Josu Imanol Unanue Astoreka
EH Bilduko batzarkidea

Turruna eta gu

Arrantzaleen kofradiko turruna, soinu edo zarata bat baino gehiago da, portuko edozein gertaeren adierazlea baita; Itsaso handia dagoelako, itsasontziren bat arriskuan, sutea, jaia delako, arraina portura sartzen delako, saltzeko sasoia irekitzen delako, zarratu delako, herriko talderen bat irabazle suertatu delako, haserrea adierazteko…

Turruna eta gu, herritarrak, lotuta gaude eta garai bateko zentsua galtzen  joan da, portuen bizia galtzen joan den heinean. Egun, itsasontzi asko eta asko ondoratuta daude, zorte hobeagoa izan duten itsasontziak salduta, beste herri batzuetara edo gutxi batzuk museo bihurtuta, agian herritarrok gogoratzeko iragana eta ahaztuteko, behin zein lotura izan dugun itsasoarekin, zer izan garan gogoratzeko.

Turruna orain ez da gustukoa gure herrietan eta norbaitzuek erabaki dute bere aurka jotzea, lehen ia denaren lekukoa izan bada ere, egun itsas-txorien modura, olatuen zarata modura, edota portuko biziaren modura, nahiago dugu mutu egotea edo gorrak izatea… denak molestatzen gaitu.

Halere gure herrietan eta jai batzuetan, lagatzen zaio jotzen eta askok eta askok, halako zirrara sentitzen dugu, pentsatuz gure barruan kresal tanta bat edo beste  geratzen zaigula oraindino.

Zer gertatzen ari da gure portuetan? Horen adierazlea izan daiteke, hemen jorratzen ari garena. Aspaldiko bizi moduak, azkar aldatu dela, bai Europatik etorri diren neurriei esker, baina baita ere, ez dugulako sinestu gure baliabideetan, ogibidean, kulturan, herrian, itsasoan, gure itsasontzietan, turrunean…

Ohartu gabe, modernoak bihurtu gara, ez dakigu itsasoan sinesten eta horren adibide bat aspaldiko itsasontzien eta oraingoen arteko aldea. Gure herrietako aspaldiko egurrezko itsasontziei, brankan, begitxu bi jartzen zitzaien, fenizioen modura sinesten genuelako itsas-ontzi bizian eta beraiek ikusten zutela nondik ibili, itsasontzi koloretsuak eta alaiak ziren, bata besteari lotuta portuetan eta elkarregaz arrantzatzen itsasoan, noiz behinka batera eta erreskadan joaten ziren asagoko itsasoetara... jakinik, bakarrik, galtzeko arriskua zegoela, ez zuten euren artean berba egingo?

Egungo itsasontziak burdinezkoak dira eternitatea bilatzeko asmoarekin eginak dira, ez dute itsasoan ezer ikusten begien ordez, batzuei hegoak jarri dizkiotelako, bakarrik daude eta soilik bakoitzak daki zer egin, ez dira libreak erabakitzeko, adostu barik besteekin zer egin eta galtzen ari dira, jaiotako portuetatik urrun hilzen direlako.

Agian horregatik, turruna ere isildu da, ez duelako nori agurtu, ez duakalako zer esan gure portu-turistikoetan, kanpokoentzako egindako portuak, portu arrotzak eta aspaldiko argazkietan bilatu behar dugu, aspaldiko portu koloretsu haien izaera erromantikoa.

Gabonetan gaude eta hemendik besarkadak azken arrantzalei eta euren hizkera gozoari, berbak ez dezatela galdu. Gogoko aspaldiko portuak eta herrien izaera, gogoko baita horretaz idatzi duten guztiak eta idazten dutenak, besteak beste Begoña Bilbao «Kastañero».

Search