Tabakalera: ke arteko elkarrizketak
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak (KGNZ) 2015eko irailaren 11n ireki zituen ateak. Lau egun lehenago, irailaren 7an, hondeamakinak Kortxoenean sartu ziren, gaztetxea eraisteko lehen ahaleginean. Bi gertakari horien aldiberekotasunak aspaldi ez bezala jarri zituen herritarrak kultur erakundeekin elkarrizketan. Testuingurua ere ez zen edonolakoa, Donostia Europako Kultur Hiriburutza estreinatzear baitzegoen. Kultura ofiziala vs kultura alternatiboa, baina are konplexuagoa. 67 kultur eragilek Kortxoenearen aldeko manifestua sinatu zuten, espazio autoeratuak kulturari egindako ekarpena balioetsiz. Artista eta sortzaile horietako asko gaztetxean aritu ziren erresistentziak iraun zuen bi hilabeteetan, eta, aldi berean, Tabakaleraren inaugurazio ekitaldietan parte hartu zuten. Bestalde, Donostia 2016 eta Donostia Kulturako langile askok, kultura instituzional eta ofizialaren alorreko langileak izanik, babesa adierazi zioten kultura alternatibo eta autoeratuaren ikur bihurtu zen ereduari.
Elkarrizketa horretan egin zituen lehen urratsak Tabakalera berriak, ziurtasun adina mesfidantzekin, bai, baina elkarrizketan. Eta elkarrizketa horrek jakin-mina eta ikusmina sortu zituen, zalantzarik gabe. Baina aurretik ere izan, bazen Tabakalera. Tabako fabrika bat izan zen 1903. eta 2003. urte artean, XX. mendeko Donostiako hiriguneko lantegi garrantzitsuenetakoa. Bertan lan egiten zuten gehienak emakumezkoak ziren. Zigarrogileak. Fabrika-kultura, langile-kontzientzia eta ahizpatasuna. Langile ohiek «Kearen Unibertsitatea» deitzen zioten. Lantegiaren inguruak Egia auzoko haurren jolaslekua ziren. 1936ko gerrako bonbardaketetan babesleku izan zen. Eta urteetan zehar bizilagunek tabako-hartzidurak eragindako ingurumen-eragozpenak pairatu behar izan zituzten. Tabako fabrika 2003an itxi zen, eta urtebete geroago Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eraikina erosi zuten. Aurrerantzean, kultura jardueretarako erabiliko zen.
Lantegi-eraikina, langileak eta auzoa elkarrizketan egon ziren mende batez, eta kultur proiektuak, aurrera egin nahi bazuen, elkarrizketa horri eutsi behar zion ezinbestean. Joxean Muñoz horren jakitun zen 2006an Tabakalerako zuzendaritza hartu zuenean. «Egiako auzotarren etxea izan da eta hala izatea nahiko genuke». Tabakalera zer eta nola izango zen erabaki bitartean, edo hobeto esanda, erabakitzeko, lehentasunezkoa zen ingurunearekin elkarrizketa sortzea. "Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna" (2008). Zuhaitzaren sustraiak nola, Tabakalerak tokian bertan behar zituen zimenduak. Auzoa, hiria, lurraldea eta nazioartea. Sustraiak idor dituen zuhaitzak nekez ematen baititu hostoak.
Baina herritarrekin elkarrizketa bideak eraikitzen ziren bitartean, erakundeen eta proiektuaren arteko elkarrizketak huts egin zuen. Muñozek 2010ean dimititu zuen, elkarrizketa baten kontura dimititu ere. Komunikabide batek orduko Donostiako alkateari egindako elkarrizketaren bidez jakin baitzuen aurrekontua murriztuko zutela, egitasmoa «birdimentsionatuz». Proiektuaren etorkizuna zalantzan jarri zen. Krisi ekonomikoa, bultzada politikorik eza, eta horren guztiaren artean, Miriam Anitua, behin-behineko zuzendari gisa. 2011ko apirilean hasi ziren eraikina birmoldatzeko lanak. Ordurako diru publiko asko gastatu zen zimenduak zaharberritzeko, eta ezinbestekoa zen eraikinari erabilera bat ematea. Elkarrizketak, asko eta askotarikoak. Erakundeen artean eta langileekin. Eta elkarrizketa horietatik, proiektuarekin aurrera jarraitzeko erabakia. Eraikuntza lanek aurrera egin zuten; ez, ordea, Anituak, eta 2012 amaieran Ane Rodriguez izendatu zuten zuzendari, elkarrizketan sakonduz.
Lanak beste hiru urtez luzatu ziren, eta, esan bezala, KGNZ berria 2015eko irailean estreinatu zen. Hamar urte igaro dira ordutik, eta denbora honetan Tabakalerak sobera erakutsi du elkarrizketak sortzeko gaitasuna. Tabako fabrikako zigarrogileen eta egungo kultura-zentroko langileen arteko elkarrizketetatik sortu zen "Kearen Artxibogileak" (2016), eta auzoarekin hasitako elkarrizketaren jarraipen gisa, "Egiak tabako usaina zuen" (2021). Ez da etsenplurik falta, eta, akaso, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Elias Querejeta Zinema Eskolaren arteko lankidetza da adierazgarriena.
Hala ere, bakarrizketarako joerak ere igartzen dira. Tabakalera, azpiegitura gisa, kultura lehiakortasun-terminoetan ulertzen duten EAJ eta PSEren politikek zeharkatuta dago. Ibon Aranberrik zorrotz laburbildu zuen Tabakalerari esleitu dioten zeregina: «Hiriaren branding-a, beste ekonomia batzuk aktibatzeko». Batzuek esango dute ez dela proiektuaren berezko helburuekin kontrajarria, baina artea edo zientzia inbertitzaileak eta turistak erakartzeko bitarteko bihurtzen direnean, Tabakalera da galtzailea. Erantzuna emanda dagoenean, galderak egitea ez da lehentasunezkoa eta, gogoeta eta kritikotasuna sustatzea traba ez ezik, kaltegarria ere izan daiteke. Azpiegituraren kudeaketa baldintzatzen da, eta, beraz, baita ingurunearekiko harremana ere, hau da, beste kultur erakunde, artista eta sortzaile, unibertsitate edo gizarte-mugimenduekiko harremana. Sortzaileen egonaldietarako egoitza «diseinuzko boutique-hotel» bihurtzeak edo Emaus eta Taba bezalako fundazio eta kooperatibak proiektutik kanpo uzteak, adibidez, errezeloak areagotu eta herritarrak urruntzen ditu.
Hamar urte bete ditu Tabakalerak. Hamar urte, nahi beste Tabakalera eta irakaspen argi bat: Tabakalera elkarrizketa da, edo ez da izango. Elkarrizketa, konplizitateak sortzeko. Elkarrizketa, ingurunea engaiatzeko. Elkarrizketa, beste hamar urte eta gehiago betetzeko. Eta kerik gabe bada, askoz hobeto.