Koldo Almandoz
GAUR8

Putzura

Martxoak 8an kaleratzen den GAUR8rako idaztea tokatu zait. Egia esatea nahi baduzue, ez nuen hain egun seinalatuaren inguruan idazteko asmorik. Eskuartean duzun GAUR8 aldizkariak, ordea, “monotematikoa” izan behar zuela komentatu zidaten.

Nagi handia sentitu nuen. Denbora igaro ahala nagiak ez nau abandonatu, baina, beste aukerarik ez dudanez... putzura. Hain zuzen ere, hori da orokorrean gizonok egiten duguna gai honen inguruan hitz egiten dugunean: putzuetan sartu. Erremediorik gabe. Nahiz eta ekiditen saiatu, nahiz eta saltotxoak eman edota hanka puntetan pasatzen saiatu, beti putzuan amaitzen dugu. Hiru jarrera nagusi izaten ditugu:

A) «Matxo Alfa» jarrera: Normalki, gizonen artean gaudenean eta zuzentasun politikoaren kortsea askatzen dugunean, emakumeen inguruko txantxa eta aipamen sexistak egiten ditugu –gauza bat argi dagoelako, fantasiak eta desioak ez dira politikoki zuzenak izaten–. Watxap bitartez Samantha Foxen argazkiak elkarri bidali eta, beren hegemonia galdu duten orein zaharren moduan, inguruan dabiltzan Bambiei erreparatzen diegu.

B) «Bai baina ez» jarrera: Zuekin nago baina ez zait hau edo beste hori ongi iruditzen. Feminismoa matxismoarekin parekatzen dugu. Bai bata eta bai bestea jarrera “erradikalak” direla esaten dugu. Baina beno, zuekin gaude, e! Berdintasunaren alde badakizue... Hala ere, zergatik ezin dugu guk ere parte hartu Lilatoian?

D) «Femimutil» jarrera: Elkartasuna adierazi eta emakumeen alboan agertzeko aukerarik galtzen ez dugunean. Argi gera dadila gure Twitter, Facebook eta diskurtso publikoan guk ere bularra erakutsiko genukeela emakumeen alde. Emakumeak azkarragoak eta sentsibleagoak zarete eta sufritzeko gaitasun handiagoa duzue eta...

Maite dituzuen –eta normaltzat dituzuen– senar, nobio, anaia, lagun eta lankideak A, B eta D ereduen nahasketa bat izaten gara gehienetan. Unearen arabera, konpainiaren arabera edota egoeraren arabera hizki batek bestea gailentzen du.

Nik uste pertsona normal orori, A, B eta D gizonezkoak barne, ulergaitza, salagarria eta injustua iruditzen zaiola emakumeek lan berdinagatik gutxiago kobratzea, agintaritza postuetara iristeko zailtasunak izatea, gauez etxera bakarrik itzultzea beldurraren eta arriskuaren sinonimo izatea, oraindik bere gorputzaren jabe izateko aldarrikapena egiten ibili behar izatea... baina, lehen esan bezala, gai hauez hitz egiterakoan ia ezinezkoa zaigu putzuetan ez sartzea.

Iazko San Fermin jaietan gertatutakoa adibide. Bularrak erakusten zituzten neskei eginiko erasoak salatu eta kritikatu zituzten gizonei berehala etorri zitzaien buelta hainbat blog eta artikulutan. Bat-batean, jarrera paternalista batetik emandako iritziak omen ziren, emakumeei beren sexualitatea nahi zuten moduan bizitzeko aukera ukatzeko beste modu bat. Ikuspuntu hori ere ez zen orokorra. Askatasuna ardatz duten giza mugimendu guztietan gertatzen den bezalaxe, feminismoan ere beatlestarrak eta rollingtarrak daudelako.

Ia-ia amaitu dut artikulua.

Behin eta berriro irakurri eta gauza asko ezabatu eta aldatu ditut.

Azkenean nahiko D jarrerakoa geratu zait. Baina sintzeroa izango nintzela esan dut hasieran. Zenbatetan pentsatu dut serio eta benetako interesarekin honetaz guztiaz? Zer dakit nik feminismoaz? “Behartuta” ez balitz, idatziko al nukeen eskuartean duzuna? Nire etxeko liburutegietako apaletan txorien inguruko liburu mordoxka topatuko dituzue. Generoaren, feminismoaren edota emakumeen ingurukorik apenas. Gehiago dakit enarei buruz feminismoaz baino. Eta horrek hitz aspertu honek guztiak baino hobeto definitzen nau.

Arlo honetan, bizitzaren arlo gehienetan bezalaxe, izatea gustatuko litzaidakeen pertsonaren eta naizen pertsonaren artean amildegi bat dago.

Search