Xabier Elizalde, Pilar Pingarrón eta Juan M. Sansinenea
Genozidioaren Biktimen Elkartearen kideak

Plan ZENetik ateratako txosten «etikoak»

«Etikan» oinarritutako politika hori oso ahula da. Noiz interpelatuko du PNVk PSOE, Gobernuan izan zeneko egindako estatu terrorismoarengatik?

Gertatu zena ezagutzen genuela pentsatzen genuen, lehenik eta behin, garai horiek bizi genituelako. Baina ez, ez zen horrela. Dirudienez irudikeri bat, basamortuetan maiz gertatzen diren ilusio optiko horietako bat izan zen. PNV-ri esker, eta bere eskutik Giza Eskubideetako Instituto Pedro Arrupe-ri (GEIPA) esker, azkenik, urte horietan benetan zer gertatu zen jakin dugu. Eta PNV aipatzen dugu, zera gauza hauetan, «etika»-rekin erlazio duten gauzetan, Eusko Jaurlaritzak lan mekanikoaren rola jokatzen du, roboten esku mekanikoen antza. Atzean dagoena, CPUan dagoena, PNV da.

Arazoa da GEIPAk ateratako azken txostena ikusita, zalantza batzuk sortzen zaizkigu, ea Historia ez zen izan orain arte kontatu diguten bezala. Adibidez, 1942ko ekainean, Pragako hirian, Reinhard Heydrich, Bohemia eta Moraviako Stellvertretender Reichsprotektor, txekiar erresistenteek (terroristak?) egindako atentatu baten ondorioz hil zen. Heydrich-en figura benetan ezagutzeko gogoratu behar dugu 1942ko Urtarrilean, Wannseeko Batzarra izan zela, non juduen suntsipena (Die Endlösung der Judenfrage edo Juduen Arazoaren Azken Irtenbidea) erabaki zen, eta Heydrich izan zen Batzar horren antolatzailea. Baina azken finean dena data kontua da: zergatik hasi kontakizuna 1942 urtarrilean, eta ez 1942ko ekainean, modu horretan Historia guztiz desitxuratuz, GEIPAren azken txostenaren antzan?

Gai hauetan, txosten «etiko» hauen fondoko auzia zein da: benetako etikatik izpi gutxi dutela eta errealitatean guztiz politikoak direla, arma politikoak bezala erabilita izateko hasieratik diseinatuak izan zirelako. Estrategia militarrean aditua izan zen Carl von Clausewitz militar prusiarrak esan zuen «Gerra, politikaren jarraipena dela beste baliabideak erabiliz»eta bera parafraseatzen «Kontakizunaren gerra, politikaren jarraipena dela beste baliabideak, horien artean etikarenak erabiliz» esan dezakegu. Horregatik PNV-ren obsesioa datekin. Herri honetan «dena» hasi zen 1960an. Lehenago ez zen izan (eta beranduago ere) Estatu kolpe kriminal bat eta honen ondorioz are eta kriminalago izan zen erregimen frankista. Horrela, Historiarekin konpartimendu estankoak eginez, bi gauza lortzen saiatzen da : alde batetik ez du ideologia frankistaren atzetik zegoen eta dagoen PP/Vox alderdiak interpelatu behar (noiz ikusi dugu PNV hori egiten?) eta bestetik ETAren sorrera deskontestualizatzen du, «ETA berez sortu zen», «atzean gizarte gaixo bat (zati bat, ez PNV-rena, noski) zegoelako», modu horretan bere obsesio politikoa, hau da, ezker abertzaleari ikuspuntu «etikotik» (komatxo guztiekin) egurra ematea aukera emanez. Eta hori abantaila politikoak, hitz batean boterea, lortzeko, bere interes bakarra hori delako. Lehenengo helburua, PP/Vox-i ez interpelatzea, guztiz estrategikoa da, azken finean PNVk ez duelako independentzian sinesten ezta bilatzen ere eta bere helburu bakarra «Sentirnos cómodos en España» (PNVko Marcos Vizcayak esana) delako. Jomuga horrekin buruan bere iragan eta oraingo frankistarengatik, ETA-ren sorrera benetako arrazoia izateagatik, PP/Voxi aurre egitea hankasartze estrategiko osoa izango zen PNVren ikuspuntutik. Hitz gutxitan, frankismoa, bere krimenak, PP/Vox-ek krimen horien justifikazioaren duten rola (PP, Franco-aren ministro ohiek sortua) PNVk bazter batean uzten du. PP/Vox alderdi «demokratikoak» dira. Ez dira gure etsaiak, azken finean beraiekin sinesten dugun Espaina horretan etorkizun bat partekatzen dugu. Ezker abertzalearen kasua desberdina da, guztiz desberdina. Hasteko independentistak dira, ez dute Espainian sinesten, badakite Espaina Euskal nazioaren suntsipena izango zela (eta izaten ari dela) eta gainera gure espazio politiko (ñabardura guztiekin, zati bat gutxienez) partekatzen dute. Ondorioz, indar honen aurka, erabili ditzagun arma guztiak, «etika»-renak, txosten «etikoen» barne.

Baina «etikan» oinarritutako politika hori oso ahula da. Noiz interpelatuko du PNVk PSOE, Gobernuan izan zeneko egindako estatu terrorismoarengatik? PNVren «joera etikoa» sineskor bihurtzeko, noiz hautsiko ditu erlazio politikoak PSOE-rekin, noiz desegingo berarekin duen aliantza politiko guztiak (gobernuak barne), gutxienez alderdi honek, Espainaren batasuna eusteko ikuspuntu etikotik guztiz onartezinak izan ziren baliabideak erabiltzeagatik, bere ardurak errekonozitu arte? Edo, gutxienez X jauna aurreko arrazoiengatik alderditik kanporatu arte? Eta arrazonamendu bera egin daiteke torturen gaiaren inguruan, bai PP eta bai PSOE-rekin. Noiz egingo du PNVk horietako txosten «etiko» bat alderdi hauei zuzenduta eta batez ere, noiz bat berari, PNVri, zuzenduta? Hori egiten ez duen bitartean jarraituko dugu pentsatzen bere praxi politikoa Realpolitik-eko ariketa besterik ez dela, hau da, politika arrunta bere zinismoko zama normalarekin (normala bakarrik izango balitz ez litzateke gutxi izango) baina urruti, oso urruti besteentzat predikatzen duen standarretik.

Search