Miren Bilbao Etxepare

Trena

Goizeko haize freskoak aurpegia laztandu didanean, autobuseko eguneroko zarata eta aurpegi ezagunak alde batera uztea pentsatu dut, bizipen eta sentsazio berriak bilatzeko nahiarekin. Horregatik, trena hartzea erabaki dut, honen erritmoan murgilduta bidaiatzeko asmoz, eta ingurua beste ikuspegi batetik ikusteko.

Geltokira heltzean, trenaren burrunba leuna entzun dut urrunetik. Barrura sartu naizenean, ingurua aztertuz ohartu naiz bidaiariak mundu txiki batean sartuta daudela; bakoitzak berea sortu du. Batzuk zutunik doaz, mobilari begira. Beste batzuk eserita daude, begirada leihoan galduta dutelarik, kanpoko paisaian beren pentsamenduak islatzen direla ematen duelarik.

Eskuineko eserlekuetan, bi lagun ari dira solasean, uda honetan egingo duten bidaiaren inguruan. Ahotsak ozenagoak dira batzuetan, ilusioak gora egiten duen seinale bezala. Hondartzak, mendiak, eta tarteka barre algarak entzuten dira; trenaren mugimendua ere azkartuz doa, haien ametsekin bat egingo balu bezala.

Ezkerreko eserlekuan, jaioberri bat negarrez hasi da, amaren besoetan dardarka. Amaren begietan nekearen arrastoak nabari dira, baina ahots leun batez kanta goxoak xuxurlatzen dizkio. Une batez, inguruko bidaiariek begiratu diote: batzuek samurtasun irribarre batekin; beste batzuek, aldiz, urduritasunez.

Nire pareko eserlekuetan aspaldian elkar ikusi ez duten bi lagunek ustekabean topo egin dute. Lehen begiradan lotsati dirudite, baina minutuak igaro ahala elkarrizketa bizitzen hasi  da. Denbora luzea igaro da azken aldiz hitz egin zutenetik, baina oroitzapenek zubi sendoak eraikitzen dituzte, elkarrekin partekatutako momentuak berpiztuz.

Euren aukeraren bila dabiltzan musikari batzuk igo dira trenera, gitarra, biolina eta bozgorailuak sendo besarkatuta, norabide egokia aurkitu nahian, benetako fama zer den bizitzeko ametsarekin. Eserlekuen artean pausoz pauso igaro dira, haien begiradek leku egokia bilatzen duten bitartean. Trenaren mugimenduak lagunduta, oinen taupadak eta gurpilen burrunba musika notekin nahasten dira, konpas berezi bezain geldiezina sortuz.

Mugikorren tonuek reggaeton erritmo biziak aireratzen dituzte; bitartean, beste bidaiariek vintage soinuetan murgiltzen dira: rock zaharraren indarra, jazzaren doinu leuna... Guztiak nahasten dira espazio berean trenaren barruan, espazio eta denboraren muga guztiak deseginez, melodiak eta erritmoak denek bat egiten duten oreka baten bila.

Eta, une batez, nire begirada liluratuta, finko, izoztuta gelditu da treneko lau eserlekuko espazio batean: jaioterri eta kolore desberdinetako lau pertsona, elkarrekin solasean eta barrezka dabiltza, trenaren martxaren erritmoan dantzan bezala. Zenbait hizkuntza eta kultura nahasten dira, baina oraindik elkarrekin ari dira, hitz bat baino gehiago isilean adierazten duten konplizitate batekin. Hasieran ezezagunak, orain, bidaia-lagun bihurtu dira.

Trenean zenbat eszenatoki ezberdin sortzen diren pentsatu dut. Antzoki erraldoi bat dirudi, non obra anitzak aldi berean antzezten diren: batzuk barrez, beste batzuk negarrez; batzuk solasean, beste batzuk isolatuta, baina guztiak mundu berean, denboran eta espazioan, nahiz eta ez beti norabide berean. Trena aurrera doa, eta ni ere haren parte naiz une batez. Bidaiari bakoitzak bere istorioa eta helmuga darama barruan, baina orain denok tren berean goaz, elkarrekin, une horretan gure bideak gurutzatzen diren bitartean.

Eta, agian, horixe da trenaren benetako magia: denbora labur batez, ezezagunak izanik ere, elkarrekin gure arnasa, isiltasuna eta ametsak partekatzen ditugu. Une batez guztiok bat egiten dugu, elkarrekin norabide bera hartuz, nahiz eta gero bakoitzak bereari jarraitzen dion.

Search