Eneko Yurreamendi Aleman ‘Tinto’
Ezker abertzaleko kidea

Sortun ez al du lekurik Josetxo Ibazetak?

Ekainaren azken egunetan belaunaldi ezberdinetako Ezker Abertzaleko hainbat kiderekin batera, Donostiako Miramonen prentsaaurreko agerraldi batean parte hartu nuen, hamarkada luze bateko ilegalizazioa gainditze bidean, gorriak ikusi eta bizi izan baditugu ere, bizirik eta Sorturen legeztatzeak suposatzen zuen aukera politiko-organizatiboa denon artean aurrera ateratzeko prest geundela  adierazteko.

Ezker Abertzaleko antolakunde ilegalizatuetan militatu izan dugun kideak bildu ginen bertan: Haikako militante izandakoak, Batasaunakoak, Ekinekoak, Askatasunakoak, ETAkoak… guztiok izan baikara errepresio judizialaren jopuntu eta guztion ekinari esker iritsi baikara eskenatoki berri honetara eta, besteak beste, ilegalizazio prozedurak etsaiari politikoki jasanezinak bilakatzera.

Uztailaren hamaikagarren egunean ordea, ekaineko agerraldi horretan ondoan nituen hainbat lagun beste prentsaurreko batean ikusi ditut, Sorturen eratze prozesuaz eta harreman politikoetaz hainbat berri emanez, baina, nire harridurarako, baita Josetxo Ibazeta militantearengan pertsonalizatu den «jarrera» batek Sortun lekurik ez duela ere adieraziz.

Josetxo Ibazetak kargu instituzional ezaguna zuen Donostiako Udalan, Alkatearen ondoko edo idazkari gisa, eta espainiar selekzioaren kamisetak soin gainean zeramatzaten euskal hiztun batzuekin izandako ahozko istilu bat baimenik gabe grabatu eta Madrilgo kazeta batek argitaratu izanak, alkatearengan eta berak ordezkatzen duen hautes plataformarengan sor zitzakeen kalteak aurreikusiz, bere kargu uztea jakinarazi zion Juan Karlos Izagirre alkateari, baita honek berehalakoan onartu ere. Zinez garbia eta zentzuduna bien jarrera, ardura instituzionalak eta zalaparta publikoak ez baitira bateragarriak (honelako kargu uzteetara ohituak ez bagaude ere).

Baina, zertara dator Sorturen eratze prozesuaz diarduten lagunon aldetik, ezker abertzaleko militante ezagun honen izen abizenekin zuzenean lotu den «jarrera» baten epaitze publiko hori? Sortun ez al du lekurik Josetxo Ibazetak?

Gaur bertan irakurri dut Tafallako editore ezagun baten idatzia, bere gustoko Sortu nolakoa zatekeen bere idazkera berezian laburbilduz; bertan aipatzen duen gehienarekin ados nago, batez ere, borroka moldeetaz egiten duen hausnarketarekin (ezker abertzalearen estrategia aldaketa, beste erresistentzia eta aurrera egiteko molde batzuen potentzialitatean oinarritzen omen dela oroitarazten baitu). Baina niri, bat batean, zera etorri zait burura: nire gustoko Sortun, Josetxo Ibazeta bezalako militante guztiak bildu beharko genituzke.

Bai, dudarik gabe. ‘Gora ETA’ oihukatu izan dugun milaka herritarrok, ‘Gora Herri Batasuna’ oihukatu izan dugunok, Euskal Preso Politikoen aldeko margoketak egin izan ditugun guztiok lekua izan beharko genuke Sortun.

Batzuetan iparra eta duintasuna galtzerainoko mugetan sumatzen ditut hainbat adierazpen publiko. Badakit ilegalizazioaren aroa ez dela amaitu guztiz oraindik, baita jakin ere hemen ez dagoela adierazpen askatasunik, eta ezker abertzaleko arduradun politiko batek esaten dituen hitz guztiek behar dutela izan oso ongi neurtuak. Baina nahi ez den ezer ez dugu esan beharrik, ezta ere galdera zirikatzaileei erantzun baharrik, ezta kiderik publikoki zigortu beharrik ere,... ez dago barkamenik eskatu beharrik motiborik gabe.

Niri, abertzalea naizen heinean, mina ematen dit espainiar banderak gure udaletako balkoietan ikusteak; eta tripak sutan jartzen dizkit gure herrietako kaleetan espainiar selekzioko kamisetak soinean dituztenak ikusteak, inposatzen didaten naziotasun baten ikurra baitaramate «normaltasun demokratikoz» nire muturraren aurrean; eta tripako min hori ez zait sendatu estrategia aldatu dugulako...  Eta horrelako tripako minak hartu izan nauenean, zoritxarrez askotan gogorarazten baitit egunerokoak Herri zapaldu bateko kidea naizela, nire barru barrutik, nire bihotzetik agindua jasoz ‘Gora ETA militarra’ atera izan zait behin baino gehiagotan: ez zait burura etorri espainiar konstituzioaren artikulurik, baina bai Josetxo Ibazetak aipatu omen zituen hiru hitz horiek. Jarrera irrazionala izango da, baina erreala, gertatzen dena, eta zerbaitegatik bihotz bihotzetik ateratzen zaidana, bai aljaina!

Agian urte batzuren buruan ‘Gora Sortu’ aterako zait, barru barrutik, antzeko egoera bati erantzun irarazionala baina erreala ematean. Baina hori gertatzeko, garai berri hauetan ilusioa bizi bizirik duten gainontzeko euskal independentista-sozialista guztien modura, Josetxo Ibazeta bezalako militante eredugarriek hasiera hasieratik leku izan beharko lukete Sortun. Indarrak batu eta antolatzeko garaia da, ez publikoki «sanpedrokerietan» ibiltzekoa.

Animo Josetxo, mandazain zaharrok beti egingo dugu topo bidean, baita gurdi berean bidea egin ere. Ez galdu umorea eta ongi pasa Aste Nagusian!

Search