Ramon Sola
GAUR8

PPk pazientzia galarazi dio EAJri

Peterren printzipioa delakoa ederki betetzen da Espainiako Barne ministroen kasuan. Euskal Herrian egin zutena ikusita, ez dirudi aurreko hamarkadetan karguaren jabe izan zirenek gaitasun handirik zutenik (gogora ditzagun Fraga, Martin Villa, Roson, Barrionuevo, Corcuera...), baina gero etorri direnek ez dute horien marka hobetu (Acebes, Mayor Oreja, Rubalcaba...).

Egungo Jorge Fernandez Diazekin gaitasun falta horrek goia jo duela gero eta nabariagoa da. Euskal Herriari dagokionez, garai samurrena egokitu zaio, bere aurreko guztiek seguru asko desiratuko zutena, baina erronka hau ere handiegia zaio. Besterik ezean, arduragabekeria harropuzkeriaz janzten du. Arduradun arduragabearen azken ergelkeria, hauxe: «Gurekin negoziatu nahi badu, Job santuak zuena baino pazientzia handiagoa izan beharko du ETAk».

Ezker abertzaleari gauza asko leporatu ahalko zaizkio agian, baina inola ere ez pazientzia falta. Ia mende osoko borroka etengabea darama, bere txikitasunean, bi estatu handiren aurka, bide batetik zein bestetik baina beti etsi gabe.

Hildako asko izan ditu, baina lepoan hartu eta aurrera egin ohi du. Bere kide ugarik Europan ezartzen diren espetxe zigorrik luzeenak bete dituzte eta oraindik ere betetzen dituzte. Ilegalizazio aro luzeak igaro ditu eta horietan ere bereak eta bi egin ditu politikan eragiteko.

Erakundeak debekatu, egunkariak itxi, borroka moldeak kriminalizatu dituzte... eta beti hutsetik abiarazi ditu berriz.

Pazientzia itzel hori gaur egun, inoiz baino argiago, gelditzen da agerian. Hor dago ETAren eskua luzatuta, Gobernuak urte eta erdiz errefusatu dion arren. Hor daude 80 kide horiek, udaren bueltan epaiketa politiko luzea jasan beharrean eta, hala ere, adoretsu, kalean indarrak biltzeko prest.

Eta hor dago, nire ustez, froga nagusia dena, Fernandez Diazen begien aurre-aurrean: Madrilek konponbide prozesu zentzudun bati atea behin eta berriz ixten dion arren, gatazken ondorioak konpontzeari lehentasun gisa eusten dio ezker abertzaleak, tinko.

Pazientzia handia erakutsiz, bai, apustu honek partida arerioaren zelaian jokatzera behartzen baitu (bi estatuenak direlako hor joko-arauak, epailea, bai eta baloia ere). Hori alboratu eta askoz erosoago litzaiokeen (eta etxean jokatzen duen) erabakitze eskubidearen partida abiatzeko aukera zuen, baina giza arazoa konpontzeari ekin dio lehenik, arazo politikoari aurre egin aurretik. Eta erabaki horretatik datorkio Barne ministroari probokaziorako aukera.

Soberako pazientzia erakusten du, beraz, ezker abertzaleak, bere bidetik zuzen-zuzen. Baina nori eta EAJri berari pazientzia galarazi dio PPk, bistan denez.

Ia bi urtetako harreman saioa denbora galdua izan dela onartu ondoren, Sorturekin hizketan hasi dira jelkideak. Ikaragarria da espainiar eskuinak bidelagunak etsai bilakatzeko duen ahalmena. 1997an gertatutakoa ekartzen du gogora oraingoak.

Urtebete lehenago, Gobernua hartuta zuen Jose Maria Aznarrek eta hainbat akordio lortu zituen EAJrekin, Xabier Arzalluz gobernu aliatu bihurtuz.

Are gehiago, 1997ko uztail hartan bertan, Miguel Angel Blancoren hilketak estuago lerrokatu zituen PP eta EAJ ezker abertzalearen aurka (doinu eta letra berbera zituzten Victoria Pregoren «a por ellos» oihuak eta Jose Antonio Ardanzaren «HB euskal gizartearen borreroa da» adierazpenak). Baina hain azkar eta hain indartsu zapaldu zuen azeleragailua Aznarrek, ezen laster EAJk atzera egin ez ezik, HBrekin hizketan ere hasi baitzen, akordio abertzale baten bila. Baita lortu ere, 1998ko irailean, Lizarran.

Pazientziaz baina gogoz jorra dezatela, bada, aukera berri hau. Ordukoa ez bezala, oraingoa apustu irabazlea izan dadin.

Search