Jon Etxebarria «Txontxe»
«Udaburua» liburuaren idazlea

San Joan ala udaburua?

Uda usaina dario giroari; gure outfitean praka laburrak, sandaliak eta tiranteak dira nagusi. Gure tatuaje berriak pasieran atera ditugu. Gure kaleetara turista gehiegi eta udatiar asko heldu dira. Oporrak ate-joka datozkigu eta herrietako jaien zikloaren inflexio puntua dena, Donibane edo San Joan jaia, heldu da. Euskal herri guztietan ospatuko dugu balizko Joan Bataiatzailearen jaiotza egunaren jaia.

Jende asko hurreratuko da gure herrietako plazetan edota berdeguneetan ekainaren 23an egingo den jaira, udalaren hesi metalikoek gatibu duten sugai metaren ingurura. Gazteak gogotsu ibiliko dira beren oporretako lehen parranda egiteko; helduok beste maila batean, agian sardina, txokolatea edo trago bat esku batean eta haur bat beste eskuan joango gara. 

Denok ikusiko dugu sua erretzen, eta dantza talderen bateko kide denak suaren bueltan dantza egiteko aukera izango du; zorionekoa bera! Hurrengo egunean ardurarik ez dutenak ordu txikietara arte ibiliko dira sorginena omen zen gauean, eta besteak lehenago oheratuko dira oraindik ere  ke hodeiak han-hemen daudela. Gehienek ez dute naturaren zikloa gogoan izango; gehienak ez dira milaka urte dituen errituaren garrantziaz jabetuko; gehienek ez dute jakingo erritu horri «udaburua» deitzen diogula; gehienek ez dute sua ikusiko eguzki amandreari eskerrak eta indarra emateko elementu magiko bezala; gehienek ez dute festa auzolanean ospatuko. 

Eta hala batzuek nola besteek Elizak bereganatutako eta kapitalismoak merkantilizatutako udako erritu deserritua kontsumituko dute, iluntzean piztutako sua kontsumitzen den bitartean. Horrela igaroko da, beste behin, santu kristau izena daraman suaren jaia, parke tematiko bateko akelarre bihurtu dugun festa, uda hasi eta bi egunera ospatzen dena. 

Gutxi batzuek jauzi egingo dute hiru aldiz suaren gainetik «ona barnealdera, txarra kanpoaldera» oihukatuz. Gutxi batzuek bustiko dituzte oinak belarren ihintzean edo bainatuko dira biluzik errekan zein itsasoan egunsentia baino lehen. Gutxi batzuk joango dira iturrietara osasuna edota edertasuna ematen duen ur bila. Gutxi batzuek bilduko dituzte belarrak ukendua egiteko. Gutxi batzuek jarriko dituzte elorri zuri edo arantza adarrak atarian etxea jagoteko. Gutxi batzuk pasatuko dira baratzerik baratze lastargiak piztuta edo suaren errautsak botaz uzta babesteko. Gutxi batzuek bilduko dituzte landareak udaburuko lore-sorta egin eta ateburuan datorren urtera arte eskegitzeko. Oso gutxik gozatuko dute egunsentiko eguzki dantzariaren ikuskizunaz. Are gutxiago izango dira ama lurrarekin lotutako antzinako ohiturei eutsiko dietenak. 

Gehienak ekainaren 23ko festara joango dira: haur errebeldeak zein otzanak; gazte komunistak zein kontsumistak; gazte independentistak zein dependenteak... eta helduok ere bai; elizara gure maitatuen hiletetan sartzen garenak zein sekula sartzen ez garenak; heldu ezkonduak, bananduak, edota bekatuan bizi garenak; baita betigazteak, neskazaharrak zein mutilzaharrak ere. 

Elizak gero eta hustuago dauden garai honetan; oraindik ere Elizaren errepresioa eta jazarpena salatzeko beharra dagoen garai honetan; erre zituzten sorginen ondorengoak ere hurbilduko gara San Joan suaren argira kamiseta, txapa edota poltsa aldarrikatzaileak soinean. Horra hor gure kontraesana. Eta hona hemen gure dilema. Zergatik jarraitzen dugu ospatzen udako solstizioa Elizaren santu baten omenez? Zergatik ez dugu udako solstizioa dagokion datan ospatzen? Zergatik utzi diogu benetako auzolanean ospatzeari? Azken finean, zer nahi dugu ospatu, San Joan ala udaburua?

Search