Iñigo Zuazagoitia

Salburuako auzo-konpostera

«Jende txiki ugari, leku txiki askotan eta gauza txikiak eginez, mundua aldatzeko gai da» idatzi zuen behin idazle maitatu batek. Esaldi hau testuinguru askotan izaten da erabilgarria, bereziki «ohiko» gauzak egiten ez diren leku edo momentu horietan. Esaldi hau gurera ekarria, hondakinen inguruan egiten ari den kudeaketarekin bete betean bat egiten duela konturatuko gara.

Urtarrileko igande euritsu eta hotz batean, Salburuako auzokide talde batek mendiko botak jantzita eta lan-tresnak eskuan hartuta, ohikoa ez den gauza bat egitera irten ziren beren eraikinaren atzekaldean dagoen larrera. Porruak landatzera joango ote ziren? Edota baso jangarri bat landatzera akaso? Oraingoan ez. Kasu honetan, duela bost hilabetez martxan jarritako bi konpostagailuetan lan egitera atera ziren.

Bost hilabetetan, Salburuako hainbat familiek 400 litro inguruko bi konpostagailu bete dituzte etxeko hondakin organikoekin. Gasteizen hau ez da ohikoa; bai ordea zaborra banatu gabe edukiontzi grisera botatzea edota lurpean bizi den herensuge asegabeari jaten ematea. Gasteizen zaborraren %24 baino ez da birziklatzen, 2020rako legediak proposatzen duen %50etik oso urruti alegia. Zifra hau duela 8 urtetatik behintzat mantendu da bere horretan, argi dago beraz, ohikoak diren gauzak egiten jarraituz gero jai daukagula.

Igande hartako zeregina konposta atera eta auzokideen artean banatu edo larrean zehar sakabanatzea zen. Guztira 60Kg inguru konpost sortu egin dira bi hilabete eta erdi hauetan, hau da, gutxi gora bera jatorrizko 300Kg biohondakin izan dira talde honek kudeatu dituena haien etxe alboan. Kilo mordo horiei ohiko tratamendua eman izan bazioten, atmosfera kutsatzen duten kamioi handiak elikatuko zituzten, garestiak eta konplexuak diren Hondakinen Tratamendurako Plantak hornituko zituzten eta zabortegien hedatzeari lagunduko zioten.

Auzoan konpostatzeko Salburuakoek sortu duten egitasmoa modu autogestionatuan eta parte-hartzailean ari dira egiten, gainera kalitate hobereneko ongarri organikoa (konposta) sortzen ari dira eta auzolanaren baloreak errotzen hasi dira. Birziklapen tasan Gasteizek daukan erronkan nabari laguntzen ari direla ere argi dago.

Egun, Gasteizko Udala Hondakinak Kudeatzeko Plana 2016-2025 eztabaidatzen ari da. Etxean sortzen dugun zaborraren %50 organikoa dela kontuan hartuta, ez al da ideia ona izango auzo-konpostajearen kudeaketa-sistema hau Planean kontutan hartzea? Gure herrialdetik gertu antzeko ekintzak burutu izan dira, zergatik ez horiek aztertu eta gero, gauza onak hartu eta txarrak baztertu?

Hasieran jarritako Galeanoren esaldia berriro helduz: «Jende txiki ugari, auzo eta herri txiki askotan konpostera txikiak jarriz, mundua aldatzeko gai da». Ohikoak diren gauzak baino, goazen zentzuzkoak direnak egitera.

Search