Inaxio Mendizabal

Tortura eta errelatoa

Iaz, motibazio politiko hutsagatik Espainiako Estatuaren bortizkeriaren biktima izan direnei, hamarkada luzetan ukatuak eta isilduak izan dituztenei, aitortza publikoa egin nahiz, Eusko Jaurlaritzak Urriaren 31an ekitaldi bat antolatu zuen, lehenengoz, Donostiako Kursaalen. Beste gisa bateko omenduak agurtzera joan zale zen goren kargua (formazioan bezala ilaran jarri denak eta, alfonbra gorrian bailiohan, banan bana esku emanez egurtzea ohi zuena) ez bazen azaldu ere, han ziren besteren artean Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Malgosa, eta biktimen Baloraketa Batzordeko buru Juana Balmaseda anderea.

«Eskuin muturreko terrorismoaren eta indar parapolizialen gerra zikinaren biktimak, eta torturatuak izan direnak, Herri honen memoriaren liburuan atal berezian txertatuak azaldu behar dutela, eta Espainiako Estatuari benetako aitortza eta dagokien erreparazioa egin dezan eskatu behar zaiola», esan zuten.

Dantza modernoa, musika eta kantu ederrez giro zirraragarria sortu zuten, baltsamo bailitzan zaurien sendagarri.

Gonbidatuen artean zeuden lehen torturatu ofizialki aitortuak ere.

«Benetako aitortza», erraz ulertzen da.

«Dagokien erreparazioa», nola neurtu? Airean geratzen da. Hori guztia zergatik gertatu den? Ez zen galdetu!

Eta aurten ere, Eusko Jaurlaritzaren izenean Gogorak «Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna» izenarekin Ekainaren 26an Bilbon ekitaldia antolatu izana, urrats bat gehiago da. Norabide onean doan urratsa. Eta horrexegatik, txalotzekoa!

Oiartzunen mediku ari zela atxilotu eta torturaren ondorioz hil zen Esteban Muruetagoiena Ondarrutarraren oroimenez, haren alaba Tamara-ren mina adierazten duen dokumentala –“ Indarkeriaren oi(h)artzunak”– eman zuten argitara aretoan bertan. Ondoren, torturatua izandako batek bere testigantza eman zuen jendaurrean, lehenengo aldiz. Eta EAEko Gobernuaren Giza Eskubide eta Justizia sailburu berria, PSEko Maria Jesus San Jose ere mintzatu zen. Haren hitzetan:

«Ez dago biktima bat bedera ere memoria, justizia eta erreparazioa ez dagokionik, eta horretarako lanean jardungo dugu, jakitun berandu gabiltzala bizi izan den min guztia ulertzeko». «Inork ez zukeen eraila, torturatua, estortsionatua, edo bahitua izan behar, ez arrazoi politiko ez eta Estatu arrazoiagatik ere». «Ez da erailketa terrorista bat bakarrik ere izan judizial edo polizia abusua justifika zezakeenik, izan ez den bezala sekula judizial edo polizia abusurik erailketa terrorista bat justifika zezakeenik».

Giza eskubide urraketa guztiak aintzat hartzeko eta guztiei tratamendu bera emateko helburuarekin ari dira! Izan den minari ikusgarritasuna eman nahiz, zein aldetakoa den begiratu gabe!

Baina, ekitaldi hauetara gonbidatzen direnak torturatuak badira, torturatua izan den batek bere testigantza ekitaldi horretan bertan zuzenean eskaintzeak ez dirudi aukerarik egokiena, testigantza ematen ari denari, jendaurrean, lehenengo aldiz, berari egin ziotena kontatzea, barrenak hustutzeko oso lasaigarri suerta badakioke ere. Torturatuek ez baitute testigantza berririk ezagutu beharrik hori zer den jakiteko. Izatekotan ere, gizarteari eskaini beharko litzaioke, modu orokorrean, gertakari horien ezagutza izan dezan.

Kezkagarriak suertatzen direnak, Justiziako sailburu berriaren hitzak dira. Mina eta sufrimenduak alde batekoentzat bezala bestekoentzat berdinak badira ere, minaren iturburuak ere berdintzat jotzeak, «judizial edo polizia abusuak» batetik eta «ekintza terroristak» bestetik, biak pareko egiteak, historia eta errealitatea itxuraldatzen baititu.

Dena den, ez da lan makala egin dutena, ezkutatua izan duten torturaren errealitate gordina plazaratze bidean jartzean. Txalotzekoa, beraz!

Urte askoan, hamarkada luzetan egon baita hemen tortura ukatua: komisaldegitako tratu txarrak salatzea ETAk emandako kontsignarekin jokatzea zela lotsagabeki aldarrikatuz! Edota, ez konfiantzazko abokaturik, ez medikurik... testigu izan zitekeen edonori sarrera debekatuz, atxiloaldi osoan bakar bakarrik beraien eskutan nahi zuten guztia eginez eduki zaituztenean, handik aterata salaketa jartzea okurritzen bazitzaizun, salaketa faltsua jartzen ari zarela eta kereila bat jartzearekin mehatxatuz!

Tortura, modu basatian, krudelki eta sistematikoki erabilia izan da hemen, torturatzaileek inpunitate osoa izan dutelarik. Bakarren batzuk, aztarna gehiegi bistan uzteagatik kondenatuak izan direnetan ere indultuak izan dituzte bizkor, eta medailak ondoren. Hildakoak ere badira torturapean. Bizi osorako markatuak geratu direnak ere bai, fisikoki edota psikologikoki.

Orain, Arantzadi Elkartearen lan eskergari esker, Kriminologiaren Euskal Institutuko Pako Etxeberria forentsearen laguntza ezinbestekoarekin zientifikoki frogatutzat ematen ari da milaka pertsona (badira 5.000tik oso gora) torturatua izan denaren egiazkotasuna. Eta jakitun gaude gehiago direla egin ziotena kontatzen hasteko ere kemenik gabe geratuak.

Baina, gertatzen dena da Espainiako Poliziak eta Goardia Zibilak bezalaxe, EAEko Gobernuaren mandatupean ari diren ertzainek ere torturatu egin dutela hemen. Ehundaka dira dagoeneko ertzainek torturatuen kasuak Arantzadik frogatutzat eman dituenak. Non dira delitu horren egileak, antolatzaileak, finantzatu dutenak, konplizeak, kolaboratzaileak, arduradun politikoak, zenbait juje, zenbait komunikabide...?

Denok dakigu komisaldegietan ankerkeriarik gertatzea ezinezko egiteko zeintzuk diren hartu edo jarri beharreko bitartekoak. Baina beste aldera begiratu du askok. Gehiegik! Hala komeni zitzaielako! Gertakari horiek burutu zitezen bultzatzaile izan ez direnean ere, isilik geratuz eta praktika horiek ikertzea oztopatuz, derrigorrezko kolaboratzaile izaera hartu dute, beraiek beste aldekoei ETAren ekintzekiko egozten dieten gisa berean. Eta, noski: gizateriaren aurkako krimentzat dauka tortura, Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Eta preskribatzen ez den delitutzat. Honetatik ondorioztatzen den guztiarekin.

Krimenak hor daude ezagutuak. Ezagutuak diren bezala krimen horien arduradun asko eta asko, gradu desberdinetako karguekin, bizirik dirautenak, Jujearen aurrean oraino eseri ez direnak, eta kartzela sekula zapaldu gabeak. Eta hauek dira orain besteoi etikaz mintzo zaizkigunak. Hauek, nor dagoen garbi politika egiteko, eta kargu politiko izateko baldintza etikoak betetzen dituen erabakitzeko eskubidea duten bakarrak.

Esaten den bezala, elkarbizitzaren alde ari bagara benetan denok, Nazioartean gatazken konponbiderako bitartekaritza alorrean adituak direnek diotenari jarraituz, hiru ardatz dira landu beharrekoak: gertatu den guztiaren aitortza, biktimekiko errekonozimendua eta erreparazioa, eta berriro ez gertatzeko bermeak.

Eta hirugarren puntu hau da garrantzitsuena, noski. Ez baita aski zer gertatu den aitortzea eta gertatu diren sufrimendu guztiak aintzat hartu eta erreparatzea. Hori ere derrigorrezko den arren. Berriro ez gertatzeko bide ziur bakarra, lehenik, gertatu dena zergatik gertatu den jakitean datza. Horrek jarriko baitu garbi, zer den egin behar ez dena, gatazkarik sor ez dadin. Horretan behar dugu erreparatu eta garbiki mintzatu! Nahiz eta oraindik Tribunal de Orden Público-aren oinordeko den Audientzia Nazionala indarrean dagoen.

Euskal Herriaren kasura etorrita, ardatzera jo nahi badugu, galdera zehatz bakarra da erantzun beharrekoa: Zergatik torturatu da hemen?

Eta ezbairik gabeko erantzun zuzena honako hau da: hemen gatazka politiko bat egon delako eta dagoelako oraino, eta zapaldua eta ukatua dagoen nazio bat dagoelako hemen.

Eta ukapen horren aurka modu askotako borrokak altxatu dira, borroka armatua tarteko.

Egoera horretan, zapalkuntza eta ukapen horri aurre egiteko ausardia eta kemena erakusten dutenekin hasten dira tortura praktikatzen. Zertarako? Borrokalariek lituzketen asmo eta planei buruzko informazioa ateratzeko, borrokalarien morala eta duintasuna birrintzeko, eta baita, praktika horiek ukatu egiten dituzten arren, borrokarekin zerikusirik ez daukan edonor torturatuz herritarrengan izua eta beldurra sortzeko ere.

Beraz, bi fronte dauzkagu: Euskal Herria menpeko izaten jarraitzeko Euskal Nazio izaeraren ukapenari eusten diona, bata, eta nazio batek aurrera egiteko beharrezko dituen instrumentu politiko eta juridikoak berreskuratzeko borrokatzen duena, bestea.

Talka horrek urte oso gogorrak izan ditu. Estatuak, bere legediarekin soilik, Herri erantzunari aurre egiteko zailtasunak zituenean, betiko errepresioari izen desberdinetako eta ondo hornitutako talde ilegalak gehituz, bortizki erasotu izan duelako. Herriaren aldetik, gisa guztietako mobilizazioz; eta, talde armatutik, errepresioaren agenteei eta zapalkuntzaren egitura arduradunen aurka joz erantzun delarik.

Borroka horretatik sufrikario latzak etorri dira bi aldetakoentzat. Alde batek utzi zion sufriarazteari, borroka armatuari amaiera emanez eta bide demokratikoetatik soilik borrokatzen jarraitzeko hautua eginez. Baina beste aldeak ukazioari eusten jarraitzen du, gatazka mantenduz, eta urte luzeetako kartzela zigorrei jarraipena emanez, sufrikarioa areagotuz. Beraien aldeko inor ez dago egin dituzten delituengatik preso egun. Baina beste aldekoentzat mendekuzko politikak egiten jarraitzen dute.

Ez dira berdinak, Herri bat ukatuz eta zapalduz mantentzeko erabili den biolentzia, eta Herria aitortua izan dadin eta zapalkuntzatik libratzeko erabilitako biolentzia. Sortzen duten mina da berdina, bietan. Baina, helburutan ez dute zerikusirik. Zapalkuntza eta ukazioaren aldekoa, guztiz kondenagarria den bezala, askatzearen aldekoa, zuzena, noblea eta Nazioarteko Zuzenbideak onartua baita.

Urrats handia emango genuke egiazko bake iraunkor baten alde gatazkaren muina zertan datzan behingoz aitortuko balitz. Egoera horiek sortzea baita saihestu behar dena

Horregatik, «estuvo mal» (ETAren ekintzekiko soilik) esateak ez bakarrik ez du ezer konpontzen, baizik eta gure Nazio izaera eta eskubideak ukatzen jarraitzen dutenei babesa ematen die.

Ordua da, Herriaren eskubide kolektiboen alde borrokatu dutenak, preso eta iheslariak denak, libro jar daitezen eta, sufrimenduari amaiera emanez, behingoz etxera itzuli, gure gizarteari elkarbizitzarako hesiak irekiz. Horrek egingo baitu posible dauzkagun indar guztiak batuz gure herri hau berdintasunean eta zuzentasunez eraiki dezagun, inguruko beste Herriekiko eta Nazioarteko harremanetan gizatasunez eta ekitatez jokatuz.

Une honetan gainera, presoekiko, ez da hori eskatzen ari garena. Soilik, Espainiako legedi arruntaren aplikapena, baizik. Eta horretarako ere kezka sortu dute hemen bertan, Pradalesen Gobernu berrian Justizia sailburu berriak oraintsu egin dituen adierazpenek. ETAko presoek, zigorra betetzearekin aski ez eta, eragindako mina onartzeaz gainera, egindakoaz damutu eta ekintza haiek zuzenez bestekoak izan zirela aitortu beharko dutela, esan baitu.

Herri hau borrokatzera kondenatu dutenekiko, deus ez.

Herriaren alde dena emanez borrokatu dutenei, ordainetan kartzela zigorra osoki betearaziz, trabak eta mespretxua.

Uste du norbaitek oinarri horietan eraiki daitekeenik horren desiratua dugun elkarbizitza baketsu eta iraunkorra?

Inor ez da hil behar, maltzurki diote, Euskal Herriari defentsa eskubidea ukatuz eta gaitzetsiz. Aldiz, Ukrainari armak bidaliz laguntzen diote nuklear potentzia den Errusiari aurre egin diezaion

Errelatoaren dema dabil hor!

Baldinbetan, norbaitek jarriko al ditu adierazpen horiek egiten dituztenak norabide zuzenean! Garaia da eta denok irabaziko genuke!

Orain berean, herri honen eta herri honetako herritarren alde gaudenok galdu ezin dugun abagune historikoa daukagu aurrean, itxaropen leiho bat ireki baita Espainiako Kongresuan, lurraldetasunari buruzko eztabaidari bidea irekitzeko konpromezua adierazi duelako Espainiako presidenteak. Eta beraz, EAEko Gobernu berriak aukera paregabea dauka, Legebiltzarrean erabakitzearen eta subirautzaren alde orain arte sekulan izan gabe zegoen gehiengo zabalaz baliaturik, inori beto eskubidea utzi gabe (Gobernuak daukana baino gehiengo haundiagoa baitago hor), Nafarroa Garaiarekin batera, Herri bezala, Espainiako Gobernuarengandik nazio aitortza lortu, eta berdintasunean negoziatuz, Euskal Nazioarentzat estatus berria erdiesteko, denborarik galdu gabe. Komunitate honek hil ala biziko bi ataka gaizto baititu bizi-iraun nahi badu bizkor gailendu beharrekoak:

Bata, euskal herriak euskal kultura garatuz euskaldun izaten jarraitu nahi badu, digitalizazio garai berri hauetan, Euskara ez dakien biztanlegoari jatorri askotariko etorkin kopurua gehitu behar zaiolarik, herri kohesiorako, euskara ardatz duen hizkuntza politikak aplikatu behar direlako. eta politika horiek guk behar ditugulako hemen erabaki. Hori egin ezean ziurra baita oso epe motzean euskarak ez lukeela presentziarik izango eta desagertu egingo litzatekeela.

Beste ataka gaiztoa, Euskal Herrian azken aldian Ekonomiak eraman duen norabideak ekarri dituen ondorio lazgarriak, gazteentzat bereziki, ahaztu gabe, klima aldaketa dela eta, gaur egungo produkzio eta kontsumo moldeak erradikalki eta bizkor eraldatu beharrean gaudelako, gizadiak planetan beharrezko dituen baldintzak agortuko direlako bestela uste dugun baino epe motzagoan, eta birmoldaketa integral hori aurrera eramateko eta aldatu beharreko ohiturak aldatuz joateko, bertako premiak aztertu eta lehenetsiz, gizarte eta ekonomia politikak erabakitzeko eskumenak ere gure esku izan behar ditugulako.

Izan dezagula adorea gaiak, giroak eta uneak eskatzen duenaren pareko, elkar hartuz, aurrera jo eta herri hau dantzan jartzeko!

Damurik ez da izango!

Elkarbizitza sendotu eta ziurtatuko luke! Gora Euskal Herria askatuta!

Search