Idazlea
Txillardegiren oroimena eta alderdien interesak

Datorren urtarrilaren 14an euskal kulturarako funtsezkoa izan den Txillardegiren heriotzaren V. urteurrena beteko da eta, aurreko urteetan bezala, honako galdera plazaratu nahi dut: Zergatik ez zaio publikoki aitortzen Txillardegiri beste hainbesteri eman zaion esker ona?

14/01/2017

Donostian, esaterako, euskalgintzan ezagunak izan diren Karlos Santamaria, Ignacio Barriola, Imanol Lartzabal edo Elbira Zipitria izenak honezkero paisaian txertatuak egon arren, Txillardegiren izena ez da inon ageri. Baina beste norbaitekin erkatzekotan, kasu paradigmatikoa da Koldo Mitxelenarekin alderatzea.

Izan ere, Mitxelena goretsia izan da oso eta bere izena daramaten dozenaka eraikin, ikastetxe edota sariketa badaude ere, ez dugu ezagutzen Txillardegiren izenik daukanik, duela gutxi Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak izendatu berri duen aretoa izan ezik. Bistan da biek ez dutela izan gizarte edo Akademiaren onarpen berdina. Halere, literaturaren esparruan bederen, argi dago Txillardegi Mitxelena baino idazle eragingarriagoa izan dela. Halaber, gogamen filosofikoaz, ezaguna da Txillardegiren hasierako jite existentzialista, gero estrukturalismotik generatibismora pasa zena. Mitxelena, aldiz, estrukturalismoan geratu zela esan daiteke.

Politikari dagokionez, bion abertzaletasuna begi bistakoa izan arren, haien arteko ezberdintasunak ere nabari izan ziren, 1977tik aurrera batik bat: Hor al dago goian zabaldutako galderaren erantzuna?

Hala glotopolitikan nola soziolinguistikan, benetako etena aurkituko dugu bion artean.
Mitxelenak, halere, argi eta garbi miretsi zuen publikoki Txillardegiren ekarpen literarioa; honatx, «liburu berria benetan gure elertian, oraintasunez betea, idazle azkar baten arnaz beroaz oretua ta pizkortua» (Leturiaren egunkari ezkutua, ‘Sarrera hitz batzuk’, L. Michelena, 1957), baina ez zen berdina gertatu politika arloan. Izan ere, Txillardegik EKIN taldea sortzea erabaki zuenetik EAJrekin apurtzea deliberatu zuen modu berean; Mitxelena, ordea, progresista izan arren, jeltzalea izan zen EAra joan arte (1986).

Beraz, aranismoren hautu etnikotik urrun, euskara jarri zuten EKINekoek ardatz.
Mitxelena filologoak gramatika arauemailea nahi zuen: euskara batuaren aldeko Euskaltzaindia. Txillardegi soziolinguistak, ordea, glotopolitika argitzearen alde lan egin zuen eta Normaltzaindia nahiago zuen.

Halere, 1977an, Txillardegi erbestetik etorri zenean, abertzaleen arteko lotura eta elkarlana erraztu nahian ibili zen. Trantsizioa delakoaren hasiera zen eta ez du ematen, horretan behintzat, Mitxelenaren laguntza izan zuenik eta urteetako adiskidantza nahiz elkarren arteko miresmena bertan behera zapuztuta geratu ziren… betiko?

Mitxelenak euskaldun autodidakta izatetik euskarazko aditu unibertsitario izatera egindako bidean lehenetsi zuen peskiza akademikoa eta euskararen onarpen nahiz gorespen instituzionala.

Txillardegik euskara erabilia izan zuen kezkabide. Aldiz, Mitxelenak, nolabait esanda, erabili aurretik hizkuntza prestatu eta egokitu behar zela uste zuen.

Txillardegik ez zuen hori ametitu nahi. Alderantziz, menpekotasuna salatuz, uste hori euskaldunoi sinetsarazi digutenaren ondorioa dela zioen eta, bere aburuz, uste ustel hori barneratu izan badugu ere konplexu horretatik irteteko premia dago. Egin beharra dagoena euskararen ahultasunak eta indarguneak ongi ezagutzea da (soziolinguistika aldarri) eta, haien arabera, berak zioskunez: «Euskara gaitu, batu eta osatu».

Txillardegik hizkuntza literarioaren normalkuntzan ezinbesteko lana egin zuela frogatua dago oso (ikus Joanmari Torrealdai, Jakin 204. ‘Batasunaren bidea urratzen. Txillardegiren eragintza praktikoa’ 2014) baina, egun, ez dauka Koldo Mitxelenaren izenari lotuta bezala, liburutegi, kulturune, ikastetxe, plaza eta kale edo saririk.

Dena den, Wikipediara joz gero, Txillardegi hizkuntza askotan agertzen da (nik kontsultatutako hamasei hizkuntzetan) eta Mitxelenari buruzko sarrerak, berriz, askoz gutxiago dira (euskaraz eta gaztelaniaz ditugu garrantzizkoenak). Bistan da biak egon zirela preso behin baino gehiagotan, Mitxelenari heriotza zigorra ezarri zioten gainera, baina Txillardegi tirokatua izan zen Josu Muguruza hil zuten atentatuan Espainiako Legebiltzarrean senataria zela, eta ez dute inoiz biktimatzat hartu.

Honenbestez, Mitxelena onartua bezain aitortua den bitartean, Txillardegi aldarrikatzeko dugu oraindik.

Ezin dugu hemen fikzio handirik egin baina, 1986tik aurrera, Mitxelenak EAJ utzi eta EAn sartu zenez, egun, Carlos Garaikoetxearekin batera, EH Bildun Txillardegirekin bat eginik egon zitekeela pentsa daiteke gauzak gehiegi bortxatu gabe.

Dena dela, ez dut uste, horregatik, Mitxelenari emandako aitortza ukatuko diotenik.