Aitziber Sarobe Egiguren
Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistak

Tapia sailburuak ingurumenari eraso

Interes ekonomikoak babesteko kontrol politikoa eta soziala ahalbidetzen duten tresnak eta prozedurak aldatzea nekez uztar liteke interes orokorrarekin

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu izendatu zutenetik, etengabe plazaratu dira EAE osoan ingurumena modu esanguratsuan kaltetzen duten proiektu, plangintza eta egitasmoak: hainbat lehendik ezagunak zirenak, beste hainbeste eta gehiago, Zaldibarreko hondamendiak eragindako krisiaren aterabide izan nahi dutenak.

Egitasmo horiek aurrera egiteko baina, Eusko Jaurlaritzak Aldundien eta Udalen onespena behar du. Udalena bereziki, edozein jardueraren baimena Udalen eskumena baita, gaurdaino. Baldintza horrek, gure administrazioen arteko botere harremanen oreka bermatzeko pentsatutakoa, zaildu egin ditu Tapiaren asmoak, hainbat udalek ez baitituzte begi onez ikusi proiektu kaltegarri horiek.

Egoera hori iraultzeko, EAJren aterabidea legea aldatzea izan da, udalei eskumenak kenduz, Jaurlaritzari bere ekimenak gauzatzeko bidea irekitzeko. Hala, Ingurumen Administrazioaren Lege berriak, ingurumenari ez ezik, demokraziari egin dio eraso, herritarrek gertukoen dituzten botere-organoak ahuldu dituelako. Parlamentuan gertaera larri horiei buruz galdetutakoan, Tapia sailburuak erantzun du EAJk lege hau onartzeko eskubidea daukala herritarren gehiengoarekin gobernatzen duelako. Baina alderdi politikoak hauteskundetara aurkezten direnean programak aurkezten dituzte, eta EAJ alderdiaren programan ez zegoen, inondik inora, herri honen antolaketa administratiboari halako erasoa egiteko aurreikuspenik.

EAJren programan klima aldaketaren kontrako politikak, naturaren eta ingurumenaren aldeko proiektuak eta garapen jasangarriaren aldeko gobernantza jaso ziren. Auzolana iragartzen du alderdi horrek etengabe hedabideetan, eta, berriki egin duen kongresuan, herritarrei entzuteko nahia adierazi du. Beraz, zaila da sinestea alderdi hori bozkatu zutenak lege honen alde daudela. Horren adibide dira, esaterako, alderdi horrek gehiengoarekin gobernatzen dituen eta lege honen kontra agertu diren herriak, edota, berriki, Bilbo eta Gasteizen EAE osoko talde ekologistek eta bestelako eragile sozialek egin dituzten agerraldiak eta manifestaldiak.

Interes orokorrekoak diren proiektuak gauzatzeko behar omen du Tapiak lege hau. Iritzi berekoa da Maria Eugenia Arrizabalaga, Legebiltzarrean adierazi zuenez, «2030erako hitzartuta dauzkagun konpromisoetara iritsi beharra daukagu, eta euskal industriaren beharrei erantzuteko lekurik gabe geratzen ari gara zabortegietan. Gure asmoa hauxe da: oso denbora gutxian, gainean ditugun zenbait arazo larriri irtenbide bat emateko beharrezko legezko tresna berri bat sortzea».

Interes orokorraren mesedetan aritzea eta egun, gure industriak epe motzean dituen interesak defendatzea bateraezinak dira. Zergatik eskatzen du bestela EAJk trantsizio energetikoa? Zergatik ari dira ekonomia zirkularra eta hondakinen politika gutxitzeaz ere hitz egiten? Interes ekonomikoak babesteko kontrol politikoa eta soziala ahalbidetzen duten tresnak eta prozedurak aldatzea nekez uztar liteke interes orokorrarekin.

“Tapia Legearekin”, herritarren interesen kaltetan aritzeko borondate argia erakutsi du EAJk, ingurumenaren defentsan aritzea hori baita, herritarren mesedetan aritzea. Ingurumen osasuntsuaz gozatzea eta natur ingurunea zein bioaniztasuna kontserbatzea herritarren eskubideak direlako, gure osasunaren baldintza direlako.

Udalei, mankomunitateei eta alderdi politiko guztiei, PSEri barne, eskatzen diegu “Tapia Legeari” kontra egitea. EAJri eskatzen diogu EAEko Lurralde Antolaketarako Legedia errespetatzea.

Search