Joseba Garmendia
EHU-ko irakaslea

Tour-aren inpaktua

Zehaztasun zientifikoari ez dio laguntzen, ekitaldia egin baino zortzi hilabete lehenago, «Tourrak 108 milioi
euro utziko ditu Bilbon» bezalako lerroburuak prentsan zabaltzeak

12,2 milioiko azken aurrekontua izan du ekitaldiak. Beraz, inbertitutako euro bakoitzak 8,5eko itzulera ekarri du. Datu horien arabera, ekitaldiak urtekotutako 904 enpleguren baliokidea den jarduera ekonomikoa sortu du, 58 milioi BPG baino gehiago sortzeaz gain, garatutako jardueraren ondorioz, eta diru-kutxa publikoetarako ia 19,5 milioi biltzeaz gain». Horrela hasten da aste honetan zabaldu den prentsa ohar instituzionala. Batzuentzat arrakastaren emaitzak. Besteentzat arrain eta ogien ugalketaren miraria.

Tour-aren hasierako lehen hiru etapak Euskal Herrian ospatu ziren. Uztailaren 1eko larunbatean Bilbotik abiatuta, Gasteiz, Amorebieta-Etxano, Donostia eta Baionatik igaro zen. Horrelako ekimen baten inpaktu ekonomikoa neurtzeak badu berezko zailtasuna. Erabili ohi den teknika Input Output tauletan oinarrituta dago. Taula horiek, EAEko kasuan, egitura produktiboa 85 jarduera adarretan banatzen dute (adibidez, nekazaritza, edarien industria, fundizioa, bidaia agentziak…) eta adar horien arteko salerosketak jasotzen dituzte. Lurralde bateko ekonomiaren argazki zehatzena dira. Taula horietaz baliatuz, inpaktu ekonomikoa kalkulatzeko teknika erabiliena Eskari Eredua da, zeinaren bitartez azken eskarian egondako aldaketa exogeno batek produkzioan, errentan eta enpleguan sor ditzakeen eraginak estimatu daitezkeen. Betiere hainbat zuhurtasun eta zorroztasun irizpide errespetatuz.

Komunitate zientifikoak praktika egokitzat jotzen du ikerketetan erabilitako datuak eta egindako kalkuluak ahalik eta zehaztapen handienarekin publiko egitea. Tour-aren inpaktuari dagokionez ez da hori egin oraingoz. 97 orrialdeko txostenean inpaktu ekonomiakoaren atalari sei orrialde baino ez zaio eskaini, eta datu zein kalkuluen inguruan informazio hutsune handiak daude. Dagoen informazio apurrarekin, hala ere, ondorio batzuk atera daitezke.

Atentzioa ematen du interpretazio hutsegite larri batek. Ekimenean 12,2 milioi euro gastatu omen dira eta 103,9 milioiko itzulera ekarri duela esaten da, hau da, euro bakoitzeko 8,5 euro. Zer esanahi du zehazki 103,9 milioi horrek? Ekimenaren finantzazio publikoagatik eta bisitariek egindako kontsumoagatik produkzio osoan sorturiko efektua omen da. Kontratutako dinamizazio zerbitzuek, saldutako kamisetek (betiere EAEn ekoitzi baldin badira, bestela inpaktua lurraldetik kanpora baitoa), jatetxeetan kontsumitutako edariek… gehiago produzitzea dakarte. Jatetxean ogi gehiago kontsumitzen bada, ogi gehiago ekoitzi behar da, eta ondorioz irin gehiago ere, eta ondorioz gari gehiago eta abar. Efektu horiek lurralde bateko ekonomian barreiatzen dira eta beste batzuk kanpora doaz; esate baterako, tabakoaren kontsumoak ez du efekturik sortzen, EAEn ez baita tabakorik ekoizten. 85 jarduera-adarretan sortutako produkzio gehikuntzak batzen ditu 103,9 milioi € horrek. Baina kasu horretan gariaren balioa, adibidez, hiru aldiz zenbatu da; nekazaritza, okintza eta ostalaritza adarretan, alegia. Honenbestez, kontabilitate bikoitza edo anizkoitza gertatzen da, produkzioaren aldagaia erabilita. Hori ekiditeko sortzen dira balio erantsi edo barne produktu gordinaren (BPG) kontzeptuak, benetan sortutako errenta edo aberastasuna neurtzeko. Hortaz, eta laburbilduz, gastatutako 12,2 milioiak BPGeko 58 milioiekin alderatu beharko lirateke, eta ondorioz esan beharko litzateke euro bakoitzeko 4,7 euro itzulera eskuratu dela, interpretazio zuzena egiteko.

Zenbait ikerketek (Matheson, 2006; Porter eta Fletcher, 2008) agerian utzi dituzte estimazio mota horietan izan ohi diren inpaktuen gaindimentsionamendu irrealak. Akatsak saihesteko bost zehaztasun-printzipio proposatu izan dira (Howard eta Crompton, 2005). Horietako bat tokiko egoiliarren gastuak ez konputatzea da. Zergatik? Demagun Urretxuko norbait Gasteizeko etapa irteerara hurbildu zela eta kafe bat kontsumitu zuela, edo praka batzuk erosi. Kontsumo ariketa horrek ez du inpaktu gehigarririk sortu, aztertutako lurraldearen barruan leku batetik bestera edo produktu batetik bestera barne kontsumoa mugiarazi baino ez baitzuen egin urretxuarrak. Printzipio hori, ordea, ez da errespetatzen azterketan: EAEko egoiliarrek ostalaritzan, garraioan, merkataritzan eta turismoko jardueretan egindako kontsumoak, 30,3 milioi eurokoak, barneratu baitituzte zeharkako inpaktuen artean. Akats larri hori zuzenduz, 44,4 milioi deskontatu beharko lirateke produkzioan, eta 22 milioi errentaren gaineko eraginean. Beraz, 103,9 milioitik 59,5era jaisten da produkzioan inpaktua, 58 milioitik 36ra errentan, eta 19,5 milioiko zerga bilketatik 12,4 milioikora. Hau da, euro bakoitzeko sortutako errenta-ratioa 2,9 izango litzateke, ez 8,5. Ontzat emanez gainerako guztia. Baina badaude arrazoiak pentsatzeko estimazioek apalagoak izan behar dutela.

Txostenean barne inkongruentziak daude. Esate baterako, erkidego kanpotik Tour-era 250.000 turista etorri zela estimatzen da, eta asteburu horretan Tour-ari egotzi dakiokeen ordainpeko eta ez ordainpeko establezimenduetan igarotako gauen kopurua 45.736 baino ez da. Non lo egin zuten 227.000 pertsonek? Eguneko joan-etorria egin zuten? Kalkulu errakuntzak edo gaizki justifikatuak ere antzeman daitezke. Adibidez, txostenak dio turistek hoteletan igaro zuten gau kopurua 19.437 izan zela, eta 16.785 gau ordainpeko beste establezimenduetan. Hoteletan gau-pertsonako prezioa 89€-koa estimatu da, eta 80€ bestelako establezimenduetan. Biderketak eginda orotara 3,1 milioitako gastua ateratzen da, eta txostenean 7,7 milioi azaltzen da. Desbideratze hori arrazoitzen duen informaziorik ez dago txostenean.

Akats horiek nahi gabekoak izan ote diren baloratu gabe, nabarmendu behar da zehaztasun zientifikoari ez diola laguntzen, ekitaldia egin baino zortzi hilabete lehenago, informazio falta handia zegoenean, «Tourrak 108 milioi euro utziko ditu Bilbon» bezalako lerroburuak prentsan zabaltzeak.

Search