Ainara Aranberri Ruiz

Plazerra

Diotenez, John Lennon ume zenean bere amari handitan zer izan behar zuen galdetzean, bere amak zoriontsu izan behar zuela esan omen zion.

Brahms en "5. Dantza Hungariarra"-k plazerra sortzen du. Boticelliren "Venusen Jaiotza"-k ere. Baita orgasmoek ere. Plazerra bapatekotasunean era automatikoan zanpatzen gaituen ongi izate hutsa da: estasiaren ondar mugikorretan itotzen ariko bagina bezala, hortxe dago plazerra eta gu bere menpe, gozagarria zaigun horretaz gozatzen.

Plazerra ez da etereoa, plazerrak gorputza du gotorleku eta gorputzetan sortzen da. Dena egon behar den bezala badago kotxeko kontaktuan giltza sartu eta kotxea martxan jarriko da, bai giltza sartzen duenak mekanikako ezagutzak izan edo ez. Ez dakigunentzat kotxeek dituzten ikus entzunezko teknologiak suerta daitezkeen intzidente ugarien berri ematen digute, hau da eta adibidez: hainbat argitxo pizten dira zeozer gaizki dabilela adieraziz. Ta tira horrek kotxeekin elkarbizitzan laguntzen gaitu, nahiz eta zalantza ugari izan kotxeen lagungarri tasunaz baina albo gaiak albo batera utzi behar.

Gizakiok ere argi gorriak ditugu eta hauen kudeaketa beharrezkoa da. Homeroren "Odisea"-n Ulisesek hegodunak ziren sirenen kantu magikoak entzun nahi zituen. Kondairen arabera gizaki magiko hauen abestiak entzuteak inoiz inork sentiarazi zezakeen plazerrik gorenena omen zelako. Ulisesek bazekien plazer horren bizipena izugarri arriskutsua zela: ziotenez entzuten zuten orok zorabiatu, itsasora erori eta sirenek zanpatzen omen zituztelako. Ulisesek nahiaren bulkadari jarraituz hiru neurri hartu zituen sirenen abestiak entzun ahal izateko: batetik, bere gorpua mastan kordelekin gogor lotu zuten; bestetik, tripulazioko itsasgizon guztiak belarrietan zerako tapoiak jartzera behartuak izan ziren; eta azkenik sirenen ibilbidean edozer gertatuta ere itsasgizonek arraunean jarraitzearen agindua ez hausteko, hausteak heriotza ekar zezakeenaren mehatxupean jaso zuten. Eta zer gertatu zen? Ulisesek sirenen abestiak entzun ahal izan zituen: guztiz liluratu eta zorabiatu omen zen... mastan hain ondo lotua zegoenez ezin izan zuen bere burua askatu sirenengana joateko: sutsuki saiatu zen kordelak askatzen baina ezin, hortaz tripulazio guztiko itsasgizonei garrasika erreguka aritu zen mastatik askatzeko eskatuz baina guztiek zerako tapoiak zituztenez ezin izan zioten entzun eta ez zioten amen egin. Eta bai, neurri baten bada ere, garaile ziren.

Eta neurri batean ere denok gara Ulises, klasikoak gustuko izan edo ez. Gure ibilbideetan denoi pizten zaizkigu argi gorriak. Argi gorriak komenigarritasunaren argiak dira, argi gorriak piztean etorkizuneko kalteak ekiditeko gure ibilbidean so egin behar dugunaren adierazleak dira. Ulises berak plazerraren tentagarritasunaren boterearen arriskuaz ohartua neurriak hartu eta plazerraz gozatu izan ahal zuen, alegia.

Argi gorriaz jabetzeaz eta neurriak hartzea ez omen dago denen borondateen esku, hasiera batean behintzat. Bulkadak eta ego hauskorren hauskortasunaren areagotzearen bizipena argi gorrien aurrean: errepide bazterretan gasolina gabe geratu direnen kotxeen argi gorriak oraina eta etorkizunaren arteko amildegian txiki-txiki eginak geratu diren bonbila umezurtzez beterik ere dago bizitza, alegia.

Ulisesen burmuinean bere nukleo accumbens ak dopamina nahi zuen; sirenen eta hauen kantuez gozatzea plazerrean murgiltzea baitzen. Sirenek bapatekotasuneko plazer intsentsuena eskaintzen omen zuten. Itsasgizon asko beraien bizitza eman zuten dopaminaren truke sirenen mokadu bihurtuz. Ulisesek plana diseinatu eta lortu ahal izan zuen.

Gasolina faltaren argia piztu eta beste alde batera begiratzen duenaren etorkizunaren aukeretako bat ibili ezin daitekeen ibilgailuaren metamorfosia da. Eta etorri daitekeenari, karta gabeko hor dago botatze horrek, dopamina sortzen omen du ere.

Diotenez, John Lennon ume zenean bere amari handitan zer izan behar zuen galdetzean, bere amak zoriontsu izan behar zuela esan omen zion. Zoriontsu izatea. Zoriontasuna beste neurotransmisore batzuekin erlazionatzen da: sistema serotoninergikoekin eta oxitozinarekin, besteak beste. Hauek ez dira bapatekotasuneko lorpenekin erlazionatzen, hauek helburu etikoekin eta zaintzarekin lotuak daude.

"Dorian Grayren erretratua". Oscar Wilde. Hedonismoa eta eudemonismoaren arteko talka. Hedonismoa bapatekotasuneko plazerrak eta dopamina; eudemonismoa antolakuntza, bizitzaren kalitate etikoa eta sistema serotoninergikoak eta oxitozina. Dopaminaren beharrak menpekotasun desberdin asko sortu ahal dituzte, menpekotasunak: argi gorriak.

Gure gizartea, bai zurea eta nirea: gizabanakoen lorpen material estetikoenen liluraren eta plazerren kondairaz eta istorioaz beteta dagoen gizarteratze prozesuan aurkitzen gara denok. Adibidez: gehiengoarentzat tentagarriagoak omen dira silikonaz puztutako emakumeen titiak esnea ematen dutenenak baino; sozialki erotikoagoak omen dira burusoilak diren zakil eta alu minduak nahiz eta ile gabetasun horretan ebolutiboki haurtzaroan kokatua egon (errebisatu beharreko apetitua da hori, trikotilomani mota bat, alegia) era naturalean direnak baino. Eta orokorrean inork ez du zahartu nahi: denok gara neurri desberdinetan Dorian Gray.

Gizarteratze prozesuan barneratu izan ditugun kondairen edukien lorpenak aipatu berri ditugun adibideak barne, eta soilik bapatekotasunaren plazerrak asebetetzeak dopamina sortzen du, eta sortuko digu kortex prefrontal gabeko artalde izaten jarraitu nahi dugun heinean. Barkatu kortex prefrontala ez da aurkeztua izan, era laburrean: hau burmuinean aurkitzen den gunea da, filogenetikoki berriena eta bertan pentsamendua eta gaitasun kritikoa kokatzen dira, besteak beste. Ta tira, ardiak oso gustuko ditut.

Sendatzeko eta hiltzeko ahalmena duen bisturiak bezala, gizakiok soilik plazerrean kokatzeko edota plazerra era desberdinetan ahalbideratzeko eta etikarekin uztartzeko gaitasuna izanda, eta gizarteratze prozesuan barneratuak izan ditugun helburu estetiko materialista indibidualisten protagonismoa alde batera utziz, dopaminaren boterea ezagutuz, eta kortex prefrontalaren bidez eta oxitozina eta zirkuito serotoninergikoak aktibatuz, gizabanakoak ere elkarlanean etikaren irizpideen bidez zoriontasunez zoriontasunaz gozatzen dugu eta gozatzen jarraitu behar dugu. Hortxe ba argi berdea.

Search