Politika egiteko moduak
Eskuineko lerro editoriala duten zenbait egunkarik tarteka konparatu izan dute Helena Franco Angela Merkelekin. Gero, Gipuzkoan oposizioan dauden alderdien bozeramaileek ere bi politikariak parekatu izan dituzte.
Ez dakit besterik gabe izorratzeko egin duten alderaketa hori, edo ezkerreko politikari baten irudia desitxuratzeko, besterik gabe. Edozein dela arrazoia, apustua egingo nuke gaurtik aurrera ez dutela berriz erkaketa hori egingo. Izan ere, igandean Alemanian egin ziren hauteskundeetan Angela Merkel buru den koalizioaren emaitzak oso onak izan ziren, inork espero ez zituenak, gainera. Analista guztiek uste dute irabazi horren meritua berea dela soilik. Kontuan hartzen badugu krisi testuinguru honetan hauteskundeetan gobernu aldaketak eman direla bata bestearen atzetik, Merkelen irudia oso indartsu atera da igandeko hauteskundeetatik.
Ez dakit Merkelen meritua den soilik, baina iruditzen zait bere agintaldian azpimarratzeko bi elementu daudela. Nire iritziz, lehenengo osagaia plana izan da. Hasieratik erakutsi du plan bat zeukala krisiari aurre egiteko. Eztabaidagarria izan daiteke plan hori ona edo txarra zen, ondorio kaltegarri asko ote zituen edo ez hainbeste, baina, finean, plan baten arabera kudeatu du krisi ekonomikoa Europar Batasunean, eta, zehazki, euroaren eremuan izan dituen eraginak.
Hasieratik ukatu zuen baldintzarik gabeko edozer laguntza. Baliabideen maileguak betebehar zorrotz batzuekin eman dira eta, gainera, bitartekoak jarri ditu baloraketak egin ahal izateko. Kasu batzuetan, Grezian edo Zipren adibidez, laguntza baino mendekua zirudien. Inpresio horren oinarrian gauza ezberdinak egon daitezke: batzuetan, manukoek nagusia pozik uzteko ahaleginean ez diotela egoerari neurria hartzen; beste batzuetan, aldiz, besterik gabe bertako politikariek entzungor egiten dutela. Eman dezake azken hori gehiegikeria dela baina begiratzen badugu hemen EAJk eta PSEk sinatu duten akordioa, lehenengo lerroan, berriz ere, azpiegituren eraikuntza dago. Akordioaren baitan eranskin bat dago, non azpiegitura proiektuak zerrendatzen baitira. Eta gainera esaten dute azpiegitura batzuk berez direla onak.
Zein gutxi ikasi duten batzuek krisi luze honetatik! Horren seinale lehenengo aukeran betiko kontuetara bueltatu direla. Horrelako kideekin ez da harritzekoa Merkelek jarrera hain irmoa hartu eta mantendu izana.
Eta hori da, nire ustez, Merkelen agindupean egon den bigarren osagai garrantzitsua eta jendeak oso ondo baloratzen duena: planarekin aurrera jarraitzeko erabakitasuna. Garrasi egin gabe, malgutasunez batzuetan, zorroztasunez besteetan, beharrezkoa ikusten duen planarekin aurrera egitea. Ezin dugu ahaztu bukatu den legealdian Merkelen onarpen mailak gorabehera handiak izan dituela eta, hala eta guztiz ere, berak sinesten zuen plana aurrera eraman duela beti. Askotan politikariak ika-miketan galtzen dira pentsatuz onarpena irabaziko dutela, baina ez da horrela. Herritarrak, normalean, horrelako xehetasunetan galtzen dira. Herritarrak ados egongo dira ala ez hartutako norabidearekin, baina herritar batek plan baten arabera eta erabakitasunez zentzuzko gauzak egiten ari direla ikusten badu, babesa emango dio politikari horri. Azkenean, jendeak nahi du politikariek arazoak konpontzea eta ez iritzia aldatzen ibiltzea haizearen norabidearen arabera &softReturn;haize orratz izango balira bezala. Eta hain zentzuzkoa dirudien hori etengabe gertatzen ari da, eta maila guztietan gainera.
Azken adibidea AEBetako Erreserba Federaleko buru Ben Bernankek eman digu. Hilabeteak daramatza esaten pizgarrien garaia bukaerara iritsi dela. Joan den astean, benetan amaieraren data hurbildu denean, atzera egin du azalpen handirik eman gabe. Ez dakit presioak izan diren, besterik gabe iritziz aldatu duen, baina beti bezala jira bueltan jarraitzen du gauza berdinen inguruan. Nekoso