Unionista izatea zein nekeza den
Duela gutxi jakin dugu Kanadako gobernu federala Quebecen erabakitzeko eskubidea murrizten saiatu dela. Herrialdeko 99. Legea da Quebeci banatzeko eskubidea aitortzen diona eta lege horren kontra aspaldi irekia dagoen prozedura judizialari babesa eman berri dio Kanadako fiskal federalak.
Susmoa daukat ekimen honek bilatzen zuen helburuaren kontrakoa lortu duela; Quebeceko alderdi guztiak, abertzale eta ez abertzaleak, Quebecen erabakitzeko eskubidearen alde agertu dira, eta gobernu federalaren ekimena gogor kritikatu dute. Gizarteak guztiz onartuta zuen eta eztabaida sortzen ez zuen gaia pil-pilean jartzea lortu du Kanadak; gainera, bere interesen kontrako noranzkoan.
Estaturik gabeko herrietan “gero eta demokrazia gutxiago gero eta independentista gehiago” ekuazioa eman ohi da. Gure kasuan, estatuen ankerkeria, gure herriaren eta Frantzia eta Espainiaren arteko aldea areagotzen ari da. Jendartearen gehiengoaren iritzia oso ezberdina da han edo hemen. Berebiziko garrantzia duten gaien inguruan gainera: giza eskubideen errespetua, gatazkaren konponbidea eta beste mila gai aipa nitzake. Batzen ez gaituenak bereizi egiten gaitu, eta, azken iritzi ikerketen arabera, badirudi gure herrian inoiz baino independentista gehiago daudela.
Katalunian ere argi ikusten da hori. Azken urteotan espezie berri bat gehitu zaio independentismoari: abertzale ez diren independentistak gero eta gehiago dira. Abertzale ez badira, zergatik daude independentziaren alde? Nire ustez, Estatu espainiarretik gero eta ezberdinago, gero eta bereiziago ikusten dutelako euren burua, batzen dituena gero eta gutxiago baita. Eta metropoliaren jarrera eta praktika erasokorra, mehatxua sentitzen dute; eta, horrek, Espainiara hurbildu beharrean, Espainiatik urruntzen ditu. Eta arrazoi praktikoa bera ere hor dago, gero eta pisu gehiago duena. Modu objektibo batean, sentimenduak alde batera utzirik, gero eta gehiago dira independentzia lortuz gero euren herria modu eraginkorrago batean antolatuko dutela uste dutenak.
Quebecen antolatu diren erreferendumetan ezetzak irabazi du beti, edo, beste modu batean esanda, Kanadarekin batasuna mantentzeko aukera atera da garaile. Eskozian egin diren ikerketek diotenaren arabera, bertan ere gehiengoa batasuna mantentzearen alde dago. Hala ere, urtebete falta da oraindik, eta, gauzak, iritziak barne, asko alda daitezke. Ospakizun ugari eta garrantzitsuak antolatuko dira 2014an Eskozian. Hain zuzen ere, horregatik uste dut aukeratu zuela SNP alderdiak 2014. urtea erreferenduma antolatzeko. Besteak beste, 2014an Bannockburngo batailaren 700. urteurrena beteko da, Ryder Cup txapelketa eta Commonwealtheko Jokoak Eskozian ospatuko dira, eta horrek guztiak eskoziar abertzaletasuna indartuko duela dudarik ez daukat. Era berean, Ingalaterrak botatzen dituen zenbait lelo eta mehatxu ez dira begi onez ikusten Eskozian. Eskoziarren begietara ezberdina da eskoziar batek esatea Erresuma Batutik kanpo Eskozia txiroagoa litzatekeela edo Londresetik mezu berdina entzutea. Sortzen duen eragina oso ezberdina da, eta dudarik ez izan Londresen jarrerak eskoziar harrotasuna indartzen duela.
Horregatik onartu du Erresuma Batuak Eskoziaren erabakitzeko eskubidea eta horregatik onartu du erreferenduma 2014an ospatzea. Horren kontrako jarrera hartzeak independentisten kopurua handituko lukeelako. Paradoxikoa dirudien arren, David Cameronek 2014an erreferenduma egitea onartu baldin badu, bere ustez Eskozia Erresuma Batuaren barnean mantentzeko modu eraginkorrena hori delako egin du. Beste jarrera posibleek eragingo luketen agertokia Erresuma Batuaren interesen kontrakoa delako. Eta iruditzen zait Kanadako gobernu federalak hori ahaztu duela, baita eragin duen krisiak aurpegian eztanda egingo diola ere. Azken egunotan baten batek honakoa esan dit: «Kontuz, Kanadako atzerapausoek, espainolen jarrerak eta Londresen mehatxuek estaturik gabeko herrien aurrerapausoak atzera bota ditzakete, momentu arriskutsuan gaude». Eta nik, zinez, justu kontrakoa pentsatzen dut.