Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Tokiko eta erregio eskalak garapenean

Garapenari buruzko pentsamenduan lurralde edo espazioaren dimentsioa barneratzea XX. mendearen bigarren erdialdean gertatu zen, praktika keynestarren eskutik batez ere. Horren aitzindari gisa jar daitezke Frantzian bultzatuko Hazkunde Poloak, Perroux eta Boudeville-ren proposamenetan oinarrituak. Aurreko mende osoan kapitalismoaren dinamika ekonomikoak eta erregulazio instituzionalak koherentzia aurkitzen zuten Estatuaren eskalan, bere mugen barneko logikak gidatuta.

Globalizazioaren abagunean, ordea, koherentzia hori apurtu egiten da fluxu ekonomikoen parte esanguratsuek (finantza, produkzioa, merkataritza) Estatuaren eskala gainditu dutelako eta, aldiz, Estatuak oraindik ere erregulazio-eskumen garrantzitsuak mantentzen saiatzen direlako, beste batzuk nazioarteko eskalara transferitzen diren bitartean (moneta-politika eta banku-sistemaren arauketa adibidez). Paradoxa da nola mugak lausotu eta mugimendu oztopo ugari ezabatzen diren honetan, lurraldeak eta espazioak berrindartuak atera diren. Ez guztiak, noski, baina lurraldeari txertaturiko lehiakortasun faktoreek eta ezaugarriek esangura berria jaso dute. Estatuaren azpiko lurralde eskalek, tokiko eskalek, hiri globalek eta erregioek batez ere, garrantzia hartu dute, bai enpresa transnazionaletarako, bai gobernu estatal eta kontinentaletarako. Adierazgarria da nola globalizazioaren XXI. mendean nazioarteko erakundeek tokiko eta erregio garapenarekiko arreta biderkatu duten eta hainbat txosten garrantzitsu argitaratu dituzten.

Hala ere, lurralde garapenari buruzko literaturan sarritan tokiko (local) eta erregio eskalak modu bereizi gabean erabiltzen eta nahasten dira. Erregio eskalak ekonomiaren sustapen eta arautze eskumen batzuk dituzten eremu administratiboak izango lirateke, autonomia erkidegoak esaterako, eta tokiko eskalaren barruan udalerriak, eskualdeak, hiriak, kuadrillak eta udal mailako eskumenak dituzten eremuak biltzen dira. Gure iritzi apalean, ordea, tokiko eta erregio eskalak banatzea ezinbestekoa da, bai eskalek izaera eta ezaugarri arras ezberdinak izan ohi dituztelako, bai eskala baterako eraiki diren proposamen analitikoak ezin direlako beste eskalara birlandatu (erregio berrikuntza sistemak edo learning regions adibidez), bai eskala bakoitzean gauzatu daitezkeen garapen estrategiek, elementu osagarriak izanda ere, izaera, ezaugarri, aukera eta muga ezberdinak dituztelako. Erregio eta tokiko eskalaren arteko aldea ez dator soilik tamainatik . Arauketa sozioekonomikorako eta garapen dinamikak sustatzeko berezitasun eta aukera ezberdinak dituzte.

Tokiko eskalak (udalerria edo udalerriz osatutako eskualdea) autonomia erkidegoarekin alderatuta gabezia edo ahuldade nabarmenak ditu. Lehenik eta behin, ez dute masa kritiko nahikoa eta elementu klabeen gabezia pairatzen dute hainbat politika sistemiko bultzatzeko orduan. Esate baterako, berrikuntza politiken esparruan dauden hainbat proposamen (helize hirukoitza edo laukoitza, berrikuntzako erregio-sistemak…) edota kluster politikak oro har ezin dira eskualde mailan planteatu, elementu edo eragile nahikorik ez dagoelako eta muskulu finantzario nahikoa ez dutelako politika industriala egiteko.

Bigarrenik, orain dela gutxi arte, udaletxeek eta eskualde mailako erakundeek (mankomunitateak, partzuergoak…) legez ez zuten aitortua sustapen ekonomikoa bultzatzeko eskuduntza. Sustapen ekonomikorako udalen eskuduntzak partzialak eta oso mugatuak izan dira: etxebizitzak sustatu eta kudeatzea; herri barruko bide publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzea; ingurumena babestea; hiltegiak, azokak, merkatuak eta bezeroen eta kontsumitzaileen defentsa; turismoa… Duela bi urte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erabakitako 2/2016 Legearen bitartez, ordea, udalei berezko eskuduntza bezala aitortu zaie «tokiko ekonomia- eta gizarte-garapena, eta tokiko enplegu-planak edo politikak» bideratzea. Aldaketa hori udalek sustapen ekonomikoa bideratzeko erakutsi duten eraginkortasunaren aitortza da. Baina orain arte aldaketa formala baino ez da izan, eskumen horren gauzapena ez delako zehaztu, ez eta finantza iturriak nola bideratuko diren.

Aurrekoaren ondorio da udalek ez dutela baliabide finantzario egonkorrik izan sustapen ekonomikorako. EAEko sektore publikoan udalek mende hasieran gastu publikoaren % 15,4 maneiatzen zuten, BPGaren % 6,3. Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, udalek jasotzen duten finantziazioa batez bestekoaren azpitik dago. Gainera udal-aurrekontuen %30 inguru berez ez dagozkien eskuduntzak finantzatzeko erabili izan direla kritikatu da. Testuinguru honetan Garapen Agentziek kudeatzen duten aurrekontuak gora egin du azken hamarkadetan: 87.929.634 euro EAEn 2014. urtean, udal-aurrekontuen gastu arruntaren %4,08 alegia. Sustapen ekonomikorako gastu horren zatirik handiena, %58,8, udalen gain erori da. Gainerakoa goitiko erakundeetatik jasotzen da, urtearen eta agintarien arabera ezegonkortasun handiago eta txikiagoarekin. Berez, udaletatik ez datozen diru-laguntza gehienek izaera bertikala, denboran ez jarraitua eta Europako kofinantzaketa maila altua dute. Gainera, kasu batzuetan diskrezionala da eta gaineko gobernu-mailen helburu eta lehentasunek baldintzatua, sarritan tokiko behar, helburu eta lehentasunekin bat ez datozenak. Modu honetan, udalak beste gobernu maila batzuek diseinatutako programa eta estrategiak finantzatzera behartuak dira.

Ikusteko dago 2016an onartutako legeak eraginik izango duen errealitate honetan. Saiakera hori egongo balitz, aukeraz baliatu daiteke Garapen Agentzien egitura instituzional osoa berraztertzeko eta praktika egokienetara moldatzeko. Norabide horretan, hauek lirateke hausnartzeko gaietako batzuk: Bizkaiko Behargintzen funtzioak eta hedadura geografikoa (udal mailakoak eskualde mailara igarotzea), landa garapena eta gainerako garapen estrategien arteko banaketa zalantzazkoa, Arabako Landa Garapeneko Elkarteen funtzioak, baliabideak eta finantzaketa, Nafarroa Garaiko mendialdean eta gainerako lurraldean dauden egitura ezberdintasuna eta asimetriak (Cederna-Garalur eta gainerako Eskualdeko Garapen Agentzien artekoa), Eskualdeko Garapen Agentziak sustapen ekonomikorako tresna eraginkor eta proaktiboak bihurtzea.

Azken finean, indargune edo potentzialtasunen aldetik begiratuta, herri edo eskualde mailako lurraldeek badituzte erregio edo estatu mailan ez dituzten edo lantzeko zailagoak diren gaitasun batzuk. Esate baterako, analisi, identifikazio eta prospektiba gaitasunak, tokiko eragileak baitira beren errealitatearen ezagutza hoberena dutenak; tokiko indar eta baliabide endogenoak aktibatzeko eta erabiltzeko gaitasuna; identitate sendoak, konfiantza, kolaborazioa, kapital soziala, sareak, ikasketa eta berrikuntza prozesuak edota ekintzailetza dinamikak eraikitzeko gaitasunak; eragileen artean motibazioa bideratzeko, estrategia edo garapen ildo zehatzetara lerrokatzeko, konpromisoak indartzeko, adostasunak lortzeko edota gizarte-kohesioa hobetzeko tresna ez ekonomikoak artikulatzeko gaitasunak, ohiko pizgarri ekonomikoen (diru-laguntzak, aholkularitza zerbitzuak…) osagarri izan daitezkeenak; eta batzuetan gezurra badirudi ere, pentsamendu ideologiko ezberdinetako alderdi politiko eta eragileen artean adostasunak lortzea objektiboki posibleago da, azken finean konfrontazio politikoaren gai nagusiak (lan merkatuen arauketa, zergak, gizarte-babeserako sistema, hezkuntza, industria-politika…) beste maila batzuetan erabaki ohi direlako.

Search