Remedios Domaika gogoan
Madrilgo DGSko soto goibel eta zikinetara eraman duten emakumeari Lege Antiterrorista ezarri diote. Seguru asko berari ez diote halakorik esan, eta esan badiote ere, ez dio axola. Bere egoerak ez du batere arduratu han eman dituen egunetan.
Etxetik eraman zutenak semearen bila joan ziren, eta hura baino ez du gogoan. Hura eta duela sei hilabete kartzelatu zioten beste semea. Baita, jakina, aurreko urtean mutil lagunarekin batera ihesari eman zion alaba ere, berak inoiz bisitatzea burutik pasatu ere egin ez zitzaion laiotz haren beldur hanka egin zuena. 1981eko martxoa da hilabete lehenago Joxe Arregik hiltzerainoko laztura jasan zuen etxe ainube hartan.
ortizkeria eta larderia ez ditu arrotz, ordea. 36ko gerrak haurtzaroa ostu zion; gerraosteak, berriz, bizimodu gogorra eskaini.
Oinazearen palazio hartatik irten baino lehen, semea atzeman dute, naziorik banatzen ez duen nazioarteko mugan, 22 urteko espetxealdia saihesteko aukera emango zion mugan. Bizar trinkoaren ordez bibote luzea nomás aurpegian, haraino hurreratu eta, ándele, bertan dago askatasuna. Baina zain ditu askatasunaren kaltetik babesten duen ordenaren zaindariak.
Alaba eta suhia sasian eta bi semeak giltzapean, nahikoa lan eta buruhauste izango zituzten Reme eta Emilianok. Baita elkartasunaren abegia eta pozen bat ere. Jose Angel seme nagusia kaleratzeak aspaldiko poz handiena eman zien, luze gabe mendiak kendu ziena, tontor batek Jose Angelen bizitasuna eta bizia bera ere berekin nahi zuen eta.
Carabanchel, Soria, Alcala Meco, Herrera de la Mancha... leku horietako asko zirenik ere ez zekien Remek. Gasteizko eta Euskal Herri osoko mobilizazioetan edo presoen senideen bileretan nekez nabarituko zen haren falta. Mingarria eta aldi berean plazera. Lagun ugarirekin mina ez ezik, adorea eta duintasuna ere partekatzeko plazera.
Jende arriskugarria, nonbait, presoak bezala makurrarazten saiatu beharrekoak. Eta bisitetako gehiegikeriak gutxiegi iritzita, sakabanaketa asmatu zuten. Remeri eta Reme guztiei, ordea, lehen bezain luzea gertatzen zitzaien seme-alabak ikusi gabeko denbora, eta ez zegoen minutu mixerable batzuetako bisitan joatea galaraziko zien gaixotasunik, diru arazorik, distantziarik.
Urte asko, urte amaigabeak joan ziren, eta halakoren batean atera zen semea Albaceteko espetxetik. Nahi zuenean besarkatzeko aukera zuen, kilometrorik bat ere egin gabe, mespretxurik jaso gabe. Baina aspaldiko ondoez hura ez zitzaion ezabatu. Nola kendu burutik hainbeste lagunen senide presoak, semearen lagun presoak. Eta Gasteizko eta Euskal Herri osoko mobilizazioetan edo presoen senideen bileretan nekez nabarituko zen haren falta. Gaixotu zen arte.
Reme ez da Euskal Herriaren askatasunaren teorikoa. Baina askatasun pitin bat, infernuan ere prestu irautea zein garestia den erakutsi digute Remek eta seme-alabei nahikoa jaten duten galdetzeko milaka kilometro egin dituzten guztiek. Hori guztia zor diegu.
Muxu bat, Reme. Joan omen zara; hala ere, laster arte diotsut, ostiralean Andre Maria Zuriko elkarretaratzean, hurrengo manifa nazionalean, presoen senideen artean, zure etxekoekin ikusiko zaitugu eta.