure” Mariangelesen “Pezon City”-a begiratzen zuten bakoitzean sentitzen nuen lotsa.
Pezoia, titiburua, titipunta, titimuturra, patxintxia... Zer du emakume geografiaren orografia txiki honek Martera bidalitako robotak baino hauts gehiago harrotzeko? Nahikoa da norbaiten titipuntaren zati txiki bat uretatik ateratzean edo bikinia aldatzerakoan deskuiduan agerian geratzea, hainbeste gustatzen zaizkigun txutxu-mutxu aldizkarietan tipografia erraldoiaz “Harrapatuta” izenburupean azaltzeko. Oroitu bestela Super Bowl hartan, Justin Timberlakek Janet Jacksonen jantziari tira egin eta haren titipunta agerian utzi zuenekoa. Aitzakia horri esker, orduz geroztik AEBetako telebista kate guztiek gisa horretako espektakuluak 20 segundoko atzerapenez ematen dituzte. Titimuturra suntsipen handiko arma bat izan daitekeela ikasi genuen.
Gizonezkoen patxintxiek, ordea, ez dute halako erakarpen indarrik. Ezagutzen dugun gizonezko pezoi arriskutsu bakarra, ezbairik gabe James Bond sagako filmik onena den “The Man With The Golden Gun” pelikulako Scaramanga gaiztoak zuen hirugarren pezoia da.
2013. urtean, eta gurea bezalako gizarte batean, oraindik ba al da bular bat ikusteagatik burua galtzen duenik? Hondartzan lehendabiziko “Pezon City” haiek ikusten genituen garaietatik hona ez al da ezer aldatu? Sanferminetan gertatu berri dena ikustea besterik ez dago galdera horren erantzun tristeaz jabetzeko. Agintariei ere ez zaie gustatu emandako irudia. Irudirik ez balego egongo al litzateke sexu erasorik haientzat? Aurtengo esperientziaz eta Jacksonen pezoiaren aferaz ikasiko balute, datorren urtean sanferminak 20 minutuko atzerapenez ospatuko lirateke. Philip K Dirken istorio batean izango bagina bezala, munipek denbora izango lukete inongo irudietan azalduko ez diren ikurrinak kendu eta bularrak tapatzeko.
«Facebook City»
Eta bularrak tapatzeaz ari garenez, azken asteotako albiste bat. Facebook sare sozialak, pornografikoa zela esanez, Femen taldearen profila itxi zuen. Barregarria litzateke Femenekoen erreakzioagatik izan ez balitz. Femeneko sail batzuk, espainiarra tartean, nahiago izan dute beren pezoiak digitalki ezabatzea Facebooketik alde egitea baino. Automutilazioa. Femeni gertatutakoagatik protesta eta kexu asko izan da nonahi, baina Facebooki boikota egiteko deialdirik ez da ikusi inon.
Oraindik norbait enteratu ez bada, Facebook enpresa pribatu bat da, eta, askok uste duenaren kontra, sare sozialak ez dira herriko plaza. Sare sozialak norbaiten etxeko egongelak dira. Etxeko jabeak antolatutako festara gonbidatu gaituzte eta bertan egongo gara, etxeko jabeak nahi duen arte. Hark, nahi duena egin dezake bere etxean. Eta bertatik nahi duenean bota gaitzake. Hori bai, festara eraman dugun guztia bertan geratuko da. Ni, ez nintzateke joango pezoiak erakusten uzten ez didaten festa batera. Femenekoek, ordea, nahiago izan dute “Facebook City”-n bizi “Pezon City”-n bizi baino.