Txandalaren zama eta arriskuak
Uda ofizialki bukatu da, eta, berorrekin, ustez gorputza zaindu eta exhibitzeko premia. Ustez diot, dagoeneko errepide, kale eta bazter gehienen atzean arrisku asko ditugulako zain. Bai, Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko ahalegin sutsuan nora ezean ari diren hainbat eta hainbat korrikalari dira, bestelako oinezkoendako arrisku potentzialak direnak, eta, txori migratzaileak balira bezala, udazkenaren etorreraz ohartarazten digutenak.
Baina ez gaitezen oraindik udatik urrundu, luzaroan itxaron dugu-eta haren etorrera. Azken udaldian, familia tarteko, kirol profesionalaren modalitate bat hurbiletik bizitzea tokatu zait. Inoiz inongo talderik jarraitzeko grinarik izan ez dudanean. Inoiz inongo kolore, eresi ezta garaipen zein galbidek loa kendu ez didatenean. Bat-batean, baina, kirol talde baten barruan dauden kirolari borrokatuen zein inguruan dauden nahigabetutako senide eta lagunen zurrunbiloaren erdi-erdian aurkitu naiz. Gaizki identifika ez nazaten, txarrenean, kamiseta kolore neutro bat aukeratu beharrean. Berezitasun nagusitzat berezitasun eza duen garagardo itsaso baten erdi-erdian. Eta esperientzia oso berria izan da niretzat. Hainbeste, betidaniko ohitura bat ere aldatu behar izan dudala: egunkarietako kiroletako orriei ez erreparatzea. Elitekoa baina era apalean ordaindutakoa den kirola da hautatu dudana, edo hautatu nauena, eta bat-batean gertutik ezagutu ditut kirolarien ahalegin sutsuak, bizipenak, ametsak, frustrazioak eta garaipenak. Baita talde bakoitzaren jarraitzaileen amets eta proiekzioak ere, eta, nola ez, halako lehiaketetan egon ohi diren apustuak, mafiak, interesak, azpijokoak eta dopin mamuak.
Ai, zenbat gauza gordetzen dituen bere baitan kirolak, orain arte “galdu” ditudanak. Izan ere, berau nahiko alboratuta (izan) dut luzaroan. Gogoan dut GARA egunkarian lanean egin nuen urte eta erdian hainbat kilo irabazi nituela. Ez nintzen Kiroletako sailean aritu, jakina; eskerrak GARAn lan egin nuela eta ez “Deia”-n edo oraindik existitzen ez zen “Noticias de Gipuzkoa”-n. Horien “mitxelinak” medio, askoz kilo gehiago izan zitezkeelako… Horretan zeresana izango zuen lehenengo aldiz luzaroan bulegoan eta ordenagailu aurrean lan ordu gehienak egiteak, eta, batez ere, prentsa askean aritzearen “zama” zatia gainean eramateak.
Urte batzuk geroago, praktikan (edo hobe esanda praktika ezean) nire antzera kirolari bizkar egiten zion lagun batek zutabe interesgarria idatzi zuen gaurkotasuna duena. Ohartuta zegoen droga kontsumoan eta parrandatan lepo ibilitako makina bat gazte atsedenik gabeko kirol jardueratan dabiltzala orain, orkatilak eta bestelakoak zisko egin arte, kirolak eragiten duen bestelako adrenalinaren azken tanta ere irentsi nahian. Bere arreta deitzen zuen aukeratutako neurrigabekeria berriak, ustez osasuntsu izatetik gizakia ere gailendu ahal zuena. Bat nator berarekin. Hala ere, adinean aurrera eginez, gaiak makinatzeko trebezia aparta duen lagunak kirola egiteari ekin dio orain. Baina ez ordea –eskerrak!– idazteak sortzen dion grina berberaz.
Dena den, gizakiok kontraesanen zama jantzita daramagunez, orain gutxi ohartu naiz gaztetxotan kirola egiteak duen garrantziaz, bai behintzat diziplina pixka bat edo jarraikortasuna eskatzen baldin badu. Hala, halakorik praktikatzeak zaildu dezake gaur egungo gaztetxoek dituzten tentazio ugari eta lehen baino eskuragarriagoetan zaplast jaustea. Eta hori idatzi bezain pronto, konturatu naiz gazte kirolariak direla askotan parranda eta antzekotan neurrigabekeria handienarekin aritzen direnak. Enfin!
Bada, onurak edo kalteak gurasoek argitu diezazkigutela! Ez, gaurkoan ez naiz arituko seme-alabak kirol arautuetan lehiatzen dituzten guraso horiez, borondate onenarekin igande goizetan epaile gisa aritzen diren gazteak iraintzen dituzten horiez... Horietako askok jada asteko ezinegonak etorkinen kontrako esamesak zabalduz eta atez atekoaren aurkako gurutzadan arintzen dituzte, beste batzuek araututako kiroletan itsumutugor, alajaina.