Josu Iraeta
Idazlea

Sine nomine

Iragan mendeko laurogeiko hamarkadan, Ezker Abertzaleko buruzagiek garbi ikusten genuen ‘ABC’ egunkariko editorialek zenbateko eragina zeukaten Felipe González jaunak zuzentzen zuen Ministroen Kontseiluaren erabakietan. Denborak ebidentzia garbiak argitzen zizkigun. Ez zituen Felipek ondoko hitzak kasualitatez bota: «Eskuinak egingo zukeena besterik ez dugu egiten».

Gaur egun, jarduteko modu antzekoa dute Moncloan: duela hogeita hamar urte, ‘ABC’ egunkariaren aginduetara aritzen zen; orain, Mariano Rajoy jaunaren gobernuak gauza bera egiten du, eta dauzkan gabezia nabarmenak errioxar promiskuoak zuzentzen duen egunkariko zutabeetan bidez estaltzen ditu. Dena dela, bi gobernuen artean desberdintasun handiak daudela esan beharra daukat; izan ere, galiziarren taldea, zakarragoa, profesionaltasun kaskarragokoa eta adimen gutxiagokoa da, ganaduzale andaluziarraren semeak zuzendu zuena baino.

Alderdi Popularraren gobernuak bere euskarri eta zuzentzaile direnen esanetara jarduten duela ikusirik; prentsa erreakzionarioa, enpresari eta bankariak, guztiak ere ‘jainkoa, aberria eta erregea’ hirukotik urrun daudenak, beharbada iritsi da unea. Atzera begirako balorazio baten aurrean eskandalizatzen direnei, -haiekin bat ez datozen iritziak kriminalizatzeko asmoz- Ezker Abertzaleak azken hogeita hamar urteetan zer bide egin duen gogoratzekoa.

Gogoan izan behar genuke garai batean indar politiko guztiek, -espainiarrak eta euskaldunak- Herri Batasuna praktika politiko instituzionalera erakartzeko beharra ikusten zutela. Maila goreneko instituzioetan «parte hartzeari» uko egitea sekulako akatsa zela esaten ziguten. Hori hautesleei iruzurra egitea zela argudiatzen zuten batzuek, beste zenbaitek, horrenbestera iritsi gabe, egitasmo politikoak eskura zeuden foro eta fronte guztietan defenda zitekeela eta defendatu behar zirela zioten.

Duela hogeita hamar urte publikoki defendatzen zutena orain arbuiatzen aritzen direnak zein diren esan beharrik ez daukagu. Zinismoaz eta erabateko naturaltasunez esaten dituzte, esaten dituztenak. Batzuek, sigla deskafeinatuetatik, beste batzuek, lotsaz gorritu gabe irauteko aukera emango dien lekua bilatuz, haien gainbehera politikoa ezkutuan mantendu nahirik.

Hiru hamarraldi horietan, autodeterminazio eskubidea gauzatzeko moduaren inguruko hamaika txosten idatzi eta eztabaidatu dira. Ikuspegi desberdinetatik, eta ez bakarrik alderdietan eta sindikatuetan; Eliza Katolikoaren barruan ere bai, eta ez Euskal Herrian soilik. Beste eremu batzuk ahaztu gabe; enpresa, unibertsitatea, indar armatuak eta kidego poliziak, Foru Polizia eta Ertzaintza barne.

«Egitasmo politiko guztiak berdintasun-baldintzetan defenda daitezke bide demokratikoetan». Lelo hori diskurtso politiko ofizialaren amu besterik ez zen, egia ezkutarazten saiatzen zena.

Gehiago ere esaten zuen. «Autodeterminazio-eskubidearen eskubidea erabiltzeko bidea bilatzen duen egitasmo politiko bat defendatzeko, ez dago indarkeria politikoaren beharrik; egiaz, saihestu egiten du». Horrela, lehen bezala orain ere demokratak direla esaten dutenek, publikoki ETAren aurrean jartzera animatzen gintuzten, eta haren borroka armatua alferrikakoa eta kalterako zela baieztatzera.

Bi urte daramatzagu ETAren indarkeria politikorik gabe. Batzuk ile zuriagoarekin, eta beste batzuk burusoilago, baina aldaketa gehiago ere ba ditugu, hogeita hamar urte igaro direnean.Aldaera horiek hain dira sakonak, non denbora eta leku asko beharko genituzke, danak aztertzeko.

Beharbada, hiru hamarkada horietan izan diren aldaeretan mingarriena inertziarena da. Hastapenetik, aztertu, neurtu eta zalantzan jarri beharko litzatekeen guztia; logikoa, naturala eta egiakoa dela onartzera eramaten gaituen inertziarena. Espainiako eta Ego Euskal Herriko iritzi publikoa guztiz baldintzatuta dago. Zuzenean edo zeharka kalterik ez dion guztia ontzat ematen ohituta. Hori bai da mingarria.

Estereotipoak, formulazioak eta kalifikatzeak itsu-itsuan onartzen dira, kontuan hartu gabe nondik datozen, zertarako erabiltzen diren, eta nori egiten dioten mesede.

Duela hogeita hamar urte, gure egitasmoak ‘demokratikoki’ defendatzeko bide bat eskaintzen ziguten, orain ez. Orain, kanporatu egin nahi gaituzte –belaunaldi berrientzat ia utopia dena defendatzen dugunok-, duela hogeita hamar urte, egitasmo egingarri eta hurbilekoa zen horren aldekoak garenoi. Determinazio askea gauzatzearen aldekook.

Horretarako, Hego Euskal Herriko lehenengo indar politikoari gaitasuna kentzeko prest daude. A zer nolako astakeria.

Zer aldatu da hogeita hamar urteotan? Non dira elkarbizitza politiko eta sozialaren sistema arautzen duten balio demokratikoak? Arrazoia bat da, eta oso garbia; indarrean dagoen erregimenaren kudeatzaileak urrundu egin dira demokrazia hasi berri hartatik. Lehen, ETA zegoen soberan; orain egitasmoa dago soberan, ideiak daude soberan, gu geu gaude soberan.

Nori egiten dio mesede munstrokeria politiko horrek? Nortzuk agertzen zaizkigu biktima orbangabe bezala, egitasmo antagonikoak defendatzen dituzten bi indarren erdian? Zer aldarrikatzen dute haien distantziakidetasun erosotik? Zer ekarpen egiten diote haien herriaren orainari eta geroari?

Egia da galdera sakonak direla, baina argitasunez erantzun litezke. Buruzagi politiko eskarmentuzko zein neofito batzuen arduragabekeriaren larritasuna azpimarratzen has gintezke. Hogeita hamar urte igaro diren arren, orduko berbera bultzatzen ari dira; Moncloako konplizitate ezkutuak. Hortik datozkie ‘Kalderetea’ Iruñera, eta ‘marmitakoa’ Gasteiza.

Gaur egun, formula horrek ez du balio, ez da egoera konpontzeko gauza. Abiapunturako formula bat adostu beharra dago, eta euskal gizartearen gehiengoaren onarpena behar du. Horrek lana eskatzen du, lan handia, baina ezinbestekoa da. Orain, - naiz beste gisa batera izendatu- behin-behinekotasuneko beste hogeita hamar urte, aukera bakarra direla esatea, onartezina da. Beste iruzurra , Konstituzio zaharkitu, motz eta genetikoki biziatuaren fruitu.

Bukatu baino lehen, adierazi nahi dut erabat sinetsia nagoela, historiaren norabidea aldatzea lortuko duen faktorea, euskal gizarteak Euskal Herriko txoko guztietan adieraziko duen indarra izango dela.

Search