Mikel Zubimendi
GAUR8

Printze txikia Euskal Herrian

‘Printze txikia’ liburu marabilla idatzi zuen Antoine de Saint-Exupery idazle eta hegazkin pilotu frantziarrak aspaldi esan zuenez, bizitzan ez daude soluzioak, martxan dauden indarrak baizik. Eta horiek sortzea, elikatzea eta indartzea behar-beharrezkoa da, gero, soluzioak etortzeko. Agian txiklea, xingoma, asko tenkatzea da, baina Euskal Herrira Saint-Exuperyren irakaspena ekarrita esan liteke baietz, arrazoi zuela.

Soluzio idatziak, eskuliburuetako konponbideak ez daude. Bai, ordea, martxan dauden indarrak, martxan dagoen herri bat. Espero diren erantzun guztiak ez daude eta ez dira inoiz egongo, baina apustua eginda dago eta begi bistakoa da babes sozial zabala duela, iraganean urratu konfiantza asko osatu dituela, ilusio kolektibo bat elikatu duela eta, are, emozio sakon asko askatu eta momentu gogoangarriak utzi dituela.

Apustua ez da errenta, baina. Eta politikan, gutxiago. Egoera berri bat sortzeak, independentismo arrakastatsu bat ezartzeak, protagonisten mentalitate konbentzitua eskatzen du, esperantzaren bidetik saiatzea, ez inpazientziaren bultzadak eraginda ala desesperantzak uzten duen aukera bakarra hautatuz. Ez dago berehalako emaitzen irrikaren itolarrian edo besteek egiten dituzten gauzen esperoan jokatzerik. Egiteko grina behar da, ez eginda egotearen nahia. Kalkulu pixka bat eta jarrera, jarrera argi askoa. Norbere azterketa eta erabakietan uste osoa, ekintza propioaren nagusitasuna.

Gure herria dagoen tokitik merezi duen tokira eramateko martxan den apustua pronostiko idatzi ziurrik ez duen abentura bat da. Aurkikuntza etengabea, martxan den unetik erabat eta oso-osorik kontrolatzea ezinezkoa dena. Egun aurreikusi ez daitezkeen desafio berrien aurrean asmatzea eskatzen du, existitzen ez diren irtenbide berriak asmatzea. Konponbide orokor bat egongo da noizbait, baina, bidean, konponketa asko eta asko egon beharko dira. Eta horrelako prozesu batek jabego konpartitua eskatzen du, akabera egokirik izango badu, denentzat zuzena eta gogobetegarria den neurrian izango baitu.

Lasaitasun sendo baten eta ezinbesteko tentsio baten ezkontza behar du, bestalde. Epe motzeko erantzunak, enpatia, sentsibilitate eta zentzu on dosiak eta beste denbora batean jokatuko den proiektu independentista batek eskatzen duen antagonismo eta intentsitate politiko handiari iskin ez egitea. Errealitate aldakorrari pega-pega egotea, erantzun praktikoak emateko zentzu pragmatiko batez jabetzea, politikoki gero eta garrantzizkoagoa izateko. Eta hori, baina, printzipio eta idealetan sendo eta hortzak izerdi eutsiz, horiek gabe den-dena galduko baikenuke, ezerezean urtuko ginateke-eta.

Politikan ez dago sekula esaterik, ezta betiko esaterik ere. Baina autokonplazentzia tentazio oroz gain, esan daiteke herri honek sakoneko aldaketa baten aukerari leihoak parez pare ireki dizkiola. Ongi taxuturiko estrategia baten askatasuna duela, zirkunstantzia aldakorretara nahi beste moldatzeko gai den estrategia. Eta soluzio eza soluzio posible bakartzat defendatzen dutenen aurrean gihar herritarra eta sinesgarritasun politiko aski badituela. Apustu hori egunetik egunera biziago eta eskuragarriago egiteak, beharrezko duen antolaketa eta ideologia mailako tresneria aproposaz hornitzeak, kultura politiko berri baten baitan goxoki zaintzeak, egun politikoki ezinezko irudi lezakeena laster politikoki saihestezin bilakatzen lagunduko du. Segur aski batzuentzat desiratu baino beranduago izango da, baina ziur blokeo eta ezetzaren politikan eroso daudenak desiratzen dutena baino azkarrago, askoz ere azkarrago izango dela.

Eta zintzotasun intelektual batetik atzera begiratuta, aitortu beharra dago ezker abertzaleak eskema propioak aldatzeko eta autokritika ariketa ondradua egiteko erakutsi zuen ahalmenak, estrategia berri baten fruitua emateaz gain, paradigma osoa aldatu duela. Aurrez aurre dauden estatuei begiratzetik gure herria begiratzera, bere kezkak eta nahiak interpretatuz erantzun positibo bat ematera pasatzeak, eta, gainera, zailtasun, probokazio eta politika egiteko muturreko baldintzetan egiteak, meritu handia du. Aitortu eta ospatu behar dena. Etorkizunari begira baikortasunerako arrazoi sendoa, oso sendoa baita.

Search