Cecilio Rodrigo

Uxue Alberdiren "Hetero" liburuaz

Han izan ginen dozena bat lagun, Jabi eta biok tartean, hilak 19an, Bira tabernan «Bionbo osteko literatur solasaldiak» izeneko ekitaldian. Mikel Antzak gidatu zuen, mintzagaia: Uxue Alberdiren liburua: "Hetero". Hainbat galdera, proposamen eta iruzkin mahairatu ziren solasaldian, esate baterako: liburuko zortzi istorio amaierarik gabekoak izanik, alegia, amaiera irekikoak, bertan hizketan geunden guztiok geure gustuko amaiera egiteko aukera zabala genuela esan zigun partaide batek; hau da, idazleak ez diola inori lapurtzen azken hitza edo epaia esatekoa, areago oraindik, gonbidatu ere gonbidatu egiten gaituela geure iritzia ematera eta, zorionez, horixe bera zen guk geuk bertan egiten ari ginena.

Esate baterako, alargunen gaiaz ari ginela eztabaida piztu zen gure artean, dilema hauxe: ea orain bi alargun mota dauden, hots, senarra hilik hilerrian edo errauzturik daukatenak eta senarra etxean bizirik, sofaraturik, daukatenak.

Euskararen beraren adierazkortasun ahuldadeaz ere atera zen gaia: frantsesa, ingelesa edo gaztelaniara jo behar al da emoziozko edo sentimentuzko uneak deskribatzeko?

Eta esan egin genuen, adibide batzuk jarrita, Uxueren liburuan edotariko adibideak aurki daitezkeela, euskara hutsez ahaztezinezko esaldi eder asko dagoela eta, baita, eta aldiberean, hitz batzuk frantsesezko eta gaztelaniazkoak direnak ere.

Maitasunaz, amodioaz, maiteminaz eta sexualitateaz ere hitz egin genuen, batetik, gaur egungo gizartean daukagunaz, eta, bestetik, Kuban bertan bizi ziren iheslari euskaldunek zuten emakumearen gaineko botere nazkagarriaz; eta, , bide batez esanda, gaur egun Kubara bertaratzen direnen «turismo sexualaz» ere.

Bosgarren istorioak "Literatura lezioak" dauka izenburu. Irakurleak ikasle bihurturik, adi-adi leituko ditu leziook.

Lezio batean, etxe-garbitzaile baten titiez eta beraren lanaren ordainketaz mintzatu ginen: beltzean ala legalki ordaindu behar al zaie?

Titiei dagokienez, liburutik lerro pare bat kopiatuko dut: «Gema eta Noraren titiak bi mundo dira. Gemarenak zintzilik ikusten ditugu lurra garbitzen ari dela, handiak dira. Behi bat da, ugaztun bat. Noraren titiak... txorikumeak dira, eskuetako habian hartzeko irrika pizten dute».

Honaino zita.

Biran izan genuen ordu t’erdiko ekitaldi laburra, laburregia izan zenez, gutariko batek Uxueren liburuaz sinposium bat egitea proposatu zigun.

Jabik eta biok, goian esan bezala, gaueko hamarrak aldera atera ginen kalera eta etxerako bidean ere hizketan jarraitu genuen.

Jabik esan zidan «Irene Monteroren eragina nabarmena da Uxueren liburuan» baina ez dut astirik izan hau guztia kontatzeko. Lastima Irenek euskaraz ez jakitea!

«Kontadazu niri orain!»

«Itxoin pixkat, itxoin pixkat!»

Eta etxerako bidean gindoazela farola baten argiaren azpian, Jabik liburua atera eta pasarte hau irakurri zidan:

» (...) Autora sartu aurretik mutilak txiza egingo du sasitzara. Neskak eutsi egingo dio larriari, lotsatzeko ere. Zangalatrau hartuko du mutilak laster, ipur masailak estutuko dizkio: » Esan», eskatuko dio. Ezin neskak hitzik atera, ordea. » Esate ez baiazu, ez dizut ingo». Neskak muxu txikiak emango dizkio hitz egin beharrik ez izateko. (...)».

Ez adiorik!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search