Gorka Elejabarrieta
GAUR8

Txanpon beraren bi aurpegiak

Gatazka politikoen konponbidean aditu diren ikertzaile eta ekintzaile gehienek publikaturiko ikerketen eta esperientzien arabera, konponbide prozesuetan emakumeek zuzenean parte hartzeak konponbidea bera erraztu eta arindu egiten du.

Hala ere, oraindik ere emakumeen parte hartzea txikia izan ohi da, eta, gainera, maiz garrantzirik gabeko postuetan baino ez da gauzatzen. Era berean, adituen arabera, munduko gatazka politiko gehienek konpondu beharreko genero “arazoak” ere badituzte tartean. Aldiz, gutxitan izaten da generoa eztabaida eta negoziazioetako gaietako bat.

Gatazka askoren arrazoi nagusietako bat eskubide kolektibo eta indibidualen urraketan dago, herri edo talde jakin batekiko baztertze politikan, eta hor emakumeekiko bazterketa ere errealitate bat da kasu guztietan. Gatazkek sortzen dituzten ondorio eta eskubide urraketek ere emakumeekiko jazarpen berezitua izan badute, bortxaketak, sexu jazarpena, tratu txarrak, eta abar. Ondorioz, edozein konponbidek edota gatazkaren inguruan eraikitzen den edozein errelatok genero ikuspegia kontuan izan behar du ezinbestean. Gatazka politiko eta armatu asko “gizonek” zuzenduriko nazio askapen mugimenduen eta gobernuen artean ematen dira, eta, ondorioz, konponbide prozesu horietan konponbidea ere gizonen esku geratu ohi da. Adituen arabera, kuota politiketatik harago, emakumeen parte hartzea bultzatu eta indartu egin behar da, konponbidearen arrakastarako klabeetako bat hori baita esperientziak irakatsi dienez. Adibide ez perfektu gisa Kurdistan aipatu nahi nuke, non emakumeen garrantzia eta presentzia oso handia den Nazio Askapen Mugimenduaren adar guztietan. Alderdi politikoan, erakunde armatuan eta baita gizarte zibileko talde eta mugimendu ezberdinetan ere. Sudan Askatzeko Herri Mugimenduko (Sudan People’s Liberation Movement, SPLM) negoziazioetarako ordezkari Anne Ittok adierazi bezala, «emakumeak ez dira sekula gonbidatu soilak izan negoziazio mahaian. Borrokalari, borroka indarren babesle eta bakegile gisa jokaturiko rolak eskubidea ematen die negoziazio mahian eseri eta adostutakoaren inplementazioan rol aktibo bat izateko».

Duela gutxi Finlandiako Genero Parekotasunerako arartekoa den Pirko Makkinenek herrialdeko emakumeen egoeraz emandako hitzaldi batean egoteko aukera izan nuen. Finlandiako egoeraz oso irakurketa kritikoa egin zuen, dauden gabezi nagusiak azpimarratu zituen, baita parekotasunerantz eman dituzten pausu garrantzitsuak azaldu ere. Nire ustez, Euskal Herriko gizartearekin konparatuz, haien egoera parekotasunetik askoz ere gertuago dago, perfektua izan gabe ere. Bere hitzetan, eta, politika instituzionalari dagokionean, Finlandia XX. mendearen hasieratik gaur arte emakume diputatu gehien duen herrien artean kokatua dago etengabe, urte gehienetan zerrenda horren buruan egon delarik. Bere ustez, datu hori aztertzerako orduan bada beste herriekiko kontuan hartzeko ezberdintasun garrantzitsu bat: Finlandian parlamentu nazionalerako hauteskundeetan ez dira sekula alderdi zerrendak bozkatu, pertsonak bozkatu eta aukeratzen dira. Horrek esan nahi du ez direla inoiz kuota politikak eta legeak aplikatu diputatuak aukeratzerako orduan. Eta, hala ere, beste herri gehietan baino emakume gehiago egon dira eta daude parlamentuan. Administrazioan, aldiz, kuota politika erabiltzen dute, bi norabideetan; sektore batzuetan gizonen parte hartzea bultzatuz eta besteetan emakumeena lehenetsiz, sektore bakoitzean dagoen genero inplantazioa kontuan harturik eta sektore guztietan parekotasuna bilatuz. Datozen urteetarako helburu nagusietako bat, administrazioan emaitza onak ematen ari den politika berdintsua enpresa pribatuetan ere ezartzea da.

Demokrazia maila eta parekotasuna txanpon beraren bi aurpegiak dira. Parekotasunetik gertuen dauden gizarteak Iparraldeko Europan daude, hau da, Suedian, Finlandian, Islandian, Norvegian, eta abar. Ez da kasualitatea: herriotan urteetan, belaunaldiz belaunaldi garatu den kultura eta praktika demokratikoan dago errealitate horren oinarria, eta, ondorioz, nire ustez, herri horietara maizago begiratu beharko genuke

Search