Jonjo Agirre Martinez

UPN-k badu hizkuntza politika

Hizkuntza politika irmoa eta eraginkorra darabil UPN-k, PP eta PSOEren laguntzaz, Nafarroan. Diseinu soil baina zorrotzekoa da, zutabe sendotan oinarritutakoa eta iraunkorra, arrakasta erdietsi nahi duen politika batek behar duen bezala:

Nafarroaren erabateko zatiketa (ustezko) hizkuntza eskubideei dagokienez.

Euskararen zantzu oro Nafarroako paisaiatik ezabatzea.

Haurrak euskaraz eskolatzea zail eta garesti bilakatzea, era berean ingelesezko hezkuntza eskainiz nonahi ‘elebitasun modernorako’ aukera gisa.

Euskara, ‘baskoek’ kanpotik ekarri eta txertatu nahi duten hizkuntza gisa agerraraztea.

Euskara zerbitzu publikoetan erabiltzeko aukera, gurutzebide bihurtzea.

Euskara liskarrari eta abertzaletasunari itsatsita aurkeztea beti.

Euskarazko hedabideak itotzea…

Horiek guztiak, gutxiespen eta probokazio errosario baten saltsaz ondo bustiak eta lotuak. Horietako azkena, Foruzaingoaren zenbait autori ‘Foruzaingoa’ errotulazioa kentzea izan da, Euskararen Lege murritz eta kamutsari berari, izkin eta irri eginez beste behin ere.

Zalantzarik gabe, UPN-PP-PSOE koalizioa ankerra eta atzerakoia da hizkuntza kontutan.

Baina zerk egiten digu kalte handiagoa? Alderdi ‘konstituzionalisten’ jokabide gaiztoak, ala Nafarroako alderdi abertzaleen erantzun motzak edo ezdeusak? Zerk egiten digu kalte handiagoa gure herrian adibidez? Polizia-autoak erdara hutsez errotulatuta ikusteak, ala polikiroldegian dabiltzan ehunka erabiltzaileen belarriak erdarazko musikaz elikatzea etengabe?

UPNren errua ote da, ehunka haur eta gaztetxok erabiltzen duten udal liburutegiko euskarazko eskaintza barregarria bezain zaharkitua izatea? Eta udal kultur eskaintza ia osorik erdarazkoa izatea? Barcinaren errua ote da hori ere? Gure herriko jatorrizko toki izenak, euskaldunak, galduz eta erdarazkoekin ordezkatuz joatea, noren errua da, Del Burgorena? Udal zerbitzu zenbait euskaraz jaso ahal izateko erreguka ibili beharra noren errua da?

Jarrai dezakegu hatzamarraz UPN & co seinalatzen, atzo Diario de Noticias egunkari erdaldunak egiten zuen bezala, eta Nafarroan bizi dugun jazarpenaz aieneka eta penetan, baina bizi dugun egoeraren ardura puska on bat alderdi abertzaleona da, udalerri askotan ez baitute haiek agintzen, abertzaleek baizik. Alderdi abertzaleoi euskarari eta euskaldunoi benetako arreta jartzeko gogoa ematen dien egunean, asko aldatuko da Nafarroako euskaldunon egoera eta euskarak daraman galbidea.

Aski dugu alderdion ordezkarien negar-malko eta aienez. Aski biktimismo bozkazale antzuaz. Heldu zuen ardurari behingoz.Kultur programazioak, polikiroldegiak, liburutegiak, herriotako leku izenak, eta kaleak eurak, zain dauzkazue. UPNk-eta badute hizkuntza politika. Non dago zuena?

Search