Ricardo Cruz-Lopez
Itzultzailea

«Txiki»-ren eta Jose Manuel Bujandaren omenez

Zoritxarrez, beste batzuetan ere adierazi dudanez, bakearen gaiari ez diogula behar duen zentraltasunik ematen iruditzen zait

Jon Paredes «Txiki» borrokalariaren omenezko artikulu hunkigarria eskaini digu irailaren 24ko BERRIAn Jose Manuel Bujandak. Bere lagun eta kidearekiko maitasuna era ezin ederragoan azaltzen du eta, beraz, gutxi da nik esan dezakedana, hain eder eta sakontasun handikoak baitira esaten dituenak. Dena den, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, gaia haren dimentsio osoan ulertzeko lagungarri izango ditugulakoan.

Lehenik eta behin, «Txiki»-ri maitasun handia adieraztearekin batera, hiltzea ez zela inoiz zuzena izan, ezta orduan ere, esaten dio: «beharbada, Txiki, hasiera-hasieratik oker geunden. Bai, oker geunden». Hausnarketa sakon-sakona, guztioi zer pentsatu ematen diguna eta hain erraza ez dena, oso zaila baita, gaurko ikuspegiaren arabera, frankismoaren kontrako borrokan armak hartzea gaizki egon zela esatea. Erabateko errespetua diot Bujandaren planteamenduari; areago, guztiz bat nator harekin gaurko egoeran eta aspaldi jarri nintzen ETAren bortizkeria armatuaren kontra, une batetik aurrera batez ere. Data zehatz bat finkatzea zaila zait, baina uste dut euskaldun guztiok ondo dakigula noiztik aurrera galdu zuen zentzua ETAren borroka armatuak eta, ondorioz, izugarrikeria bihurtu zen. Hilketa krudel batzuk oroitu besterik ez dugu egin behar: Yoyes, Miguel Angel Blanco, Jose Mari Korta, Iñaxio Uria... esan nahi dudana ulertzeko. Diktaduraren kontrako borrokan, ordea, nik neuk ez ditut gauzak hain garbi, agian inork ere ez ditu. Badira humanista handiak, Setien gotzaina datorkit burura, etika unibertsal bat defenditu dutenak eta, etika horren izenean, ezin zaiola gizaki bati inoiz ere bizitza kendu defenditzen dutenak, gauza guztien gainetik dagoen balorea baita giza bizitza. Euskal Herrian izan ditugu, baita frankismoaren kontra borroka egiten zutenen artean ere, eta ditugu pentsamendu horren alde dauden pertsona miresgarriak: kontzientzia eragozleak eta intsumisoak, Elkarri-n ibilitakoak,- miresten ditudan Jonan Fernandez eta Aintzane Ezenarro bakezale handiak besteak beste,- lehenago aipatzen nuen Jose Maria Setien, hainbat apaiz eta erlijioso... Nik neuk ezagutu nuen Gasteizen emakume bat, guztiz abertzalea, frankismoaren kontrako borrokan parte hartu zuena baina Carrero Blanco hiltzea ere ondo iruditu ez zitzaiona, haren ustez ezin baitzaio pertsona bati inoiz ere bizitza kendu. Pertsona horiek guztiak miresten ditut, bakea lortzeko bidean eredu ezin ederragoa ematen digutela pentsatzen dut baina, hiltzea beti gaizki egon al zen? Ezin diot, zinez, galdera horri gaur egun erantzunik eman. Nola uztartu gaur defenditzen dudan bakearen aldeko eta armen kontrako planteamendua eta askatasunaren aldeko borrokan erori ziren Argala, Txikia, Pertur, Txomin Iturbe... borrokalariei diedan miresmena? Berriz diot: ez dut erantzunik, Bujandaren planteamendua guztiz eder eta maitagarria iruditzen zaidan arren.

Bigarrenik, gure herrian bakea eta adiskidetzea lortzeko erronkaz hitz egiten digu Bujandak eta guztiz ados nago harekin. Zoritxarrez, beste batzuetan ere adierazi dudanez, bakearen gaiari ez diogula behar duen zentraltasunik ematen iruditzen zait eta, alde horretatik, euskaldunok oker gaudela uste dut, lorpen politiko batzuk eskuratzeak ez baitigu bakea automatikoki ekarriko, irekita baitaude, oso irekita, oraindik gure herriaren zauriak.

Bukatzeko, eskerrik asko Jon Paredes Txikiri eta Jose Manuel Bujandari, zuen bizitza eskaini baitzenioten Euskal Herriari, guztiok libre izateko.

Search