Aitziber Sarobe Egiguren
Biologoa

PNV-EAJren eredua Gipuzkoarako

Gipuzkoako paisaia gaixo dago, eta naturzale eta ekologistak ez ezik, artzain, abeltzain eta lurjabe txikiak (baserritar zein kaletarrak) haserre eta noraezean dabiltza. EAJk bere programan ez dio ezer honi buruz, ingurumen-krisia klima aldaketarekin eta CO2 isurketekin uztartu ditu.

Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako PNV-EAJko hautagaia behin eta berriro esaten ari zaigu gipuzkoarrok PNV eta EH Bilduren artean aukeratu behar dugula. Bere hitzetan: «Bi ereduren arteko talka izango da; batetik, ezker abertzalearena, krisi ekonomikoak eta proiektuen trabatzeak ezaugarritutakoa; eta, bestetik, EAJrena, herritarrekiko gertutasuna eta elkarrizketa, suspertze ekonomikoa eta proiektuak martxan jartzea ardatz duena». Zer pentsatua eragin didate hitz hauek, eta egonezina: nire intereseko arloetan, ingurumenean eta natur kontserbazioan, kontrakoa baita alderdi horien jokabidea azken bi legealdietan.

Aurreko legealdian, 2011an, Bildu aldaketa aginduta iritsi zen agintera. Ingurumenaren arloan inoiz ikusi gabeko aurrerapena bizi izan genuen; herritarrak gure kontsumo-ohituretan pentsatzera eraman gintuzten, hori baita hondakinak modu arduratsuan kudeatzeko lehen pausua. Aldi hartan, ausardia handiarekin, Europak aitortu eta zoriondu duen kudeaketa-eredua lehenetsi zen: hondakinen atez-ateko bilketa. Herri-eragileen esfortzu ikaragarriarekin hainbat herrietan irudikatu ere egiten ez ziren %80a baino birziklapen-tasa handiagoak lortu ziren. Legealdi osoan EAJ eta bere ahotsa diren herrialdeko hedabide nagusien jarduna bortitza izan zen Bilduren kontra: atez-atekoa inposaketa zela argudiatzen zuten, ez zitzaiela galdetu herritarrei eredu horrekiko iritzia. Galdeketa bidezko partehartzea eskatu zuen EAJk eta Udalak erabili zituen tresna modura errauskailuaren aldeko aukerari eusteko. Legealdia gatazka bizian bukatu zen, eta berriaren agintaritza EAJk hartu zuen 2015ean. Arrapaladan, arnasa hartzeko astirik gabe kendu ziren Zubietan errauskailua eraikitzeko trabak. Herritarren atez-atekoarekiko iritzia jasotzea garrantzitsua zen antza, baina errauskailuari buruzkoa jasotzea ez. Nola ulertzen du, bada, Markel Olanok, herritarrekiko gertutasuna eta elkarrizketa? Ez dugu datuak zorroztasunez aztertzeko aukerarik izango, baina edukiontzien barrura begiratu besterik ez dago Gipuzkoan egin dugun atzera bidea ikusteko; herritarren esku baitago hondakinen kudeaketa arduratsua, eta errauskailua horretarako oztopoa da.

Azken legealdi honetan Gipuzkoan bizi izan dugun talkarik handiena naturaren kontserbazioaren eta ustiapenaren artekoa izan da. EAJk Gobernua osatu eta berehala, Naturkon osatzen dugun Gipuzkoako natur talde eta talde ekologiston izenean bilera eskatu genion Arantxa Ariztimuño, mendiak eta natura ingurunea saileko zuzendariari. Bilerara Xabier Arruti nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria ere agertu zen, eta gure harridurarako, azken honek hartu zuen protagonismoa. Argi gelditu zen natura-gune babestuetan zer lehenetsiko zen: baliabide naturalen ustiapena. Bilera hartan Ariztimuñok esandakoa da «nik ez dut Natura 2000 Sarean sinesten eta gure esku dagoen guztia egingo dugu ez garatzeko». Esandakoa bete du, baina begi bistakoak dira jarrera eta pentsamendu horren ondorioak: Gipuzkoako paisaia gaixo dago, eta naturzale eta ekologistak ez ezik, artzain, abeltzain eta lurjabe txikiak (baserritar zein kaletarrak) haserre eta noraezean dabiltza. EAJk bere programan ez dio ezer honi buruz, ingurumen-krisia klima aldaketarekin eta CO2 isurketekin uztartu ditu. Baina, arazo horretarako ere basoak dira aterabiderik eraginkorrena, eta ez da zilegi Amazoniakoak mantentzeko eskatzea gureak desagertzeko zorian ditugunean. Bioekonomia sustatu nahi da egurgintzatik, eta oro har, lehen sektoretik. Baina, iruzurra egiten ari zaizkigu ingurumen kalteak arbuiatzean, hauek lehenago edo beranduago herritar guztiok ordaindu beharko baititugu.

Harrituta irakurri dut EAJren Udal eta Batzar nagusietarako programan «EAJren ikuspegitik, gure kapital naturala babestu, kontserbatu eta lehengoratzea da kontua, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak jagonda», eta baita Gipuzkoarako 3. Egitasmoa ere: «Elkarlanean sakontzen duten kudeaketa modu berriak bilatu, herritarrekin komunikazio kanal berriak eta hobeagoak ezarri eta komunitateari zerbitzu ematea gure gobernatzeko modu bihurtuko» duela. Ez da hori izan Arantxa Ariztimuñoren egiteko modua; guztiz arbuiatu du naturaren kontserbazioa eta bizkar eman die Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistei.

Hurrengo legealdian sortzen den gobernua sortzen dela, Naturkon-ek ate joka jarraituko du bere ahotsa kontuan hartua izan dadin, natur kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko oreka ezinbestekoa baita guztion betebeharra eta eskubidea den natur ondarearen zaintza eta berreskurapena bermatzeko. Horretarako administrazioak du giltza (ahalmena eta bitartekoak) eta ez gara nekatuko elkarlanerako prest gaudela adierazten.

Search